Preso daudenei, akusatuen aulkian eserarazi eta absolbitu zituztenei eta berriz eseri eta zigortzeko arriskua dutenei saria eman die Gipuzkoako Diputazioak. Haiei, eta haien atzean, anonimoki lanik gabe utzi eta epaitu zituztenei. 260tik gora Egunkaria-n eta 200etik gora Egin-en. Saria, haiek guztiek, beren ilusio, amorru, indar eta gogo guztiz sutsu defendatutako adierazpen askatasunari. Lantokiak itxi arren, isilarazi ez zituztenei. Isilduak izango zirelakoan kolpatu, baina informazio eskubidearen eta adierazpen askatasunaren defendatzaile bihurtu zirenei.
Diputazioak eman die saria Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Espainiako Poliziak zein Guardia Zibilak itxitako bi komunikabideetako langileei. «Hizkuntza gutxitu batean egunkari handi bat egiteagatik» saritu zituzten Egunkaria-koak, besteak beste, eta «adierazpen askatasun berri baten bultzatzaile» izateagatik Egin-ekoak. Hala azaldu zuen ekitaldia aurkezteko ardura izan zuen Maider Egues kazetariak.
Atzo egin zuten sari banaketa, Diputazioan. Aretoaren puskarik handiena kazetariz eta bi hedabide horietako langilez bete bazen ere —lanean ari zirenekin ez, haiek beste gela batean zeudelako—, ez zen haientzat izan sari nagusia. Nestor Basterretxea artistak jaso zuen Diputazioak ematen duen Urrezko Domina. «Gipuzkoako gizarteak merezitako aitorpena eta esker ona» adierazi nahi izan dio horrela «gipuzkoartutako bermeotarrari» (Bizkaia).
Eskertuta azaldu ziren guztiak sariarekin. Gurutze Zabalzak, Ainhoa Albisuk eta Bego Zubelzuk jaso zuten Egunkaria-ko langileen saria, eta epaiketara bidean den auzi ekonomikoan auzipetutako zortzi lagunei eskaini zieten. Albisu eta Zubelzu auzipetuta daude auzi horretan, eta baita Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Fernando Furundarena, Mikel Sorozabal eta Joxemari Sors ere. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak dago auzia, eta fiskaltzak 128 urteko espetxe zigorra zein 221 milioi euroko isuna jarri nahi die guztiei. Ez dakite epaiketa noiz izango den.
Egunkaria-ko langileen saria jasotzera joan ziren hiru lagunetako bat bera ere ez da kazetaria. Hala nabarmendu zuten beraiek: «Denetarik behar da egunkari baten barruan: kazetariak bai, baina saltzaileak, administratzaileak, diseinatzaileak, banatzaileak, informatikoak, kudeatzaileak, itzultzaileak eta abar ere bai».
Euskarazko kazeta sortzea erronka handia izan zela ekarri zuten gogora. Batetik, herri ekimenez sortutakoa zela nabarmendu zuten, eta bestetik, ezinezkoa zela esaten zena egin zitekeela erakutsi behar izan zutela: «Ez omen zen kazetaririk. Ez omen zen enpresa indartsurik. Ez omen zegoen irakurlerik. Ezinik ez zegoela erakutsi genuen». Joan Mari Torrealdai Egunkaria auzian zigortu eta errugabetu zutenetako batek, ere horixe nabarmendu zuen ekitaldian eman zuten bideoan: «Hizkuntza ez omen zegoen prestatuta, orduan estilo liburu bat egin genuen». Egunkaria bera eskola bilakatu zen: euskaraz publizitatea egitea ere bazegoela erakutsi, eta saldu zitekeela. «Euskarazko egunkari bat natural izatea lortu zuen, eta desagerrarazi ezina izatea».
Torrealdaik badu samina halako ilusio eta 90.000 herritarren ekarpenarekin sortutako egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuelako, baina, Egunkaria bizirik dago bere hitzetan: «Berria-k 23 urte ditu; Berria da Euskaldunon Egunkaria».
Hala esan zuen Zabalzak ere: «Euskaldunon Egunkaria-n ikasi genuenarekin gai izan ginen, herri mugimenduari esker, euskaldunon egunkari Berria argitaratzen. Harro gaude horretaz ere!»
Harro egindakoaz
Lantokia indarrez itxi izanak ez ezik, han lan egitearen harrotasunak ere berdintzen ditu bi hedabideetako langileak. Hala esan zuen Iñaki Iriondo kazetariak, Tomas Arrizabalaga Egin-eko lankidearekin eta Ixiar Arteaga Egin irratiko esatariarekin batera saria jaso zuenean. «Harro ginen egiten genuenarekin, eta harro gaude gaur ere». Askotan «beste inon» ateratzen ez ziren informazio eta iritziak ematen zituztelako.
«Aznarren aginduzko, Garzonek sinatutako, eta beste askok txalotutako itxiera izan zen», ekarri zuen gogora. «Pertsona askok lana galdu genuen, baina beste askorentzat askoz gogorragoa izan zen, okerragoa. Hamar lagun kartzelan daude. Hori eskandalagarria eta krudela da, Pablo Gorostiagaren kasuan berriki argi ikusi dugun bezala».
Duela 15 urte Egin itxi eta biharamunean Euskadi Informacion kaleratu zutela ekarri zuen gogora Iriondok. Langileei eta laguntza eskaini zietenei esker atera ziren kalera. «Hamabost urte pasatu dira, eta gutako askok beste kazetaritza proiektuetan jardun dugu beharrean». Bere esanetan, Egin-ek gogo biziz eta letra handiz idatziko zituzkeenak idazten: «Eginez egin egingo dugu».
Euskal Herriaren historia bertatik kontatzeko sortu zen Egin Mariano Ferrer zuzendari izandakoak ekitaldiko bideoan nabarmendu zuenez: «Euskal Herria subjektu pasibo ezin zitekeela izan uste genuen. Besteek guri buruz hitz egin beharrean geuk hitz egin behar genuela gutaz».
Eta horixe nabarmendu zien Garitanok ere bi komunikabideetako langileei: «Zuena bezalako lanari esker, hobeto idatzi ahal izango dugu Euskal Herriko historia». Euskal Herrian kazetaritza lana egitea ez dela «erraza» izan nabarmendu zuen Garitanok: «Malko asko isuri da Euskal Herriko erredakzioetan. Ez dadila berriro halakorik gertatu».
Auzi ekonomikoan eskaturiko zigor urteak: 128
Orain arte eginiko akusazioak eta zigor eskaerak berretsiz gero, fiskaltzak 128 espetxe urte eta 221 milioi euroko isuna eskatua du Euskaldunon Egunkariaren ‘auzi ekonomikoa’ deiturikoan auzipetuta daude zortzi lagunentzat.
Argazkian, Ainhoa Albisu, Begoña Zubelzu eta Gurutze Zabalza Egunkaria-ko langile ohiak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskutik saria jasotzen atzo, Donostian.