‘Amesgaiztoa’ liburuko lau pasadizo

2010, ekainak 23



Libre ateratzeko iragarpena, AVTk

Akusatzaileak berak ere ikusten zuen epaiketak ez zuela funtsik. Hala aitortu zien akusatuen aulkiraino eraman zituen akusatuei, epaiketa amaitu zen egun berean: «Ez zaitezte kezkatu: epaiketa hau irabazi egingo duzue». Ordu batzuk lehenago, akusatuentzat 14 urteko zigor eskaera handiak egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi gelan.

Hala ere, eskaera berretsi zuen berberak «zorte ona opa dizuet» esan zion Txema Auzmendi auzipetuari. Martxelo Otamendik eta AVTko abokatuak topo egin zuten berriro, Genova kalean taxiak hartu nahian. «ETAko kide izateko aurpegiarekin ikusten al gaituzu?», galdetu zion Otamendik. Hona erantzuna: «Ez. Nabari zaizue ez zaretela ETAko kideak. Baina nire lana daukat, eta batzuetan delitu baten egile dirudien jendea defendatu behar izaten dut, eta oraingoan akusatu behar izan zaituztet».

Epailearen sentiberatasuna

Epaiketako aurreneko eguna emozioz betea izan zen. Bost auzipetuek deklaratu zuten, euren abokatuen galderei erantzunez, eta haien tortura testigantzak ere hantxe utzi zituzten, gordin.

Txema Auzmendi izan zen deklaratzen azkena. Bere kalbarioaren berri eman zuen, eta honela amaitu zuen: «Eta gero kolpeak, argia beti piztuta, izua, erabateko babesgabetasuna… Zuzenbide estatu batean horrelakorik onartu ahal izateak, horrek ematen dit min». Hunkituta amaitu zuen Auzmendik eta hunkituta utzi zituen gainerakoak ere. Saioa amaitutzat eman zuen epaileak. Auzmendik, aulkitik altxatu eta buelta eman zuenean, Oleaga topatu zuen parez pare. Besarkada bat eman zioten elkarri. Gerorago epaile bat ere hurbildu zitzaien Auzmendiri eta hark alboan zuen Torrealdairi. Eskua eman zien biei, sentiberatasunez, bien harridurarako.

Torque, Guardia Zibilaren sortzailea

Guardia zibilek peritu gisa deklaratu zutenean, auzipetuei gogora etorri zitzaizkien inkomunikatuta eduki zituztenean haien eskuetan pasatu zituzten egunak. Aurrez aurrez zituzten beren torturatzaileetako batzuk, infernura eraman zituzten poliziak. Deklaratzen bi ordu egin zituztenean ea deskantsatu nahi zuten galdetu zien epaileak. «Nik hamabi ordu egin nitian zutik» esan zion Xabier Oleagak Martxelo Otamendiri.

Otamendik, berriz, Torque ezagutu zuen. Ezizenaren berri zekien, kalbarioaren erdian berak kontatu ziolako. Torque deitzen ziotela esan zion, gaitzizena Torquemadatik zetorrela, eta Torquemada Guardia Zibilaren sortzailea izan zela.

Jakina da Torquemada ez zela izan Guardia Zibilaren fundatzailea, baizik eta Espainiako aurreneko inkisidore nagusia. Torquemadak torturak hobesten zituen galdeketetako metodo gisara.

Epailearen gabon kantak, euskaraz

ber.jpg

Joxe Azurmendi Filosofia katedradun eta idazleari aitortu zion Javier Gomez Bermudez epaileak (argazkian) euskararekiko «estimua». Lekuko eta peritu gisa deklarazioa amaitu berritan izan zuten elkarrizketa. Epailearekin izandako hizketaldia Joan Mari Torrealdairi kontatzen hasi zen Azurmendi gero, baina ez zen ondo gogoratzen entzundakoaz. Jakin-minez, epaiketaren azken egunean, agurtzeko unean, epaileari berari galdetu zion Torrealdaik Azurmendiri aitortu zionaz.

Gomez Bermudezek esan zion berak «estimua» ziola euskarari. Bere amaginarreba bizkaitarra da, euskalduna, eta Torrealdairi esan zionez, haien etxean euskaraz abesten dituzte gabon kantak.

Igogailura bidean kontatu zion epaimahaiko buruak auzipetuari bitxikeria hura, eta abesti baten zatitxoa ere abestu zion, atzetik bi bizkartzain zituztela.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>