“Sententzia oso garrantzitsua da”, diote auzipetuek eta abokatuek

2010, apirilak 13

Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak, Txema Auzmendik, Martxelo Otamendik eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko auzipetuek azpimarratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo emandako absoluzio epaia “oso garrantzitsua” dela, eta oso pozik agertu dira. “Gaurko agerraldira gure abokatuak ez dira etorri, epaia sakonago aztertu nahi dutelako eta hurrena emango dituzte azalpenak, baina esan digute aipatzeko sententzia oso garrantzitsua dela”, adierazi du Oleagak auzipetuen izenean, Torrealdaik adierazpena irakurri ondotik.

Oleagaren arabera, abokatuek sententziako bi puntu nabarmentzen dituzte: “Batetik, epaiak dio legeak nahikoa indar ez duela egunkariak ixteko, ezin dela hedabide bat itxi. Izan ere, printzipio nagusi bat hausten da itxiz gero: adierazpen askatasunaren printzipioa. Bestetik, torturari buruzko hausnarketan sententziak esaten du atxilotuen inkomunikazio garaian epaileen aldetik ez zela nahikoa kontrol izan”.

Oraindik ez dute erabaki kalte-ordainak eskatu edo ez. Abokatuak epaia zehatz-mehatz aztertu beharko du aurrenik, auzipetuek jakinarazi dutenez, “baina gaiaren azterketa lehentasunen artean daukate”.

“Garaipena izan da”

Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute bostek agerraldia, 11:30etik aurrera. Hedabide ugari bildu da, baita Egunkaria-ko langile ohi eta auzipetuen lagun asko ere. Torrealdaik irakurri du adierazpena (hemen); euskaraz lehenik, gazteleraz gero. “Pozik gaude. Pozik daude gure etxeetan, gure familiak. Zama handia geneukan gainean eta arindu egin da. Epaiketa joan den moduan, espero zitekeen emaitza hau”. Garaipentzat jo dute sententzia. “Esan dezagun: garaipena da, kontuan hartuta auzi honen jatorriko bultzada politikoan daudenek indar handia daukatela eta ez direla eurenarekin atera, kasu honetan. Aurreko guztia justifikatzeko eta etorkizunera begira euskalgintza soziala kriminalizatzeko jurisprudentziari bide egingo zion epai zigortzailea behar zuten, eta ez dute lortu. Egunkaria birrindu nahi zuten eta lortu zuten, bai, baina lehenengoaren errautsetatik Berria sortu zen. Hura bai sekulako garaipena”.

Hala ere, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen helegitearen aukera hor dela ohartarazi du Torrealdaik, eta zuhurtzia eduki behar dela. “Kaltea eginda dago, atzerabiderik gabe. Gehienez ere injustiziaren gurpila gelditu egin da, behin-behinean”.

Eskerrak eman dizkiote euskal gizarteari, Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi zuenetik emandako babesagatik. “Euskal gizarte zabalaren jarrera beroak urtu du, birrindu egin du, kasu honen jatorrian zegoen bultzada politikoa. Euskal jendarte zabalak gainezka egin dio bultzatzaile politikoen eragin maltzurrari. Eredugarria. Benetan, eredugarria”. Kataluniako eta Madrilgo elkartasuna ere azpimarratu dute.

‘Udalbiltza auzia’, ’18/98′ eta ‘Egin’ gogoan

Auzipetuek garbi dute Egunkaria-ren aurkako auzia politikoa izan dela, baina ez dela bakarra. Gogoan izan dituzte, hala, Udalbiltza auzia -aurki hasiko da epaiketa-, 18/98-koa eta auzi honetako Egin egunkaria -hainbat lagun daude zigortuta eta espetxean-. “Gogoko genuke, antzerako akusazio oinarria daukaten beste kasuetan ere eragin baikorra izango balu epai honek. Bihoakie gure agur zintzoa eta gure elkartasunaren besarkada beroa”.

BerriaTBk auzipetuen agerraldia zuzenean eman du. Horretaz gain, auziaren ibilbidea jasotzen duen bideo erreportajea eman du eta hainbat lagun elkarrizketatu ditu.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>