(Ekitaldia, bideoan) Atzo hamar urte bete ziren Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Urtemuga horren karietara, Martin Ugalde kultur parkean ekitaldi bat egin zuten, eta han, Egunkaria-ko arduradun izandakoek eta langileek, hamar urteotan jaso duten askotariko babes eta elkartasun keinuak eskertu, eta orduko gertakari lazgarriek utzitako arrastoa eta oraindik zabalik dauden zauriak gogorarazi zituzten, hara joandako herritarrekin batera. Egunkaria-ren izenean, Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko lehendakari ohiak hitz egin zuen. Egunkaria-ri «babesa, atxikimendua, elkartasuna, denbora eta dirua» eman dioten herritarrentzako esker hitzak izan zituen, eta gogorarazi zuen oraindik ere haien beharra izango dutela, «auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte, Egunkaria-ren zauriari odola baitario». Joan Mari Torrealdaik irakurritako adierazpena.
Ekitaldi xumea eta sentitua izan zen atzokoa. Han elkartu ziren kazetako langile izandakoak, adierazpen askatasunaren sinbolo bihurtu den kamiseta urdina soinean zutela. Haiekin batera, kulturgintzako pertsona ezagun ugari eta hainbat alderdi, gizarte eragile eta instituziotako ordezkariak. Naroa Iturri Hamaika telebistako kazetariak egin zuen aurkezle lana. Bideo baten bidez gogoratu zuten duela hamar urte jazotakoa: atxilotuen tortura salaketek eragin zuten mina, hurrengo egunetan kazetako langileek egunkari berri bat sortzeko egindako lana, gizarteak erakutsitako babesa, epaiketa izan zeneko uneak, eta beste. Ondoren, Aitor Gorosabel musikariak bi abesti kantatu zituen; lehena, Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak sortutako Bertso berriak, eta, jarraian, duela 22 urte Egunkaria sortzeko kanpainan laguntzeko Gorosabelek berak egindako Zu zara egunkaria.
Auzipetuen izenean, Torrealdaik hartu zuen hitza. Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabaki hark eragin zituen askotariko kalteak gogorarazi eta salatu zituen, eta azaldu zuen 2010eko apirilaren 12an, auzi nagusiko absoluzio epaia jaso ondoren, kalte-ordainak eskatzen saiatu zirela, baina eginiko saioa «ustela» izan zela. Urtarrilaren 21ean jaso zuten ezezkoa, eta Torrealdaik jakinarazi du helegitea jarri dutela, «ezer lortzea zaila dela jakin arren». Horrekin batera, gogoratu zuen auzi ekonomikoa deiturikoa zabalik dagoela, eta nabarmendu auzi horretako zigor eskariak aurrenekoan baino handiagoak direla. Denera, 128 espetxe urte eta 221 milioi euroko isuna.
Egunkaria ixtea, tortura salaketa gogorrak eta espetxealdi luzeak ekarri zituen lehenengo polizia operazioa egin eta zortzi hilabetera, 2003ko urriaren 16an, bigarren operazioa diseinatu zuten Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kazetarekin zerikusia zuten enpresen finantzaketa ikertzea zuen helburu, eta Egunkaria-ren proiektuarekin, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkearekin eta Berria Taldearekin lotutako zortzi lagun atxilotu zituzten. Atxiloketa horietan du jatorria auzi ekonomikoak, eta zortzi lagun daude auzipetuta: Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabal —operazio hartan atxilotuak—, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —aurrenekoan atxilotuak—, eta Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu —gerora auzipetuak—. Torrealdaik azaldu duenez, guztira 25 lagun inputatu zituen Del Olmo epaileak Egunkaria-ren aurkako bi sumarioetan, horien artean hilda zegoen Joxemi Zumalabe, eta Martin Ugalde —inputatuta hil zen—.
Adi egoteko deia
Donostian epaituko dituzte auzi ekonomikoko zortziak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eskuetan baitago sumarioa, Auzitegi Nazionala auzitik inhibitu ostean. Zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea leporatzen diete, eta fiskaltza da akusazio bakarra. «Egunkaria itxi zuen PPren gobernuan, Aznar zen presidente eta Mariano Rajoy lehendakariorde. Fiskaltza gobernupeko organoa izanik, gure beldurrak sustrai sakonak ditu», ohartarazi zuen atzo Torrealdaik.
Auzi nagusian bezala, Dignidad y Justicia elkarteak egindako zigor eskaerara partzialki atxiki zitzaion bere garaian fiskaltza, salaketa propioa landu gabe. Hala, honako hauek izango lirateke eskatuko lituzkeen zigorrak: hemezortzina urte eta 31 milioi euro Albisuri, Uriari, Auzmendiri, Sorsi eta Torrealdairi; hamahiruna urte pasa eta 25 edo 21 milioi euro, hurrenez hurren, Sorozabali eta Furundarenari; eta bederatzi urte pasa eta 20 milioi euro Zubelzuri. Donostiako fiskalak orduan egindako akusazioak eta zigor eskaerak erretiratu ez dituenez, auzia epaiketarako bidean da.
Torrealdaik atzo gogoan izan zituen bi operazioetan atxilotu eta inkomunikatu zituzten lagunak —aurreneko operaziokoak torturatu ere egin zituzten, bera barne—. Urteak igaro badira ere, «epaiketaren edo kondenaren jirabiran bizitzera» behartu dituztela salatu zuen Egunkaria-ko arduradun izandakoak; eta nabarmendu aske egonda ere, kontuak blokeatuta, ondasunak bahituta eta mugimenduak murriztuta bizi izan direla epaiketa bitartean, eta, oraindik ere, bi lagun badirela horrela. «Zoritxarrez, gutako askorentzat 2003. urtea ez da historia, eguneroko amesgaiztoa baizik, bigarren epaiketaren mehatxupean baikaude».
Ahulezia instituzionala
«Gu kalean gaude, baina Egunkaria ez», nabarmendu zuen atzokoan Torrealdaik. «Egun gogorra» izan zen 2003ko otsailaren 20a harentzat. Euskarazko egunkari bakarra ixtearekin, irakurleei ez ezik, langileei ere kalte egin zietela azaldu zuen. Gogoan izan zuen nola, Egunkaria-ren itxiera behin-behinekoa izanda ere, betiko ixtea ekarri zuen. Horren harira azaldu zuen ixtearekin batera likidatzea ere agindu ziela epaileak, ondasun oro salduz, Del Olmok berak behartuz itxierarekin eragin zituen zorrak ordaintzera. Itxi zutenean, Egunkaria zorrik gabeko egunkaria zen.
Era berean, Torrealdaik gogorarazi zuen operazio horrekin, Egunkaria itxita euskarari normalizazio tresna «paregabea» kendu, eta gizartea «pobretu» zutela, euskarazko komunikabide baten faltan utzita. Nabarmendu zuen horrek, halaber, agerian utzi zuela euskal instituzioen «ahulezia» gisa horretako eraso bati aurre egiteko. «Euskarazko lehen egunkaria horrela ixtea estigma lotsagarria da espainiar demokraziarentzat, eta guretzat, gure ahulezia instituzionalaren mugarria», adierazi zuen.
Horren harira, Torrealdaik nabarmendu zuen epaitu aurretik itxi zutela Egunkaria, eta itxieratik zazpi urtera Auzitegi Nazionaleko tribunalak «egurra» eman ziola hura onartu zuen epaile instruktoreari. Eta absoluzio epaiak dioena ekarri zuen gogora: Euskaldunon Egunkaria ixtea ez zela neurri egokia izan, guztiz neurririk gabea izan zela, itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zela. Euskarazko egunkaria horrela ixteari «estigma lotsagarria» deritzo adierazi zuen, eta galdera bat bota zuen airera: «Nork ordainduko du egindako kaltea, kalte pertsonala, morala, ekonomikoa, linguistikoa, kulturala? Noizko erreparazioa?».
Auzi ekonomikoan eskaturiko zigor urteak
Orain arte eginiko akusazioak eta zigor eskaerak berretsiz gero, fiskaltzak 128 espetxe urte eta 221 milioi euroko isuna eskatu du zortzi auzipetuen aurka. Sumarioa Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eskuetan dago.
Jaurlaritza: «Gertatutakoa ez dadila berriro gertatu»
Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk ez zen izan atzo Martin Ugalde kultur parkean, baina ohar labur bat kaleratu zuen, ekitaldia amaitu eta minutu gutxira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren Komunikazio Kabinetearen izenean. Oharrean, Jaurlaritzak adierazi du «behin eta berriro» gogoratzea komeni dela itxierak egin zuen kaltea. Euskal kulturak, oro har, euskarak, bereziki, eta erasoak zuzenean eragindako Egunkaria-ko langileek «egoera guztiz bidegabe baten ondorioak» pairatu zituztela dio, eta ezin dela halakorik errepikatu etorkizunean. «Hamargarren urtemuga hori baliatu nahi dugu gertatu zena bezalakoak ez errepikatzea eskatzeko».
Argazkian, Joan Mari Torrealdai adierazpena irakurtzen, Andoainen.