Salaketa gogorra egin zuen atzo Joan Mari Torrealdaik Baionako jardunaldietako azken saioan. Euskaldunon Egunkaria-ren bortxazko itxiera jarri zuen sortu zaion minbiziaren eragile. Ez da Torrealdairen asmakizun hutsa: Imanol Kerejeta psikiatraren urteetako ikerketan dago oinarrituta salaketa hori. Imanol Kerejeta (Caracas, Venezuela, 1953) Donostiako Unibertsitateko Psikiatria zerbitzuburua da. Euskaldun berria da, eta maisutasunarekin darabiltza euskara eta kontzeptu zientifikoak.
Joan Mari Torrealdaik oso salaketa zuzena egin du jasandakoaren eta minbiziaren arteko loturaz.
Badago lotura bat gaixotasun fisikoaren eta estresaren edota depresioaren artean. Bi norabideko bidean daude biak. Ikerlari asko ari da fenomeno hori ikertzen Joan Mari Torrealdairen kasuan, trauma ondorengo estresa izan da aurrena, eta gaitza gero.
Zer gaixotasun fisikoz ari zara? Minbiziaz?
Ez, ez hori bakarrik, minbizia, gaixotasun immunitarioak, inflamatorioak… azken batean inflamazioa azpian daukaten gaitzak dira. Artritis erreumatoidea, bihotzeko arazoak ere bai… Estresak erantzun toxikoa sortzen du gorputzean; estresak hipofisia astintzen du, kortikoideak askatzen ditu odolean, eta hor segitzen badute, toxikotasun bat sortzen dute. Falta zaigu jakitea zerk jartzen duen prozesu hori martxan; badirudi entzima bat dela.
Eta nola eragiten du horrek gorputzean?
Gorputzak badu kortikoide kantitatea neurtzeko sistema bat; hipofisiak egiten du lan hori, eta gehiegizko kantitatea sumatzen duenean, abisatu egiten du. Estres kronikoa sortzen denean, deskontrola gertatzen da, eta autoimmunitatearen jaitsiera bat gertatzen da.
Hipotesi hori oso zabalduta dago?
Bai, gero eta gehiago, ekainean mundu osoko adituen biltzarra dago Dublinen, estresaren, inflamazioaren eta depresioaren arteko harremanaz. Literatura zabala dago arestian aipatu dugun hipotesiari eusten. Badago IDO izeneko substantzia bat, entzima bat dena, azkenaldian ikergai preziatua bihurtu dena; iparramerikarrek bilioi bat dolar inbertituko dute hurrengo urteotan IDO horren ikerketan.
Noiz ohartu zineten estresaren, inflamazioaren eta depresioaren arteko loturaz?
Hasieran depresioarenaz bakarrik ohartu ginen, duela 10 bat urte edo. Badago jendea traumaren osteko estresaren ondoren, baita gazte jendea ere, narriadura kognitiboa antzematen dioguna, oroimenaren galera… baina beste batzuk ere garatzen dituzte, bihotzeko arazoak… Hori ikertuta dago.
Denek berdin garatzen dute?
Ez, denek ez dute erantzun bera, eta ondorio desberdinak dauzkate, baina jatorrian traumaren ondorengo estresa, depresioa edo bestelako egoeraren bat daukate. Hipotesiak dio minbizien iturburua hor egon dagoela; oraindik ezin da esan frogatua dagoenik; horregatik inbertituko dute horrenbeste diru IDOaren ikerketan. IDOa neurtu genuen joan den udan, eta Berlinen, Brasilian eta Kolonbian egindako kongresuetan aurkeztu genuen, eta azken datuak Dublingo horretan azalduko ditugu. EHUrekin batera egin dugu ikerketa.
Orain arte entzun dugu gaixotasuna harrapatu ondoren estresatzen edo deprimitzen zela gaixoa, baina zuen hipotesiak ordena aldatzen du: lehendabizi traumaren ondorengo estresa dago, edo depresioa dago, eta gero gaixotasun fisikoa.
Ohartu gara gaixotasun horiek dauzkaten askok aurretik depresioa edo traumaren ondorengo estres arrunta zeukatela, eta, horren ondorioz, kortisol kantitate handia zeukatela. Istripua, erasoa, lekuko izatea, hondamendi naturalak… halakoetan izaten da kortisolaren gainekoizpena.
Esan dezakegu traumaren ondorengo estresak sor dezakeela minbizia?
Horren sendo oraindik ez, baina bai badagoela lotura bat. Sistema autoimmunitarioa piztu egiten da, eta zure kontra egiten du lan, bihotzekoak, artritis erreumatoidea, minbiziak, eskizofreniak, lupusak… horrelako gaitzak sortzen dira. Oraindik asko falta da ikertzeko, eta lagin ugariak edukitzeko, baina ikertuak hipotesi horretara garamatza.
Joan Mari Torrealdairen kasura joanda, nola hasi zinen kasu hori ikertzen?
Joan Mari Egunkaria itxi zutenetik ezagutzen dut; ez dauka minbizi aurrekaririk familian, eta mentalki sendoa da, sekula osasun arazorik gabekoa. Estres karga handia igarotakoa, oso estres berezia, Egunkaria-ren auziagatik bizi izandakoa, atxiloketa garaikoa, kartzelaldia, epaiketak bitarteko bizipenak. Askotan esaten zuen paperak berreskuratu behar zituela, zapaldu egin zutela berak egindako lana, mespretxatu. Kolpe gogorra izan zen egindako lanaren aurka. Ezin dugu ziurtatu, baina bai kontsideratu eta ikertu. Traumaren ondorengo koadro batekin datorkit Joan Mari, oso nabarmena: amets errepikatuak… Ez da gaixo depresiboa, baina estres gogorra bizi izandakoa bai.
Eta halako batean, hezur-muineko minbizia daukala esan dizu Torrealdaik.
Bai, nik esana nion, aurretik, bizi izandako hark sortutako estresak ondorio fisikoak ekarriko zizkiola, eta horrela gertatu da. Ezin da baieztapen borobilik egin, jasandako estresa eta hezur-muineko minbizia erabat lotzeko, baina beste kasu batzuen ezaugarriak dauzka.
Egunkaria-ren auzian eskainitako babes zabala eta jarraitua terapeutikoa izan zen orduan?
Horrek beti laguntzen du traumaren ondorengo estresaren ondorioak leuntzen, beti.
Euskal Herriko gatazkan biktima asko egon dira, eta pentsatzekoa da Torrealdairena bezalako kasu asko egongo direla, horrenbeste hildako eta torturaturekin…
Hala izango da; ikertu gabe dago lagin handi bat, baina estres handia eduki du jende askok. Ondorio zuzenak eta zeharkakoak. Ona litzateke, baina zauriak oraindik irekita daude. Denek sufritu dute; estres horiek, ikuspegi klinikotik, sorburu bera daukate, eta ondorioak ere bai.
Gerta liteke Torrealdai egin duen salaketa gogorraren inguruan batzuek esatea biktimismoan erori dela, intentzio maltzurren batekin egina dagoela…
Gerta liteke, bai, eta onartuta edukiko du; baina orain esan behar du hori, 25 urte barru ezin izango du. Erabaki ausarta da, baina gure ikerketak daude atzean.