Jakes Goikoetxea, ‘Egunkaria’-ko langile ohia
Erraiak sutan, odola irakiten, begiak malkoek lausotzear. Bat-bateko jakinarazpena, oihuren bat, txaloak inguruan, xanpain apur bat ezpainetan. Gogoa duela hamaika urteko zorigaiztoko goiz hartara, eta goiz hartatik aurrera bizitako eta gordetako bizipenen, sentimenduen eta irudien biltegira. Flash nahaspilatuak. Lazgarriak gehienak, baina onak beste asko, jasotako elkartasun beroari esker.
Memoria pertsonala, baina baita herri honen memoria kolektiboa ere. Kapitulu garrantzitsua euskararen —eta herri honen— liburu beltzean.
Auzi ekonomikoa itxi dute. Gaitzerdi. Egunkaria-k itxita jarraitzen du. Atxiloketek eta atxilotzeko moduek denboran atzera egiteko aukerarik gabe. Torturak ikertu eta zigortu gabe. Kartzela egunetan galdutako askatasunak berreskuratu gabe.
Ez barkamenik. Ez justiziarik. Ez erreparaziorik.
Egunkaria-ren itxierarekin hautsitako bizitzak, ilusioak eta xalotasunak konpondu gabe.
Bidean hil dira Luis Goia, Inma Gomila, Joxean Lizarribar eta Martin Ugalde.
Fundamentuzko, benetako errelatorik bada, Egunkaria-ren itxierak izan behar du errelatoaren parte.
Auzi ekonomikoa, Egunkaria auzia, itxi dute, baina zauriek irekita jarraitzen dute.
Ni behintzat gau gehienetan ez naiz oheratzen pentsatu gabe goizean itxita topa dezakedala gauean zabalik utzi dudan egunkaria; bihar eskuburdinak jantzita eta burua makurrarazita ikus ditzakedala gaur parez pare izan ditudan lankideak.
Eta inork ezin dit ziurtatu berriro gertatuko ez denik.