Lucien Etxezaharreta (Egunkaria-ko langile ohia)
Gogoan daukat 1990eko abenduaren 6 hori: zainetan geunden Baionan nola aterako zen Durangoko Azokaren lehen egunerako asmatua zen ume berria. Oroitzen naiz bezperako gauean Baiona Ttipiko arkupeetan ibilirik gauerdi inguru horretan, bazter hutsetan, halako kezka zerbaitekin, Errobi bazterrean Galuperia kaiaren 2an lehen solairuan jarria genuen ordezkaritzatik hurbil. Kezkatua ere Egunkaria-ko zuzendaritzako batek aurreko egunetan azaldua baitzigun idazteko modu «zeharo ezberdina» genuela Iparraldeko taldekoek, menturaz ez hainbat egokitua Gipuzkoako gehiengo euskaldunaren irakur sailei… Baina hori bigarren mailako arazoa zen; harrotasun handiarekin genbiltzan aurreko asteetan egin prestakuntzengatik.
Talde polita zen Baionako hura. Allande Sokarros zuberotarra, Etxebarrekoa, alabaina bertako kultur gaiez oso zaletua zena, baita ere Korsikako gorabeherez eta politika zeharbideez, Ekaitza aldizkarian idazle ere. Jaki Lautre garaztarra Buztintze herrikoak Gure Irratian urteak eramanak zituen, Iparraldea ongi ezagutzen zuela. Xan Goenaga euskaldun berria elkarte alternatiboetan zebilen; Baionan bizi eta hor prentsan lehen urratsak egiten zituen. Nire aldetik, Gure Irratian kasik hamar bat urteren ibilbidea nuen, Maiatz elkartean kudeatzaile eta aspaldian euskal prentsaren adar frankotan ibilia, taldearen koordinatzaile. Denak erdi denbora batekin hasi ginen.
1990. urtea prestakuntza urtea izan zen, uda bukaeran Donostian jai handi batekin bukatu zena, euskal kultur mundu osoko sostenguarekin, kantu eta bertso ugarirekin. Bizpahiru hilabetez ibili ginen ikasketak jarraitzen Argia-ko kazetari batzuen eskutik. Irri egiten genuen maiz, artikuluen titulu, azpititulu eta luzetasunak (hori zen zailena!) neurtu behar genituela. Gogoan dut behin, Andoainen norbait bizikletaz zihoana auto batek joa zuela, behar genuela gertakaria aipatu. Batek bizikletarien errespetu eskasa, besteak auto gehiegi eta abar… nola aipatu? Zein lehentasun? Bestalde, hemen Xipri Arbelbidek bere dudak agertu zizkigun: orduan maiz gertatzen ziren ETAren ekintzak nola aipatu? «Gudari», «ekintzaile», «terrorista» (hori ezinezkoa zitzaigula…) lanak? Gainera, Jaurlaritzaren laguntza eske zela Egunkaria-ren buruzagitza… arrautza batzuen gainean genbiltzala sumatzen zen.
Argi zen talde tematu baten fruitua zela Egunkaria. Joxemi Zumalabe, gizon isila baina efikaza nabaritzen zen, inguruan zituela Argia astekariko arduradun kartsuak. Tematze berezi hori azpimarratu behar da, nahiz badakigun nolako bide zailetarik euskal lorpen guztiak obratu diren urtez urte. Izen guztiak ezin agertu, baina Argia-ko taldea zinez eskertu behar da. Han genituen gure formakuntzak orduan deskubritzen genituen lehen ordenagailuekin. Lehendabiziko aldia zen «erredakzio informatizatu bat» bidean jartzen zela. Pentsatu behar da ez zela orduan ez Internet ez telefono mobilik. Baionan jarri ziguten modem sistema bat testuak helarazteko erredakzio nagusira, Lasartera. Argazkiena zaila izan zen: zuri-beltzeko laborategi bat jarri genuen gure bulegoko zolan. Argazkia behar zen eguerdiko Donostiarako autobusera eraman… nolako prisa eta zainetan jartzeak! Behar zen ere artikuluen bidaltzeko epea errespetatu; zaila zen askotan: arratseko 20:00etan zen azkena, Hernaniko Egin-eko errotatiba goizik erabili behar baitzen.
Kazetarien inguruan behar izan zen lantalde bat muntatu diru biltzeko eta sare baten osatzeko. Zaila izan zen, euskaltzale asko alde ziren, baina lan egiteko jende guti aurkitu zen. Banaketa zinez «artisau» modukoa izan zen, eta Hendaiako Txema Egigurenen jarrera heroikoa izan zen goizero Egunkaria-ren banaketa egiteko, prentsa banatzaileen itzulia eginez, Garazi eta Maule huts egin gabe. Zorionez, radar kontrolik ez zen, eta autoen gurpil eta motorrek zerbait jasan zuten. Hilabete sarien kontua berezia zen guretako, eurorik ez zen garai hartan. Heldu zitzaigun sobre bat pezeta billetekin baina kanbiatu behar nuen Pausuko mugan Inchauspe bankuan… Gaur egun esango zuten diru beltz zerbaiten «zuriketa» egiten nuela; maiz beldur hori izan zen.
Konta daitezke gauza asko. Berdin, gure bulegoaren goiko partean bizi zen adineko andere euskalduna… Noizbehinka gomitatzen gintuen prestatzen zuen salda beroaren hartzera. Aipatzekoa ere Egunkaria-ri eman nahi genion gure eskualdeko nortasuna. Naziotasuna zen zuzendaritzak eman nahi zuen irudia, baina gure euskal munduko tribuak bizi baitira, nola bildu hainbeste ezberdintasun, gainera administrazio zeharo ezberdinekin? Argi da lehen urte horiei esker mugaz bi aldeetako ezagutza gehitu zela. Geroztik tokiko gehigarriak sortu ziren, eta hemen dugu gure Iparraldeko Hitza astekaria. Idatzia zelarik orduan komunika ardatz nagusi, irakurleria baten finkatzea gure eskualdean premiazko zen, eta hasieran nekez lortu 300 bat irakurle zirenak pixkanaka gehitu ziren.
25 urte jadanik, eta obra handi horretan partaide izan garela hemen ere pozez aldarrikatu nahi dugu.