Iñaki Petxarroman
Ospatzeko egunak dira euskaltzaleontzat. 50 urte bete ditu Durangoko Azokak. Bilgune, topagune, arnasgune. Euskarak eta euskal kulturak desagertzeko benetako arriskua zuten frankismo beltzean sortu zuen azoka Gerediaga elkarteak eta bide oparoa egin du, gaur arte. Azoka bera bihurtu da euskal kulturaren indarraren erakusleiho, eta, aldi berean, bere ahuleziaren froga. Bost egun trinko hauetatik kanpora zabaldu nahi eta ezin duen kultura gutxitu baten dilema.
Duela 25 urte, biharko egunez, sortu zen Euskaldunon Egunkaria. Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak izenburuarekin iritsi zen irakurleen eskuetara. Sinetsi ezin eta nahi ez zutenen harriduraz, iraun ezinaren patua desio ziotenen kezkaz eta bizi luzea opa ziotenen pozaz. Ameslari batzuen lana zena honaino iritsi da, bidean kolpe larriak jaso baditu ere. Eta aurten ere, Durangoko Azokari buruz euskaraz informatuko du BERRIAk , Euskaldunon Egunkaria-ren ikuspegi eta espiritu berarekin.
Zabaltasuna eta irismena eskas omen ditu. Zabalagoa izan liteke? Segur aski, dena bezala. Kontua da hori egozten diotenek badutela euren informazio esparru propioa euskaraz betetzeko aukerarik. Zergatik ez duten egiten haiek jakingo dute. Euskaldunon Egunkaria ez zen sortu euskarazko kazeta bakarra izateko. Baina bakarra izaten jarraitzen du.