(Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, ‘Egunkaria’-ko arlo ekonomikoko auzipetuak)
Zortzi urte bete dira Egunkaria itxi zutenetik. Igandean bete ziren. Eta ez da oraindik auzia amaitu. Ez, lagunok, uste gehienen aurka ziurrenik, oraindik bukatu gabe dago. Ez dugu fetxa berezi hau pasatzen utzi nahi, beti hain modu beroan babestu gaituen euskal gizarteari gogorarazi gabe.
Zortzi gara oraingoan auzipetuta gaudenak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxemari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu.
Bukatu zen auziaren muina bilakatu zen ‘atal politikoa’, esango dugu. Baina eduki ekonomikoko sumarioak aurrera darrai, eta bertan daude zigor eskaririk gogorrenak. Ez ahaztu.
Honela dago kasua une honetan: Donostiako Penaleko epaitegiaren esku dago. Kalifikazio eta entzutegi berri batean egonik, auzia berriro hutsetik hasi behar da. Fiskalaz eta defentsaz gainera Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio eredupean aurkeztu da oraingoan ere. Auzi politikoan aurkeztu zen AVT ez da oraingoan aurkeztu.
Atal politikoa bukatu zela esan dugu. Bai, horrela da. Ondo bukatu ere. Garaipena izan zen. Hala esan genuen bere egunean. Hala ospatu genuen. Auziaren oraingo atala errazagoa dugula pentsatu nahi dugu, aurrekoaren bukaera kontuan hartuta. Gaia, gainera, Donostiako epaitegi arruntean dago, ez Auzitegi Nazionalean. Jakitun gara horretaz. Pozik gaude, nola ez.
Pozik gaude, orobat, Udalbiltza auzian emandako epaiaz. Gurea, salbuespena ala inflexio puntua ote zen genioen orduan. Udalbiltzakoan absoluzio orokorra errepikatuta ikusita, salbuespena baino zerbait gehiagoren aurrean gaudela pentsatu nahi dugu. Hobe horrela, kontuan hartzen badugu urte honetan bertan egiteko iragartzen dela ilegalizazioarekin lotutako beste auzi bat, Batasunari dagokionean. Egoera politiko berriak gauzak onbideratuko al ditu?
Baina pozak ez gaitu itsutzen, eta ez digu estaltzen ere Damoklesen ezpata oraindik zain gure buruen gain zintzilik, mehatxu gordinean, daukagula, iazko apirilean iritsitako absoluzioa eskuratu arte genuen bezala, ez gutxiago.
Auziak, beraz, itxi gabe jarraitzen du. Egunkaria libre! aldarriak egunerokotasun mingots berbera dauka. Egunkaria-k zortzi urte darama itxita eta likidatuta.
Aztertzen ari gara epaitegietara jo ala ez gertatukoaren aurrean kontuak eskatzeko. Zazpi urte luzeko eraso bortitz eta sufrikarioaren ondoren, errugabeak ginela, absoluzioa, ez zegoela akusaziorako motiborik. Arrazoia eta kemena gure alde daude. Ibilbide eta estrategia juridikoak sortzen dizkigu zalantzak. Izan ere Estatuak lanabes ugari ditu herritarrari kontuak eskatzeko, ez ordea kontu hartzea alderantzizko norantzan egin behar denean. Laster ebatzi behar dugu zerbait honetaz.
Atzera begira jartzen bagara, ikus nolakoak esaten ziren duela zortzi urte. Zertzelada gutxi batzuk bakarrik aipatuko ditugu : “En el País Vasco se ha cerrado un medio de comunicación. La realidad es que estaba dirigido por ETA … Hay pruebas absolutamente concluyentes de que ese medio de comunicación, su empresa editora, financiaba a ETA”.
Beste bat: “Es sobradamente conocido que la red terrorista y sus mallas subculturales tienen tocada buena parte de nuestro tejido institucional y moral … mientras el nacionalismo gobernante se dedica a …encabezar movidas como la presente (la reacción frente al cierre de Egunkaria)”.
Beste bat: “…tapadera de ETA disfrazada de periódico…”.
Beste bat: “¿Es posible que los compatriotas de fuera del País Vasco sigan sin entender que la expresión última de ETA es el asesinato pero que para llegar a él la banda se ha instalado en instancias que aparentan respetabilidad? Quiero suponer que no se conocen los contenidos del clausurado diario”.
Horiek guztiek ez dute barkamenik eskatu, leporatu zizkiguten irainengatik. Eta gaur egun ere, aurten bertan, 2011n, absoluzioaren ondoren, oraindik honelakoak esaten dira:
“…otro de los periódicos promovidos por ETA fue Euskaldunon Egunkaria, que empezó a editarse en 1990 … fue la organización terrorista la que concibió el proyecto, nombró a sus responsables y autorizó que, durante sus primeros años de vida, fuera financiado por distintas entidades de su entorno … Desde sus orígenes, Egunkaria fue concebido como un proyecto no sólo informativo y de propaganda, sino también de captación de recursos, blanqueo de dinero y financiación del entramado terrorista…”.
Gure abokatuentzako lana berriro, ahoa burua bezain bero daukatenak isilarazteko oraingoan, horretarako aukera juridiko bermedunik badago behinzat.
Hauxe da, lagunok, Egunkaria auziaren egoera, absoluzioa eman eta urtebetera (apirilean beteko da urtebete absoluzioa iritsi zela).
Balantzea egin behar badugu, hona hemen hiru zertzelada nagusi: 1) Auziaren atal erdia oraindik irekita dago; 2) inpunitatean jarraitzen duten erasotzaileek, prozesua politikoki mantentzen jarraitzen dute; 3) erasoaren eta arbitrarietatearen aurrean inolako babes judizialik gabe biktima izaten jarraitzen dugu, absoluzio guztien gainetik.
Hauxe esan behar diogu euskal jendarteari: Absoluzioa iritsi zen, bai, Egunkariarentzat, baina ez Justizia. Pozgarria izan zen absoluzioa, beharrezkoa, beste urrats batzuk eman ahal izateko, erasotzaileen kalte intentzioei bidea mozteko. Baina hau ez da amaitu. Amaitzetik urrun dago oraindik, ez dakigu denboran, baina bai urratsetan. Eta euskal jendarteak Egunkaria auziaren aurrean adierazitako laguntza, kemena, eskuzabaltasun eredugarria behar ditugu oraindik.