Amnesty Internationalek deia egin die Espainiako agintariei ahalik eta arinen argitu dezaten zergatik eta zertan oinarrituta itxi duten Egunkaria eta atxilotu dituzten zenbait lagun.
Joan den otsailaren 20an, Entzutegi Nazionaleko epaile batek agindua eman zuen kautelaz ixteko Euskaldunen Egunkaria, mundu osoan euskara hutsean idatzitako egunkari bakarra, eta egunkari horrekin zerikusia zuten 10 lagun atxilotzeko. Horien artean apaiz jesuita bat dago, Txema Auzmendi, eta zuzendaritzako kide bat, Pello Zubiria (zenbait informazioren arabera, Pello Zubiria bere buruaz beste egiten ahalegindu zen). Atxilotu guztiak Madrilgo Entzutegi Nazionalera eramaten zituzten eta inkomunikatuta egon ziren Lege Antiterrorista ezarri ondoren.
Epaileak Egunkaria ixteko eta atxiloketak egiteko eman zuen arrazoia izan zen Egunkaria kaleratzen duen enpresa ETA banda armatuak sortu, finantzatu eta zuzentzen duela. Akusazioaren arabera, 1990an sortutako egunkari hori euskaraz idatzitako egitura informatiboaren bultzatzaile eta ideologia “terroristaren” hedatzaile izan da. Gaur egun, oraindik ere, ez da argitu erabaki horren oinarria.
Eusko Jaurlaritzak urte askoan eman dio dirulaguntza Egunkariari, eta itxierarako eta atxiloketak egiteko oinarriak berehala argitzea eskatu du. Bestalde, aparteko adierazpenetan, Jesusen Konpainiakoek kezka adierazi zuten aita Auzmendiren atxiloketa dela-eta, eta esan zuten “oso ezaguna dela Auzmendik biolentziaren kontra daukan jarrera, eta baztertu eta ahulenen alde egindako lana”. Egunkariaren kautelazko itxieraren aurretik, 1998an Audientzia Nazionaleko epaile batek Egin egunkaria itxi zuen, bi ekintza horiek loturarik ez badute ere. Egin egunkariari ETAren mezu zifratuak argitaratzea eta “terrorismoaren” tresna izatea leporatu zioten. Ixteko agindua urtebete geroago altxatu zuten, baina ez da epaiketarik egin oraindik.
Amnesty Internationalek duela 10 egun berriro ere adierazi zuen ETAk giza eskubideak urratzen dituela, eta gaitzetsi egin zituen taldearen ekintzak; era berean, esan zuen botere judizialak beharrezko neurri guztiak hartzeko ardura duela pertsonen bizia eta segurtasuna babesteko.
“Edozelan ere, egunkari bat ixtea eta egunkari horrekin zerikusia duten lagunak atxilotzea, adierazpen askatasun eskubidearen kontrako ekintza larria da eta ondorio kaltegarriak ditu. Beraz, ezinbestekoa da ikerketa judiziala ahalik eta arinen eta zehatzen egitea.