Txema Ramirez de la Piscina (EHUko kazetaritza irakaslea)
Juan del Olmo Galvez epailearen aginduz, 2003ko otsailaren 20ko gau ilunean, armez hornitutako hamarnaka guardia zibilek bere jarduera eten izan ez balute, Euskaldunon Egunkaria zenak igande honetan 25 urte beteko zituzkeen. Zorionez, haren lekukoa hartu duenik bada, badugu. Esku artean duzu, irakurle. Mende laurdena. Bai, mende laurdena joan zaigu Euskaldunon Egunkaria jaio zenetik hona. Artikulu honen egilea estreinatu berria zen Kazetaritza-irakasletzan. Makina bat aldiz irakurri/entzungo zenuten zenbat aldatu den lanbide hau bitarte honetan. Ez hainbeste, ordea, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA egunkariek euskal kazetaritzari egindako ekarriaz.
Nola neur liteke atsegina edo mina? Nola pisatu maitasuna edo gorrotoa? Neurriekin, obsesionatuta bizi den gizartea da gurea. Batzuetan, posible da, baita beharrezkoa ere sarritan; besteetan, nekezago izateaz gainera, alferrikako jardunbidea da, zifra batek ezer gutxi argitzen duelako askotan.
Berripaper honek kazetaritzari –ez soilik euskal kazetaritzari– kazetaritzaren lanbideari oro har, egin dion ekarpena nabarmena izan da. Horren lekuko dira mende laurden honetan Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA kazetek atera dituzten bost estilo liburu –1992., 1995., 2001., 2006. eta 2013. urteetan– (horietako batzuek, gainera, argitaraldi bat baino gehiago izan dituzte). Ez dakit tarte horretan horrenbesteko ekoizpena egin duen beste kazetarik egongo den. Azken estilo liburua, gainera, mundu guztiarentzat da eskuragarri Interneten (www.berria.eus/estiloliburua).
Ekarpen handia egin dio, bai, kazeta honek kazetaritzaren munduari. Baten faltan, honatx hiru arrazoi sendo (ene irudikoz): arau-emaile, terminologia-finkatzaile eta estilo-sortzaile lanetan egindako ekarpenak. Asko egin du; izugarri; Argia astekariak egin duen bezala edota hamarnaka tokiko hedabide egunero egiten ari diren bezala; baita EITBko profesionalek ere, noski. Ekarpen horiek are baliagarriagoak dira kontuan izanda oraindik ere gutxiagotuta eta normalizatu gabe dagoen hizkuntza batez, eta historia laburra duen kazetaritzaz ari garela. Ez gara hain desberdinak: zergatik ote, hemen ere, kanpoko ogia beti etxekoa baino hobia? Saltzaile hobeak behar ditugu, zalantzarik gabe.
Arau-emaile. Egia da arlo horretan Euskaltzaindiak duela ofizialtasunaren bermea. Era berean, egia ere bada, sarritan, E. Egunkaria edo BERRIAko profesionalek aurrea hartu diotela Akademiari, eta, gero, euskaltzainek ontzat eman dutela aurrenaz paperean ikusitako zenbait praxi egoki. Kazeta egunero berritzen den produktua da. Ezin da Euskaltzaindiaren zain egon. Berdina jazo da beste hizkuntzetan eta beste Akademiekin ere. Gertatzen dena da kasu honetan euskaraz zabaltzen den kazeta bakarra hauxe dela, eta, horregatik, bere ekarpena nabarmenagoa izan da.
Terminologia-finkatzaile. Gaur egun ohiko egin zaizkigun terminoak duela 25 urte finkatu gabe zeuden. Nola eman euskaraz gaztelaniaz hain ezagunak genituen EEUU, IVA, PIB, PIN, IPC edota FMI bezalako akronimoak? Hartara etorri ziren Estilo buruak. Gaur egun ezagunak ditugu sigla horiek, baina euskaraz: AEB Ameriketako Estatu Batuak, BEZ Balio Erantsiaren gaineko Zerga, BPGd Barne Produktu Gordina, BPGb Barne Produktu Garbia, KPI Kontsumo Prezioen Indizea, NDF Nazioarteko Diru Funtsa. Beste horrenbeste esan liteke kanpoko tokiko izenekin ere: nola idatzi grafia euskaratuan alfabeto arabiar, pertso arabiar edo zirilikoa esaterako? Horretan ere lan makala egin dute.
Estilo-sortzaile. Txukun idatzi. Ulergarri, gustagarri. Zein erraz idazten diren hitzak, eta zein zail egiten zaigun batzuetan helburu hori betetzea. Horretan ere, kazeta honek marka ezarri du, erreferentzia bat, eredu bat, beste euskal hedabideek ere kontuan hartu eta erabili dutena.
Aipatu hiru ekarpen horiek hizkuntzari lotutakoak izan dira, baina beste hainbat aipa litezke. Artikuluaren tamainak, ordea, ez digu horretarako betarik ematen. Ezin aipatu gabe utzi, baina, kazeta honek erakutsi duen irekitasuna hunkibera ziren hainbat gai lantzeko, gatazkaren konponbiderako jarri dituen mugarriak eta, jakina –last but not least– euskal kulturari eta literaturari egin dion ekarria. Horregatik guztiagatik, bai E. Egunkaria bai BERRIA ere eguneroko tresna izan dira eta dira gure Fakultateko ikasgeletan, mintegiko bileretan, ikerketetan eta artikulu zientifikoetan. Mila esker.
Antzinako Erroman bi buruzagitza mota bereizten ziren: potestas eta auctoritas. Lehena erabakiak hartzeko gaitasunari zegokion, karguari esleitutako ahalmena zen; botere formala, nolabait esateko. Bigarrena, berriz, komunitatetik zetorren; jakintzatik, gaitasun etikotik, zilegitasun sozialetik, alegia. Legez ez zuen balio loteslea, baina zuen indar morala ukaezina zen. Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA kazetek ez dute inoiz potestas izan. Alderantziz, sarritan, hango eta hemengo botereen tratu txar edo uzkurkeria jasan dituzte. Beste zerbait lortu dute, ordea: aginterik gabeko autoritatea: auctoritas, alegia. Eta hori oso gutxiren esku dago.