Espainiako Auzitegi Nazionalak 2003an ixteko agindua eman izan ez balu, Euskaldunon Egunkaria-k gaur hogei urte beteko zituzkeen, 1990eko abenduaren 6an sortu zelako. Itxi zutenean hura zen euskarazko kazeta nazional bakarra. Eguna izan zen aurrekoa: 1937ko urtarriletik ekainera artean atera zuten, Espainiako Gerran; Eguna-ren jabetza EAJk zeukan eta dirua Eusko Jaurlaritzak jartzen zuen.
1989ko azaroaren 1ean egin zuen lehen bilera Egunkaria Sortzen herri plataformak. Deialdi publiko eta zabala egin zuten, eta orduan sortu zen talde eragilea -gerora hiru batzordetan eratu zen-. Helburua: euskarazko egunkaria sortzea. Baita sortu ere, 11 oinarri jarrita: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea erdal komunikabideetatik, independentea erakunde publikoetatik eta alderdi politikoetatik, ez-instituzionala, diruz lagundua, militantea, profesionala eta berria.
Itxi zutenean zeukan Egunkaria-k gizartean ordura arteko harrerarik handiena; egunero, batez beste, 15.000 aleko salmenta zeukan. Jaurlaritzarekin lehen aldiz akordioa 1994an egin zuen.
Hamar lagun atxilotu zituzten
2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila, ETArekin harremana zutelakoan.
Hurrengo egunean bertan -otsailaren 21ean- Egunkaria-ko langileek Egunero kazeta argitaratu zuten. Lehen egunean 70.000 ale saldu zituen Egunero-k, eta Berria atera artean iraun zuen (2003ko ekainaren 21ean sortu zen Berria).
Otsailaren 25ean, Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egon ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Aldiz, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta. Zubiriari 72 orduz luzatu zion inkomunikazioa epaileak. Uria eduki zuten denbora gehien kartzelan: urte eta erdian -2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren-.
Epaiketaren hasiera, 2009ko abenduan; 2010eko apirilean, absoluzioa
2009ko abenduaren 15ean hasi zen Egunkaria-ren itxiera kasuko epaiketa. Auzipetuak, bost: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.
Epaia aurtengo apirilaren 12an jakin zen: absoluzioa denentzat, euren kontrako frogarik ez zegoela ebatzita. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu zuten epaimahaia, eta aho batez hartu zuten erabakia.
Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin eta ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen “terrorismoa” goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan dira, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.
Maiatzaren 4an epaia behin betikoa eta irmoa bihurtu zen, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek ez zutelako sententziaren aurkako helegiterik jarri Espainiako Auzitegi Gorenean.
Auzi ekonomikoa zabalik dago
Itxiera kasua bukatu zen arren, auzi ekonomikoak zabalik jarraitzen du. Zortzi auzipetu daude eta herri akusazioak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatuak ditu haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. 2003ko urrian izan zen operazioa.
Egunkaria-ren historia argazkitan eta Egunkaria Sortzeko Taldeko 75 kideak.