«Ezin gaituzte isilarazi»

2013, otsailak 13

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Egunkaria-ko langileek apenas izan zuten dolurako betarik itxieraren aurrean. Giltzarrapoa atean ikusteak ‘Egunero’ egitera bultzatu zituen aurrena, eta Berria sortu zuen dinamika biziari eustera ondoren.
p019_f01.jpg

Sarrerako kristal ilunak euren irudia itzultzen die langileei, «precintado» irakurtzen duten bitartean. Amorrua eta samina. Itzal berdeak joan dira; Egunkaria-ren espiritua daramate, eskuburdinak jarrita. Amesgaiztoa eten, eta esnatzeko saio antzua egin du batek, ateari ostiko bat emateko imintzioz. Ezintasuna. Hondoratzeko zorian egondako lehen ordu horiek errautsetatik jaiotzeko oinarri dira. Baina oraingoz, ateko giltzarrapoa da egia bakarra.

Dolurako betarik ez zen, ordea; lan eskergari ekin behar zitzaion. Egunkari zigilatu berriaren atarian egin zen lehen batzarra, presazko erabakiak hartzeko: biharamunean egunkari bat aterako zen; hori, lehen-lehenik. Salaketa bideratu behar zen, bestalde. Lankide atxilotuak oinazearen bidean aurrera zeramatzaten. Inork ezin zuen burutik kendu. Egunkaria-k eta, harago, euskalgintzak jasotako eraso bidegabea behar bezala salatu behar zen.

«Andoaingo AEKren bulego batean elkartu ginen gutxi batzuk, eta periodikoa aterako zela garbi geratu zen», gogoratzen du Andres Gostinek, Egunkaria-ko diseinu arduradunak. «Taldetxo bat joan ginen Tolosara, Tolosaldeko Egunero-ko bulegora». Trebakuntza baino ez eskura, eskarmentua; eta hutsetik abiatu beharra. «Ordenagailu eta sakelako batzuk nahikoak izan ziren. Horretara jarri, eta atera genuen aurrera, besterik ez dakit».

Injustiziaren bozgorailu garrantzitsua izan zen Egunero, euskarazko prentsaren aldeko aldarri geldiezinaren froga fisikoa; baina langileek egindako ahaleginaren zati bat baino ez, aldi berean. Egunkaria-ko langile batzordeko kidea zen orduan Ainhoa Oiartzabal; giltzarrapoak dinamika bizia abiarazi zuela dio. «Berehala kontura ginen Egunero ez beste lan guztiak egiteko bilerak egin behar zirela, ardurak banatzeko. Hortik atera zen Donostiako lehen elkarretaratzea egiteko ekimena, esaterako, itxiera egunean bertan». Dena «modu naturalean» atera zela dio, bakoitzak egin zezakeenaren arabera. «Nazioartekoak salaketa nazioartean mugitzen hasi ziren, ingelesez, frantsesez, alemanez…; diseinukoak pankartak egiten; langile batzordekoak beste komunikabidetako langileekin harremanetan jartzen hasi ginen, adibidez». Oiartzabalen ustez, hasieratik asmatzeak ekarri zuen hurrengo asteetan lortutako babesa eta norabide egokia. «Erabaki onak hartu ziren oso denbora gutxian».

Egunkaria eta Egunero-ren artean etenik ez egoteak badu bere garrantzia, Andres Gostinen irudiko. «Gure erronka zen ‘ez gaituzte isildu’ esan ahal izatea». Ale monografiakoak izan ziren hasierako asteetan, «Egunkaria-ren zurrunbiloa pixka bat apaltzen hasi zen arte». Baina garbi dauka egunkari bat egin behar zela, «jakinda ere trantsiziokoa izango zela». Azpiegitura falta zen, baina… «trebakuntza bagenuen».

Lau hilabeteko zubia altxatu

Baita zerbait gehiago ere, Xabier Lekuona Egunkaria-ko zuzendariordeak dioenez. «Egin-en itxieraren esperientzia genuen, Egunkaria-n egin zutelako Euskadi Información hasieran; zertan asmatu zuten eta zertan ez, ikusi genuen». Déjà vu sentipena saihetsezina izan zen ordu triste horietan. «Goiz hartan ulertu genuen Egunkaria ixteko operazioa zela. Ezin gintuztela isilarazi erabaki genuen. Baina ez zen nahikoa egunkaria ateratzea; ongi antolatu behar zela pentsatu zen, hasieratik. Egin eta banatu egin behar zen; harpidedunekin konpromisoa genuen, eta hura bete egin behar zen, egunero bezalaxe».

Egunkaria-ren eta Berria-ren arteko lau hileko zubia altxatzeko jardun eroak izan ziren egun haiek, Ainhoa Oiartzabalen ustez. «Larunbateko manifestazio erraldoian ikusi genuen ez ginela bakarrik. Egunkaria-ren funerala izan zen, benetan gogorra, baina jendetsua, izugarria. Egunkari berria egingo genuela jakin genuen, babes maila hura ikusita».

Eginbeharrak batzarrean azaltzea eta erabakitzea «giltza», izan zen Xabier Lekuonaren ustez, Berria-ra eraman zuen bidea egiteko. «Dinamika izugarria sortu zen batzarrean; langileek barne kohesio maila oso handia lortu zuten». Berria «hain azkar» ateratzea ahalbidetu zuen horrek. «Erabaki politiko bati erantzun politikoa eman genion. Horrek ahalbidetu zigun Berria-n langile ohiekin hastea, zuzendari berarekin eta egoitza berean, arrisku handia baitzegoen jarraitutasunaren kontuarekin». Langileek erabaki zuten beste inork ez zuela hori guztia aurrera aterako, «bestelako egunkaria egiteko saioak egon baitziren». Miren Azkarate orduko Kultura sailburuaren iritzi artikulu bat du gogoan Lekuonak. «Batzarra blindaje izugarria izan zen. Sekulako indarra igorri genion Euskal Herri osoari, eta sekulako berotasuna eta babesa jaso genuen trukean. Ez genuen ezer, ez genekien zer pasatuko zen, baina jasotako erantzunak bultzatu gintuen aurrera».

Martin Ugalde kultur parkean bizitako lurrikarak bere erreplikak izan zituen Baiona ez beste hiriburuetako ordezkaritzetan. Iruñean, adibidez, Alberto Barandiaran ordezkaritzako buruak ezusteko bisita jaso zuen 04:00etan, etxean. «Guardia Zibila joan zitzaidan bila. Egoitza miatzeko agindua zutela eta hura zabaltzera joateko esan zidaten; bestela, atea botako zutela. Oroitzen naiz emazteak galdetu ziela atxiloturik ote nengoen. Ezetz esan zioten. Umeak lo».

Iruñeko errotatiban

Ordezkaritzako lapurretaren lekuko izatea egokitu zitzaion Barandiarani, Gasteizen Luis Karlos Garciari egokitu zitzaion bezala. «Dena nahasten egon ziren. Politikariei buruzko biografiak eta kazetarien bestelako dokumentuak aurkitu, eta dena gordetzen hasi ziren kutxetan. Esan nien miatzeko agindua besterik ez zidatela erakutsi. Agente judizialak onartu zuen, baina aurrera egin zuten, hala ere». Andoainen bezala, ordezkaritzetan erreakzio azkarra egon zen salaketa martxan jartzeko. «Ordezkaritza zigilatu zuten, eta Euskalerria irratira joan nintzen, alboan baitago. Handik sartu nintzen Euskadi Irratian, zuzenean».

Beste ordezkaritzetako kazetariek bezala, Iruñekoek jarduera bizia izan zuten, 2003ko otsailaren 20an; baita Berria sortu arteko hilabeteetan ere. «Ilunabarrean Egunero prestatzen ari zela esan zidaten Andoaindik, eta gauza bat eskatu: Egunero inprimatuko zela segurtatzea». Diario de Noticias-eko errotatiban bota behar zen lehen alea, Egunkaria botatzen zen moduan; berebiziko garrantzia zuen kalean jartzea, duintasun eta borondate irmoaren sinbolo gisa.

Alberto Barandiaranek ez zuen jakingo beharbada, baina edizioa lotzeko kudeaketa eraginkorra egina zegoen Andoaindik; Gara, Deia eta El Diario Vasco-rekin hitz egin zen. Guardia Zibilak Iruñean inprimatzea galaraziz gero, beste aukerak zabalduko ziren. Egunero-ren lehen alea bi diskotan grabatu zen, 50.000 ale (Egunkaria baino hiru aldiz gehiago) kalean egon zitezen. «Errotatiban ere tentsio nahikoa egon zen. Guardia Zibila azaldu zen. Legez kapoko egunkariak inprimatzea delitua zela esan zieten langileei. Egunero aterako ez zelako beldurra izan nuen. Azkenean, ordea, inprimatu zuten».

Kopiak eta plantxak

Pilar Mendibil Egunkaria-ko zuzendariordeak ondo ezagutzen ditu Egunero-ren edizioaren nondik norako ezkutuenak. «Egunero-ren bulegoaz aparte, diseinua, mantxeta, eta abar erabili behar izan genituen, aldaketa gutxi batzuk eginda». 20:00etan sinatu zen kontratua Diario de Noticias-ekin Egunero-ren lehen alea han botatzeko. «Beldur handia zuten. Kontratua tentuz negoziatu genuen, eta, egia esateko, egun askoan beldurrez egon ginen denok». Segurtasun kopiak egiten ziren egunero, Gara-ra eta Diario Vasco-ra bidaltzeko. «Kopiak eta plantxak egiten ziren». Eta ez zen egun pare bateko kontua izan; «hilabetez, behintzat, plantxak egin ziren Gara-n eta Diario Vasco-n».

Behin-behineko kazeta normalizatuz joan zenean Hernanira aldatu zen Egunero. «Hura dena martxan jartzea miraria izan zen kasik; gure alorreko jendeak ezin zuen sinetsi zertarako izan ginen gai: lokala lortu, mahaiak, ordenagailuak, zerbitzariak jarri….». Hernaniko lokala muntatzea ez zen txantxa izan. «Antton Adarraga zenak utzi zigun musu-truk. Han egin zuten Egin-ekoek Euskadi Información bere garaian, eta Adarragak ez zigun argindarra ordaintzen utzi ere egin».

Elkartasunaren benetako adiera ezagutu zuten han eta hemen Egunkaria-ko langile ohiek. «Euskalerria irratian egindako toki batean aritu ginen Iruñeko kazetariak egun batzuetan», gogoratzen du Alberto Barandiaranek; han izan ziren, Eugenio Arraizak egoitza zenaren alboan bulegotxo bat alokatu zien arte. «Pagatu zigun telefonoa, argia eta abar; handik aritu ginen Egunero-rako bi edo hiru ordenagailu zaharrekin».

Elkartasun mezuak eta esandakoak

Argazkian, Egunkaria-ko kazetariak Egunero-ren lehen alea egiten.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>