Auzi ekonomikoko zigor eskaerei eutsi die fiskalak, eta ahozko epaiketa egitea galdegin du

2014, apirilak 8

Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin dute Donostian. Auzia artxibatzeko eskatu dute zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta daudela argudiatuta. Kronologia eta zigor eskaerak

Nola edo hala ahozko epaiketatik pasarazi nahi ditu Espainiako Estatuko Fiskaltzak Euskaldunon Egunkaria-ren auzi ekonomikoan auzipetuta dauden zortzi lagunak. Esan du auziko fiskalak: «Baliogabetzeko eskaera guztien aurka egingo dugu». Aurrez idatzitako gidoi bati jarraituko balio bezala mintzatu da, pluraleko lehen pertsona erabiliz, gehienetan; oso antzeko hitzekin erantzun die defentsaren galdegite eta argudioei — «ez gatoz bat horrekin»—, eta orain arte eginiko zigor eskaerei eutsi die. Defentsak, aldiz, argudiatu du ez dagoela loturarik akusazioan aipatzen diren egitateen eta ustezko delituen artean. Horren harira, azpimarratu du aipatutako egitateak auzi nagusian epaitu zirela, eta ez zela frogatutzat eman akusazioa—Egunkaria-ren eta ETAren arteko ustezko lotura ekonomikoa, bereziki—. Nabarmendu du, halaber, delitua egongo balitz ere, preskribituta legokeela. Orain epailearen esku dago hori hala den edo ez ebaztea.

Epaiketa abiatu edo ez aztertzeko, jendaurreko saioa egin zuten atzo. Aurrena. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko akusatuen aulkian eseri ziren Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak—. Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatu du fiskalak zortzientzat. Auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.

Fiskaltza da akusazio bakarra. Dignidad y Justicia elkarteak auzian parte hartu nahi zuen, pieza nagusian bezala. Baina kanpoan utzi du Gipuzkoako auzitegiak, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi ostean auziak «delitu terroristekin» zerikusirik ez duela. Fiskaltzak, halere, mantendu egin ditu elkartearen akusazioak eta baita horietara heltzeko erabilitako «kontakizuna», defentsak salatu duenez. Akusazioen artean, dena den, bakarra erretiratu du: 2000 eta 2001eko BEZaren gainean iruzurra egitearena. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an aurkeztutako txosten batean oinarrituta kendu du akusazio hori. Aldundia pertsonatu egin zen auzian, kaltetu gisa, baina txostena jaso ostean, utzi zuen kasua.

Ustezko beste kaltetua Eusko Jaurlaritza litzateke, baina defentsak gogoratu du bi alditan eskatu zaiola auzian pertsonatzeko, eta beti egin diola uko. Gainera, Egunkaria-ri emandako diru laguntzak legezkoak zirela jasotzen duten bi txosten utzi ditu aldeen esku: 2012an, Patxi Lopezen gobernuaren Kultura Sailak eginikoa bata; eta bestea, Iñigo Urkulluren gobernuko Ogasun eta Finantza Departamenduak, 2013an. Biak Fiskaltzaren eskuetan dauden arren, defentsak salatu du horiei buruzko azalpenik ez duela eman edo ez dituela aintzat hartu akusaziok eraikitzerako orduan.

Izan ere, auziko fiskalak jarrera berari eutsi dio auzia Gipuzkoara bidali zutenetik. Irmo mintzatu da, defentsaren eskaera guztien aurka, eta epailearen eskuetan utzi du pilota. Hark erabaki behar du ahozko epaiketa abiatu edo ez. Baina egin egiteko eskatu dio fiskalak; esan du auzi saioetan aurkeztutako frogak aztertu ondoren ikusiko duela zigor eskaerak aldatuko dituen edo ez.

Eskaera guztien aurka

Defentsaren aldetik, berriz, bi izan dira auzia artxibatzeko eta, beraz, akusatuak absolbitzeko erabilitako argudioak. Batetik, gogora ekarri du fiskaltzaren txostenean jasotzen diren egitateen eta ustezko delituaren artean loturarik ez dagoela; egitate horiek, gainera, Auzitegi Nazionalean epaitu zirela eta ez zirela frogatutzat eman. Defentsak salatu duenez, «kontakizun» horri —Egunkaria eta ETAren arteko ustezko lotura— eusten dio oraindik ere auziko fiskalak.

Defentsaren beste argudio nagusia izan da ustezko delituen preskripzioarena. Auzipetu gutzien kasuan eta, bereziki, hirurenean. Azalpen zabala eman du Iñigo Iruin abokatuak puntu horren inguruan, eta zenbait kontsulta egiteko, auzia eteteko eskatu dio fiskalak epaileari. Tarte horren ostean, eutsi egin dio ezezkoari: esan du legeak preskribatze epeei buruz esaten duenaren interpretazio «oso zurruna» egin duela abokatuak; hori maiz eginez gero epaiketa gutxi egingo liratekeela. Beste argudio batzuk ere erabili ditu defentsak — oinarrizko eskubideen urraketak, proposatutako lekuko eta perituen desegokitasuna…—. Horiei ere ezetz esan die fiskalak.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>