(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Elkartasun uholde ikaragarria eragin zuen ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxierak. Otsailaren 22an egin zen manifestazioa izan zen uholde horren adierazpenik jendetsuena eta esanguratsuena.
Berehalakoa, irmoa eta zabala izan zen Euskaldunon Egunkaria ixteak sortu zuen elkartasun uholdea. Guardia Zibileko agenteak artean ere erredakzioa miatzen ari zirela —eta Euskaldunon Egunkaria-ko langileak, durduzatuta eta gertatzen ari zena sinetsi eta irentsi ezinda, Andoaingo Martin Ugalde parkera iristen—, Latz enpresako langileak beren elkartasuna agertzera irten ziren hantxe ondoan zuten lantokiaren atarira, Euskaldunon Egunkaria-ren eta egunkariko langileen aldeko kartel txiki inprobisatuak eskuetan hartuta. Bere xumean, bat-bateko agerraldi xume hura uholde erraldoi baten aurreneko ur isuria izan zen. Lehen pankarta ere Guardia Zibileko agenteek miaketa amaitu aurretik iritsi zen Martin Ugalde Parkera, ELA sindikatuko hainbat kidek egina eta ekarria: Egunkaria adierazpen askatasunaren alde.
Aurreneko mobilizazioak egun berean egin ziren, otsailaren 20an, ostegunarekin, Euskaldunon Egunkaria-ko langile gehienak Egunero sortu eta biharamuneko euskarazko egunkaria ateratzeko zereginean murgilduta zeuden bitartean. Kontzentrazio jendetsuak egin ziren Euskal Herri osoko hainbat hiri eta herritan egun osoan, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatzeko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko, EA, EAJ, Batasuna, Aralar, ELA eta LABeko hainbat ordezkari Martin Ugalde kultur parkean bildu ziren egun hartan, erasoaren aurrean zer egin erabakitzeko, eta otsailaren 22 larunbaterako manifestaziora deitzea erabaki zuten, lelo nagusitzat Egunkaria aurrera. Bai euskarari! harturik. «Aho batez hartu dugu erabakia», azaldu zuen, manifestaziorako deia egitean, Xabier Mendiguren Bereziartuk, Kontseiluaren orduko idazkari nagusiak, unearen larritasuna islatzen duen mezua zabalduz: «Une honetan, dei bizi bat egiten diegu euskarari eta euskal kulturari babesa eskaini nahi dioten guztiei. Gure iritziz, hau eraso jarraitu bat da. Ez da lehen aldia. Gaur Egunkaria, Argia, Jakin eta Ikastolekin gertatu da, eta segur aski, zoritxarrez, etorkizunean ere honen antzekoak gertatuko dira. Ordua da denok elkarturik, denok bat eginik, erantzun tinko eta irmo bat emateko. Horregatik egingo dugu manifestazioa».
«Benetan jendeak sentituta erantzun zuen, erantzun bizi bat eman zuen», Xabier Mendiguren Bereziartuk hamar urte geroago gogoratzen duenez. «Egia esan, hainbesteko jendetzarik ez genuen espero. Harrituta gelditu ginen. Hain denbora gutxian, guk dauzkagun bitarteko urriekin eta komunikabideek eman zuten informazioarekin, oso erantzun indartsua iruditu zitzaigun. Jendeak oso eraso larritzat hartu zuen Euskaldunon Egunkaria ixtea, eta hala adierazi zuen. Oso garbi ikusi zen euskalgintzaren bihotzari egindako eraso bat izan zela, eta horrekin geneukan egunkari bakarra kendu zigutela».
«Manifestazio hartan ez zegoen siglarik», oroitzen du German Kortabarriak. «Euskaltzaleak ginen. «Ez ninduen harritu manifestazioan bildutako jendetzak. Gainezka egin zuen jendeak, baina uste dut espero izatekoa zela halako erreakzio bat». Garai hartan, ELA sindikatuko idazkari nagusiaren albokoa zenez, manifestaziora deitu zutenetako bat izan zen Kortabarria. «Euskaltzaleek eman zuten erantzuna berehalakoa izan zen, oso beroa. Gogoan dut, hala ere, erakundeen aldetik eta Jaurlaritzaren aldetik, zehazki, erantzun beroago baten falta sentitu genuela».
Manifestazioaren garrantziaz ez du dudarik hartarako deia egin zutenetako beste batek, Txutxi Ariznabarreta LAB sindikatuaren garai hartako Komunikazio arduradunak. «Egoerak berehalako erantzuna eskatzen zuen. Ez zen gerora begirako estrategiak planteatzeko unea. Herriak eskatzen zuen berehala erantzutea. Ondoren ere, lan luzea egin zen, jakina, eta egin beharrekoa, baina lehen kolpe hura oso garrantzitsua izan zen, klabea nire ustez».
Elastiko urdin letra horidunak
Euskaldunon Egunkaria-ko langileek Egunkaria aurrera! leloa horiz idatzirik zuten elastiko urdinak jantzi zituzten egun hartan. Manifestazioan parte hartzen ari zen jende askok adierazi zuen gisa hartako elastikoak erosi eta janzteko gogoa, baina ez zegoen denentzako lain. Handik aurrera, beste ekitaldi askotan ere sarri ikusiko ziren gisa hartako elastikoak, eta ez soilik egunkariko langileen soinetan. Elkartasunaren sinbolo bihurtu ziren, egun hartatik aurrera, elastiko urdin letra horidunak.
Askotarikoak izan ziren mugimenduak hurrengo egunetan, asteetan eta hilabeteetan ere. Mobilizazioak antolatzeko eta elkartasun uholdea bideratzeko, Egunkariaren Aldeko Batzordeak sortu ziren han-hemenka, herri askotan; une hartan erantzun bateratua ematen bezala, aurrerago Berria-ren sorrerarako dirua biltzeko zereginean ere indar handia egingo zuten batzorde haiek.
Martxoaren 13ko Elkartasun Egunean ordubeteko lanuztera deitu zuten, Kontseiluak eta Euskaldunon Egunkaria-ko langileek, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB, Hiru eta EGAS sindikatuen babesarekin, besteak beste. Arrakasta handia izan zuen deialdiak. Lantegietan, garraio publikoan, merkantzien garraioan nahiz irakaskuntzan masiboa izan zen lanuztea. EHUren Leioako campusean egindako manifestazioak hiru milatik gora ikasle, irakasle eta unibertsitate langile bildu zituen, Adierazpen askatasuna. Egunkaria aurrera zioen pankartaren atzean. Deustuko Unibertsitatean egin zen elkarretaratzean, berriz, 700 lagunek hartu zuten parte. ETBren bi kateetan, Euskal Herria lau haizeetara saioa eskaini zuten ordubetez, hamar minututik behin langileek lanuztearekin bat egiten zutela adierazten zuen mezua erakutsiz. Adierazgarria izan zen hainbat komunikabidetako ordezkariek eta hainbat kazetari ezagunek eguerdian Martin Ugalde kultur parkean egin zen elkarretaratzean agertutako elkartasuna ere.
Egunero kaleratzeko egin beharreko lanak egiteaz gain, Euskaldunon Egunkaria-ko langileek, beste batzorde askoren artean, Elkartasun Batzordea sortu zuten, hainbat esparrutako jendearen elkartasuna koordinatu eta azaleratzeko. Ezohiko zeregina zuten, baina egoerak antolatzera eraman zituen; Euskaltelek babesa azaltzeko opari emandako sakelako telefonoak oso tresna baliagarriak izan zitzaizkien horretarako. Bereziki arrakastatsuak eta zabalak izan ziren kulturako, kiroletako eta komunikabideetako pertsonaia ezagunek Martin Ugalde parkean Euskaldunon Egunkaria-ren alde egindako agerraldiak.
Beste batzorde batek Hitza eta doinua jarri zuen abian, hainbat musikari eta idazleren parte hartzearekin han eta hemen egin ziren musika eta poesia emanaldi kolektiboak. Deitutako idazle eta musikari denak agertu ziren ahal zutena emateko prest, eta emanaldi batzuk gogoangarriak gertatu ziren, Bilboko Kafe Antzokian eta Villabonako Gurea zinematokian egindakoak, esaterako.
Europako Legebiltzarreraino
Elkartasun uholdearen ezin konta ahala adibide ekar daitezke gogora, aurretik aipatutakoez gain: Eusko Legebiltzarrean gaia eztabaidatu eta Euskaldunon Egunkaria «berehala zabaltzeko» eskatu zuten PP eta PSE ez beste alderdi guztiek; Europako Legebiltzarraren Bruselako egoitzaraino eraman zuten salaketa Eneko Bidegain eta Jose Mari Pastor Euskaldunon Egunkaria-ko langileek, eta bilerak egin zituzten hainbat legebiltzarkiderekin; Mugarik gabeko Kazetariak eta MIDAS Europako Hizkuntza Minorizatuetako Egunkarien Elkarteak itxiera salatu zuten; salaketa bera egin zen hainbat eta hainbat kirol eta kultur emanalditan, eta Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko elastiko urdin letra horiduna jantzita jaso zituzten Max sariak, Madrilen, Josu Camarak eta Arantxa Iturbek, eta Espainiako Musika saria Fermin Muguruzak; Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren Hitz lau liburua argitaratu zuen Euskal Editoreen Elkarteak, lau idazle horiek Euskaldunon Egunkaria-ren izenburu bereko sailean idatzitako artikuluak batuz, egileen baimenarekin; Korrikak itxitako egunkariko langileen eskuetan utzi zen lekukoa gune askotan…
Era guztietako elkartasun adierazpenen artean, ordea, «ekintzara itzultzea eta lehenbailehen euskaldunontzako egunkari bat egitea» izan zen bereziki garrantzitsua, Mendiguren Bereziarturen ustez. «Berehalaxe mamitu zuten beste pertsona batzuek, laguntzak eskatuz eta abar… Lan handia eginez, baina laguntza ere jaso zuen, eta horri esker daukagu orain Berria bat. Hori da, nire ustez, azpimarratzekoa. Jendeak eskertu zuen erantzun praktiko bat ematea eta Euskaldunon Egunkaria-ri jarraipena ematea, informazioa ematen euskaraz. Hori izan zen erantzun garrantzitsuena, eta hori egitea lehengo akziodunen ildotik etorri zen, era guztietako laguntzekin».
Elkartasun mezuak eta esandakoak
Argazkian, kirolarien elkartasun agerraldia, Martin Ugalde parkean.