Imanol Murua Uria
(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta). Bizitzan oso gutxitan bizitzen diren une horietako bat izan zen. Eguna estu eta larri Lasarteko erredakzioan egin ondoren, Hernaniko errotatibara joan ginen gauez, geure begiekin ikusi nahi genuelako errotatibak egunkariaren lehenengo zenbakiaren aurreneko aleak nola ematen zizkigun. Ez digute Pulitzerrik emango lehen zenbaki hartako lerroburu nagusiagatik: Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak. Baina ez zaigu ahazten. 1990eko abenduaren 5eko gaua zen. Hilabete gutxi batzuk lehenago ameskeria ematen zuena, eskuekin ukitzeko moduko errealitatea zen. Pozik zikindu genituen atzamarrak tinta beltzarekin, orri pasan. 32 orrialde baino ez zituen, baina handia zen.
Handik hamahiru urteko otsaileko egun batez, duela hamar urte, ez ginen Lasarteko erredakzio zaharrean, ezta Andoaineko berrian ere, Tolosako urgentziazkoan baizik. Ez artxiborik ez agendarik, hutsetik hasita egunkari bat egitea zer zen ikasi genuen berriro txoko hartan, Guardia Zibilak eguna bukatzen utziko ote zigun jakin gabe. Lehen orriko titulu nagusia erabakitzeko ordua ere iritsi zitzaigun halako batean. Itxieraren eskandalua nabarmendu behar genuen letra handiz. Salaketa titulua behar du, genioen. Ez. Hobe mezu positiboa nabarmentzen badugu; ez gaituztela kikildu, aurrera egin dugula, egunkaria ez dela hil. Luze joan zen eztabaida.
Hurrengo egunean, egunkaria harpidedun guztien etxeetara iritsi zela jabetu ginenean, erosleek kioskoetan eskura zutela ziurtatu genuenean, hamahiru urte lehenago bezala sentitu ginen. Bezperan, goizean, gure lankide eta lagunak indarrez eraman zituztela jakin, eta Guardia Zibilak gure lantokira sartzen utzi ez zigunean ezinezkoa ematen zuen, ameskeria hutsa, baina errealitate bihurtu genuen. Zortzi orrialde besterik ez, zuri-beltzean, baina handia zen. Hunkituta geunden, eta harro; ez, hain zuzen ere, hamahiru urteren buruan titulu hobeak egiten ikasi genuelako bakarrik. Itxia, baina ez isildua. Bizitzan oso gutxitan bizitzen diren une horietako bat izan zen.