‘Egunkaria’-ren aurkako auzi ekonomikoa Auzitegi Nazionaletik Donostiara ekarri dute

2010, maiatzak 5

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki baitu, gaur eguerdian auto baten jakinarazi duenez. Donostiako epaitegiak helduko dio, beraz, auzibideari. Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi du auzian “delitu terroristaren” zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela -‘ohiko delitua’-. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza -narkotrafiko eta “terrorismo” gaietarako sortu zuten auzitegi hori-, auzia Gipuzkoara pasatzea erabaki duEgunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen-. Defentsak horixe eskatu izan du. Dignidad y Justicia herri akusazioak gaur bertan iragarri du helegitea sartuko duela.

Egunkaria-ren itxiera auziko epaia joan den apirilaren 12an atera zuen Auzitegi Nazionalak, eta absoluzioa eman zuen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuentzat, ETArekin loturarik ez zutela izan argudiatuta. Defentsak bezala, Miguel Angel Carballo fiskalak absoluzioa eskatu zuen epaiketan. Ez AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek —12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten—. AVT eta Dignidad y Justiciak apirilaren 29an esan zuten absoluzio epaiaren kontra ez dutela helegiterik jarriko Espainiako Auzitegi Gorenean; ondorioz, sententzia irmo eta behin betiko bihurtu zen —atzo—.

Auzi ekonomikoko operazioa 2003ko urrian egin zuen Guardia Zibilak, Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera. Bietan Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak eman zuen agindua.

Itxiera kasuko sententziaren arabera, bost auzipetuek ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen “terrorismoa” goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon —torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten—.

Zortzi auzipetu auzi ekonomikoan

Zortzi auzipetu daude auzi ekonomikoan, eta herri akusazioak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi die -5.481.832 eurokoa-, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea. Kasu honetan Dignidad y Justicia baino ez dago herri akusazio bezala. Bere garaian Fiskaltzak zigor eskaerak egin zituen; ikusi egin behar orain zer jokabide hartuko duen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten baten bidez argitu izan du auzipetuek ez zutela iruzurrik egin.

Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia dute eskatuta haren aurka, eta 32,8 milioi euroko isuna.

Iñaki Uria. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Txema Auzmendi. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Joxe Mari Sors. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Ainhoa Albisu. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Mikel Sorozabal. 21 urte eta 9 hilabeteko espetxealdia eta 27,2 milioi euroko isuna.

Begoña Zubelzu. 17 urte eta 2 hilabeteko espetxealdia eta 21,6 milioi euroko isuna.

Fernando Furundarena. 13 urte eta 3 hilabeteko espetxealdia eta 21,2 milioi euroko isuna.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>