Ilusioa

2013, otsailak 19

Eneko Bidegain

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta).  Jean-Louis Caussade Gure Irratiko animatzailea zen. 1990eko uztailean hil zen, auto istripuz, alaba txikiarekin batera. Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak umezurtz gelditu ziren, eta euskaltzaleak, dolutan. Berri hits hark lekua izan zuen handik egun gutxira aurkeztu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren 0 zenbakian.

Ilusioa piztu zidan euskarazko egunkari bat esku artean edukitzeak; ilusioa, baita ere, ekitaldian transmititu zen baikortasun eta alaitasunak. Hilabete batzuk geroago, lehen zenbakia ekarri zuen aitak etxera, eta gero, egunero ale berria, gurasoak harpidedun egin ziren arte. Nerabea nintzen, eta Egunkaria-rekin hasi nintzen Euskal Herriko eta mundu zabaleko berriak jarraitzen, egunero.

Euskaraz izateaz aparte, Egunkaria-k bazuen zerbait ni guztiz harrapatzeko: Ipar Euskal Herria errespetu handiz tratatzen zuen, eta bere pisua zeukan Euskal Herriko gainerako lekuetako edota mundukoen artean. Zinezko nazio ikuspegia zeukan, eta ikuspegi hori zaintzen zuen egunkaria zen.

Ez nuen irudikatzen kazetari izan nahi zuen nerabearen ametsa beteko zela handik bost urtera, Euskaldunon Egunkaria-n lehen ordezkapenak eginez. Anitz ikasi nuen irakurle gisa lehenik, eta kazetari gisa ondoren. Anitz zor diot Egunkaria-ri. Eta ilusio handiz —gero eta gehiagorekin, gainera— aritu nintzen lanean, egunkari nazional on eta duin bateko parte izateaz pozik.

Motibazio eta ilusioz beterik geunden unean harrapatu gintuen gure egunkariaren itxiera bat-bateko, bortitz eta bidegabeak. Burua altxatzeko indarra ez ziguten eman haserreak eta elkartasun zabalak bakarrik: ilusio hark ere bai. Eta ilusio hura biderkaturik sortu genuen Berria, Euskal Herri osoko euskaldunei beste edozein naziotako egunkari orokorren gisako kazeta bat eskaintzeko.

Gaur egun, euskarazko komunikabideen esparrua anitz zabaldu da. Haatik, beste mehatxu mota bat daukate denek gainean: prentsaren krisi orokorra. Jasanak jasanik, ezin dira lurperatzen utzi, eta etsipena baztertuz, ilusioz eta irudimenez aurre egin behar zaie erronkei, beti segi dezagun euskarazko komunikabide duin eta garaikideekin bizitzen eta horiekin jasotzen berriak, izan tristeak edota alaiak.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>