(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). “Espainiak euskal egunkaria itxi du”. Titular horixe topatu zuten The New York Times-eko irakurleek 2003ko otsailaren 21ean, euren ohiko kazeta, inoiz itxiko ez zuten hura, zabaltzean. Erresuma Batuan, guardia zibil “paramilitarrak” izan zirela zehazten zuen The Guardian-ek. “Edozein ikuspuntutatik begiratuta, gehiegizko neurria”, Kataluniako Avui-k. Euskaldunon Egunkaria itxi eta hurrengo hilabeteetan, etenik gabe heldu ziren nazioartetik sumindurazko eta elkartasunezko mezuak.
Hizkuntza zapalduak dituzten nazio txikiak asaldatu egin ziren. Irlanderazko La egunkariko zuzendari Ciaran O’Pronntaighentzat, ezin sinetsizkoa zen Europako Batasuneko kide den estatu batean halakorik gertatzea. “Europako prentsako ahots independenteenetako bat isiltzeko alferrikako saioa da Egunkaria-ren itxiera”, zioen otsailaren 25ean Egunero-n. “Beldurra diote haren objektibotasunari, ikuspegi alternatiboari eta diskurtso demokratikoari ematen dion kalitatezko forumari”.
Jose Mari Pastor Egunkaria-ko Mundua saileko arduraduna zen orduan. Langileek hasieratik ikusi zuten garbi nazioartera jo behar zutela babes bila: “Honen berri eman behar zen kanpoan ere, batez ere Europan, jakin zezaten zeintzuk diren demokraziaren estandarrak Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian”.
Midas elkartera jo zuten berehala. Europa osoko 26 egunkarik osatzen zuten orduan, tartean Egunkaria bera; denera, hiru milioi irakurletik gora biltzen zituen. “Arrazoi kultural, linguistiko eta historikoengatik nolabaiteko hurbiltasuna edo begirunea izan zezaketen herri eta komunitateekin jarri ginen harremanetan”. Midaseko kazeta guztiek Egunkaria-ren itxieraren aurkako protesta idazkiak aurkeztu zituzten Espainiak dituen ordezkaritzetan, Finlandiatik hasi eta Siziliaraino.
Herrialde Katalanetatik iritsi zen, ordea, erantzun beroena. Otsailaren 26an ehundik gora kolektibo bildu ziren Bartzelonako Euskal Etxean; handik sortu zen Plataforma per Egunkaria, berehala lanean hasteko determinazioz.
David Fernandez kazetaria izan zen kanpainaren bultzatzaile nagusietako bat: “Berehala hasi ginen mobilizatzen. Aro digitalaren hasiera zen; hasiak ginen posta elektronikoa erabiltzen, eta segituan zabaldu zen berria”. Amorrazioa eta tristura gogoratzen ditu: “Jose Maria Aznarren bigarren agintaldia zen, eta bazegoenhalako saturazio kolektibo bat. Honekin, gainezka egin zuen edalontziak. Espainiak Euskal Herrian ixten zuen bosgarren hedabidea zen, eta jabetzen ginen euskara hutsezkoa zela. Hala ere, odola izoztu ziguna Martxelo Otamendiren adierazpenak izan ziren, bost egunen ostean askatu zutenean”.
Babesa, maila guztietan
Batzar bidez antolatu zuten kanpaina: erabakiak batzarrean hartu, ekimenak autofinantzatu. Batzuk ekitaldi publikoez arduratuko ziren, atxikimenduez besteak. Itzela izan zen erantzuna. Unibertsitateetako eta kultur etxeetako aretoek gainezka egiten zuten Egunkaria-ko kideen hitzaldietan. Bartzelonako Centre de Cultura Contemporanian bozgorailuak ipini behar izan zituzten korridoreetan, 800 pertsonatik gora hurbildu zirelako itxierari buruzko mahai ingurura. Autoinkulpazio kanpainan 230 sinadura bildu zituzten, baita Berria sortzeko 600 akziodunetik gora ere. TV3 telebista kateko La nit al dia saioak inoizko audientziarik altuena izan zuen Otamendi elkarrizketatu zuenean.
“Oso prozesu polita izan zen”, oroitu du Fernandezek. “Denetariko erakundeek eman zuten atxikimendua, baita UGTk ere. Elkartasuna oso transbertsala izan zen. Bazegoen sumindurazko faktorea, baina baita emozio eta sentimenduzkoa ere”. Gezurra ari du liburuaren aurkezpenekoa du bereziki gogoan Fernandezek: “Iñaki Uria etorri zen, kartzelatik irten berri. Jaiki zenean, izugarrizko txalo pila egin zioten. Emozio ikaragarria sumatzen zen jende artean”. Kataluniatik jasotako babesak bat baino gehiago harritu zuela azaldu du Pastorrek: “Baina nork emango zigun, bada, elkartasuna?”.
Gurutze Izagirre Egunkaria-ko zierrean aritzen zen itxi zutenean. Beste zenbait lankiderekin, Kataluniako kanpainan aritu zen: Zabaldu behar zen Egunkaria-ren itxieraren oihartzuna: Europak jakin behar zuen zer pasatu zen Batasuneko kide den estatu batean. Nazio txikienek eman zuten babes handiena; batez ere, Herrialde Katalanek. “Han oso ondo ulertu zuten eraso latza zela eta erantzun egin behar zela. Gizarte osotik mugitu zen jendea”. Izagirreren ustez, hiru dira horretarako gakoak: “Batetik, hizkuntzaren lotura: euskara hutsezko egunkari bakarra itxi zuten. Bestetik, adierazpen askatasunaren urraketaren salaketa. Eta, azkenik, herri gisa lotzen gaituzten eskaera subiranistak, senidetasun moduko hori”.
Aureli Argemik, Kataluniako Escarre Gutxiengo Etniko eta Nazioentzako Zentroko zuzendariak, ondo deskribatu zuen Kataluniako sentimendu orokorra, martxoaren 30ean argitaratutako artikuluan: “Gerra horrek ez dio soilik Euskal Herriari eragiten, baizik eta gure hizkuntzen eta kulturen normalizaziorako borrokan ari garen guztioi, baita oinarrizko eskubideen —informatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, integritate fisiko eta moralaren eskubidea…— defentsan ari diren guztiei ere”.
Herri mugimenduetatik hasi eta elite politikoetaraino, inor ez zuen epel utzi Egunkaria-ren itxierak. Kataluniako hainbat udalek eta Gironako Diputazioak Egunero-n orri osoko publizitatea sartzeko mozioa onartu zuten, PP ez beste alderdi guztien babesarekin. Kataluniako Parlamentuak ere onartu zuen Egunkaria babesteko ez-legezko proposamen bat; diputatuen %90 inguru izan zituen alde, PPk hor ere aurka bozkatu zuelako. Fernandezek bi xehetasun ekarri ditu, ordea, gogora: “Lehen zirriborroak torturak salatzen zituen, eta CiUk bertan behera utzi zuen, Jordi Pujolen eskutik. Mingarria da Pujolek halako zerbait egitea, frankismoan hura ere torturatu zutela kontuan izanda”. Bestetik, PPko Alicia Sanchez-Camachoren keinua: “Parlamentuko korridorean Martxelori gerturatu zitzaion, eta babesa adierazi zion, alderdiarekin bat ez zetorrela esanez”. Jordi Rigol parlamentuko buruak ere adierazi zion babesa.
Kanpainaren erdigunean asmo ze hatz bat zegoen: Egunkaria katalanez argitaratzea, sinbolikoki. “Desobedientziatik sortutako ideia izan zen”, azaldu du Fernandezek. “Egunkaria itxi eta hurrengo egunean Egunero atera zuten bezalaxe, guk ere ekintza bidez adierazi nahi izan genuen ez dagoela epailerik egunkari bat gelditu dezakeenik”. Apirilaren 23an, Egunkaria Endavant-en 30.000 ale banatu zituzten Bartzelonako Ramblan. Egunkaria-ko langileak ere han ziren, tartean Izagirre: “Sant Jordi eguna zen, eta liburu azoka zegoen. Gure pareko postu batean, idazle ezagun bat ari zen liburuak saltzen. Hark zortzi bat lagun zeuzkan ilaran, liburuak sinatzeko. Bada, Martxelok dozenaka zituen. Izugarrizko
oihartzuna izan zuen”.
Berria sortu eta hiru hilabetera, jaialdi handi bat egin zuten Bartzelonako Ciutadellako parkean: Eskerrik asko, Paisos Catalans. Bertan bildu ziren Egunkaria-ko langile ohiak, plataformakoak eta laguntzen aritutakoak. “Hunkigarria izan zen”, dio Fernandezek. “Zerbait politikoa zen, baina baita sentimentala ere, eta beti oroituko dugu hala”.
Europako erabaki guneetan
Handia izan zen Kataluniatik heldutako elkartasuna. Pastorren arabera, ordea, bazekiten gorago heldu behar zutela. “Gustatu edo ez, Europan erakunde eta gobernu batzuek agintzen dute; haiek jartzen dituzte estandarrak, eta gero batzuetan lekzioak ematen dizkigute, zer den demokrazia eta zer ez”. Horregatik iritsi behar zuten haien “bihotz-bihotzera”: «Esan nahi genien: ‘Begira, zuek Turkiari Europako Batasunean sartzeko eskatzen diozuena, hain justu, zuen klubaren barruan dagoen estatu bat, munduaren aurrean demokratikoa dena, ez da kunplitzen ari’”.
Pastor Europako Parlamentuko Berdeak-ALE taldearekin bildu zen, Eneko Bidegain lankidearekin batera, Espainiak urratutako eskubideen berri emateko: informazio eta prentsa eskubideak, eta tratu duina izatekoa. Txikiek ulertu zuten. “Aznar jauna atzerrian eta etxean ari da gerran”, esan zuen Luciano Caveri Val D’Aostako diputatuak. Handiek “ahots txikiagoarekin” hartu zituztela gogoratu du Pastorrek. “Azken batean, Espainiako eurodiputatuak ere han zeuden, eta beste zuhurtzia batekin jokatu zuten. Talde parlamentario batzuk inplikatu ziren, batez ere gurea bezalako estaturik gabeko nazioetakoak: Hego Tirolgoak, Flandriakoak… Baina zenbat eta handiagoa izan estatua, orduan eta zuhurrago jokatzen zuten, badaezpada ere, bazekitelako estatuen arteko talka sor zitekeela”.
Europako Legebiltzarrean ere, kataluniarrak eredugarri. Miquel Mayol ERCko parlamentaria Egunkaria-ren ale batekin joaten hasi zen osoko bilkura guztietara, eta gaia aipatzen zuen hitza hartzea zegokion bakoitzean. Hala kontatu zion Egunero-ri 2003ko maiatzean: “Horretan hasi nintzenean, zaindariak esan zidan alea kanpoan utzi behar nuela, baina ez nion jaramonik egin, eta orain arte ez didate ezer esaten”.
Argazkia: Berria sortu eta hiru hilabetera Bartzelonan egindako jaialdia. Egunkaria-ren aldekoek antolatu zuten.