Euskara jomugan

2018, otsailak 18

(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Asteartean dira hamabost urte ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zutela. Guardia Zibilak euskararen aurkako operazio zabalagoa zeukan esku artean. Besteak beste, euskal ikur handienetako batean sartzea: Arantzazuko santutegian. Abisuak izan ziren, isilpeko mugimenduak, eta operazioa geldiarazi egin zuten. Kontakizuna osatu du BERRIAk.
p002_f01

Zauria bizi-bizirik zegoen artean. Lau egun Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Hamar lagun atxilotuta artean, Juan del Olmo epailearen aurrean deklaratzen hastear. Eta beste operazio bat Guardia Zibilak: Arantzazuko santutegiaren aurkakoa orain. Euskararen eta euskal kulturaren ikur nagusietako baten kontrakoa. Beste ikur baten kontrakoa. 2003ko otsailaren 24a zen, astelehena. Telefono deiak izan ziren, isilpeko mugimenduak. Eta guardia zibilak ez ziren Arantzazura heldu. Etzi beteko dira hamabost urte Egunkaria itxi zutela. Ez zen hura jomuga bakarra: euskararen aurkako are eraso handiagoa zen.

Mugimendu handiko egunak izan ziren. Otsailaren 20an, ostegunarekin, Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Hamar lagun preso eraman zituzten Madrilera, inkomunikatuta. Handik bi egunera, larunbatean, Donostian, oso manifestazio jendetsua egin zuten, itxiera hori salatzeko.

Jose Maria Aznar zen Espainiako Gobernuko presidentea; PPk gehiengo absolutua zuen. Elkarrizketek porrot eginda, erasoan jarraitzen zuen ETAk —hiru lagun hil zituen 2003an; besteak beste, Joseba Pagazaurtundua, Andoainen, Egunkaria-k egoitza zuen herrian, kazeta itxi baino hamabi egun lehenago—. Aznarrek terrorismoaren aurkakoa zuen gobernuaren jardun arlo garrantzitsuenetako bat. Eusko Jaurlaritza estatutu berria lantzen ari zen: Ibarretxe plana.

Egunkaria itxi aurreko udan, 2002ko uztailean, Barne Ministerioan aldaketak izan ziren: Angel Acebes izendatu zuten ministro, Mariano Rajoyren ordez —gobernuko bozeramaile izendatu zuen Rajoy, eta Presidentetza ministro: Aznarren ordezko izateko bidea martxan zuen Rajoyk—. ETAren «behin betiko porrota» lortzea jarri zuen xede Acebes ministroak, eta, horretarako, «ETAren inguruari» aurre egitea. Eta hor sartu zituzten euskararen alorreko eta euskal kulturako eragileak.

Guardia Zibilaren txostena

Ez zen gauetik goizerako kontua izan. Bi urte lehenago, 2001ean, Guardia Zibilak bazituen txosten batzuk eginak euskalgintzaren eta ETAren arteko «lotura» ardatz zutenak. 2001ean bertan kaleratu zuten horien berri hedabide batzuek. Lehena La Vanguardia izan zen. Lerroburu handiz eman zuen: ETAk dirua ezkutatzen du paradisu fiskal batean. Azpitituluan ageri zen euskalgintza: Guardia Zibila ikertzen ari da Karibetik funtsak bideratzen dituzten hogei editorial. Talde horietatik bi aipatu zituzten zuzenean artikuluan: Egunkaria eta AEK.

Euskalgintzako enpresa horiek dirua bideratzen ziotela ETAri, hori zen Guardia Zibilaren tesi nagusia. Hala zekarren artikuluak: «Enpresa editorialen sare baten bidez lortzen du finantzaketa eta gordetzen du dirua ETAk». Are, hau zioen enpresa horien jardun moduaz: «Paradisu fiskal batean dituzte deribazioak, eta kapital zuritzeetan erabili ohi den funtzionamenduaren gisakoa dute».

Oraindik orain liburu bat kaleratu du Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboko buruak, Manuel Sanchez Corbik: Historia de un desafío (Desafio baten historia). Tesi haiek berretsi ditu: «Operazio hura Guardia Zibilaren ikerketa ildo baten emaitza izan zen: enpresa sare baten eta ETAren finantzaketaren arteko ustezko lotura azaleratu zen. Hainbat sozietateren arteko lotura ezarri zen: pertsona gutxi batzuek kontrolatzen zituzten, eta ustez ETAren funtsak kanalizatzen zituzten, jatorria Holandarren Antilletan zeukatenak». ETAren Udaletxe proiektuarekin ere lotu zuten Egunkaria, Sanchez Corbiren arabera: ETAren «autofinantzaketarako» tresna zela uste zuten. Udaletxe egitasmoaren barruan aipatu zituzten hainbat eragile: besteak beste, Egin, Egunkaria, AEK eta Txalaparta.

Euskalgintzako erakunde batzuetan miaketak egin zituzten Egunkaria-ren kontrako operazioaren bueltan, atxilotuen lantokiak baitziren: Argia eta Jakin aldizkarietan, Ikastolen Elkartean, Martin Ugalde kultur parkean… Baina Guardia Zibilak hori baino asmo handiagoak ere bazeuzkan.

Abisua

Dei bat. Telefono dei bat Espainiako Kongresuko ordezkari jeltzale bati, Joxe Joan Gonzalez de Txabarriri: Arantzazura bidean zen Guardia Zibila. «Elizaren inguruko pertsona modura» ikusten zuten, Txabarriren beraren esanetan, eta horregatik hots egin zioten. «Abisu modura esan zidaten: ea saihesten genuen». Deitu zionaren izena gorde egin du, abisua eman zuena ez salatzeko. PPko ordezkari bat zen, operazioaren berri aldez aurretik zekiena. «Asaldatu egin ziren Elizaren inguruko PPko sektore batzuk; Madrilgo PPko jendea». Santutegi batean sartzera zihoan Guardia Zibila. «Eta arrastotik pasatzea zen hori».

Arantzazuko fraideekin bazeukan harremana Txabarrik. «Telefonoa eskegi, eta berehala deitu nuen Arantzazura. Nire lagunak ziren. Ez nuen bi aldiz pentsatu».

Garai hartan Telesforo Zuriarrain zen Arantzazuko goardianoa, nagusia —2015eko maiatzean hil zen—. Harekin hitz egin zuen Txabarrik. Egun haietan, hala ere, Arantzazun zegoen frantziskotarren beste arduradun bat ere: Joxe Mari Arregi, probintziako burua. Haren agintepean zeuden frantziskotarren hogei anaidi: Gipuzkoakoak, Bizkaikoak, Arabakoak eta Nafarroakoak —baita Espainiako batzuk ere: Burgos, Errioxa, Soria, Valladolid eta Kantabriakoak, eta Madrilgo anaidi bat—. Egun hartan Arantzazun egokitu zen. «Bisitan nengoen hemen». Probintzialak aldian-aldian egiten ditu estilo horretako bisitak, fraideekin egoteko. Arantzazun bertan bizi da gaur egun Arregi; santutegiko bikarioa da.

Ondo gogoan dauka egun hura. «Bulegoan nengoen, eta Zuriarrain etorri zitzaidan: Txabarrik hots egin ziola, Guardia Zibila zetorrela». Lau egun ziren guardia zibilak Egunkaria-ren egoitzan sartu zirela. Atxilotuen artean zegoen Joan Mari Torrealdai, Egunkaria-ren administrazio kontseiluko lehendakaria. Frantziskotarra izana da Torrealdai, Arantzazun bertan —hantxe hasi zen, hain justu ere, Jakin aldizkarian—.

Torrealdai bera zen, izatekotan ere, Egunkaria-ren kontrako operazioaren eta Arantzazukoaren arteko lotura posible bakarra. Azaldu duenez, hala ere, atxilotuta egon zen egunetan «sekula» ez zioten Arantzazuri buruz galdetu.

Ezinegona eragin zuen Txabarriren deiak Arantzazun. «Guardia zibilak komentuan, miaketak egiten… Irudi gogorra zen hori guretzat», azaldu du Arregik. Egunkaria-ren irudiak berri-berriak ziren. Fraideen artean ez zuten zabaldu Txabarrik ohartarazitakoa, aztoramen handiagoa ez sortzeko. Komentuan bada eguneroko bat: egunean eguneko kontuak jasotzen dituzte. Pasarte haren ingurukorik ez zuten ezer idatzi.

Egun luzea izan zuten otsailaren 24 hura Arantzazun. Gaua ere bai. «Esna pasatu nuen nik gau osoa», kontatu du Arregik. Guardia Zibila noiz azalduko zeuden. «05:00etan sukaldera jaitsi nintzen». Han zegoen Zuriarrain goardianoa ordurako, klaustro ondoko sukaldean. Kafea hartu zuten. Guardia zibilen berririk ez.

ETA eta Eliza

Auzitegi Nazionalak baimendutako operazioa zen, Txabarriren arabera; Egunkaria-ren kasuan bezala, Del Olmo epaileak. ETArekiko lotura zuten ikergai. Kontuan izatekoa da Guardia Zibilaren tesietako bat bazela hori: Elizaren eta ETAren arteko erlazioa.

Sanchez Corbi Guardia Zibileko koronelak, adibidez, zeresana jarri du, duela bi aste La Vanguardia-n —Egunkaria-ri buruzko txostenaren berri eman zuen kazetan— egindako elkarrizketa baten harira. ETAren aurkako lanean «gaiztoak» zein izan diren, lau talde aipatu zituen elkarrizketan: «Etakideak, batasunoak, jeltzaleak eta euskal Eliza». EAJk kontuak eskatu zizkion asteazkenean Rajoyri Espainiako Kongresuan, adierazpen horien harira. Ez da lehen aldia, halere, Sanchez Corbi gisa horretan mintzo dena. «Euskal Eliza beti egon zen ETAren inguruaren alboan. Ulerkoia izan zen ETAren postulatuekin eta helburuekin», adierazi zuen urtarrilean Interviú aldizkarian. Liburuan bertan maiz mintzo da Elizari buruz, bereziki Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohiaz.

Miaketa egin nahi zuten Arantzazuko santutegian. Uste izatekoa da hango artxibategiak zeuzkatela jomugan. Kontuan izatekoa da handik justu bi urtera, 2005eko otsailaren 11n, gisa horretako operazio bat egin zutela beneditarren bi komentutan: Lazkaon (Gipuzkoa) eta Beloken (Ahurti, Lapurdi). Liburuzainak hartu zituzten atxilo: Lazkaon, Juan Joxe Agirre, Euskal Herriko hainbat liburu, aldizkari, kartel eta abar biltzeagatik ezaguna den fraidea; Beloken, Marcel Etxandi. Agirre komentuan bertan atxiki zuten galdeketa egiteko, eta egunean bertan libre utzi zuten. Bi egun egin zituen polizia etxean Etxandik. ETArekin harremana edukitzea leporatu zieten, ustez haientzat zen pakete bat atzeman zuelako Poliziak. Kargurik gabe libre utzi zituzten biak azkenean. Auzitegi Nazionalak ez, Frantziako Justiziak agindu zuen operazio hura, Laurence Le Vert epaileak.

Isilpeko mugimenduak

Horrelako irudi baten beldur ziren Arantzazun bi urte lehenago. Horri buruz aritu ziren goizaldean sukaldean. Otsailak 25 zituen. Auzitegi Nazionalean ziren Egunkaria-ko hamar atxilotuak. Del Olmo epaileak hartu zuen erabakia: baldintzarik gabe espetxera Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria; bermea pagatuta aske Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goia. Pello Zubiria, berriz, ospitalean zegoen, inkomunikatuta —kartzelara igorri zuen gero—.

Jasandako tratuaren lekukotasun gordina eman zuen Otamendik kartzelatik irten eta berehala: torturatu egin zutela, eta «erabateko inpunitatea» zutela guardia zibilek. «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte». Ez zen bakarra izan Otamendi: torturak salatu zituzten atxilotutako beste batzuek ere.

Arantzazun, berriz, ez zuten berririk: Guardia Zibilaren arrastorik ez. Gaur arte. Ez ziren heldu.

Zer gertatu zen? Mugimenduak izan zirela bistakoa da. Txabarrik ez du xehetasun handirik eman nahi horri buruz. Labur esan du: «Euskal Elizak eta EAJk rol inportantea izan zuten». PPko kide haren abisua giltzarria izan zela, hori nabarmendu du Txabarrik: «Garaiz abisatu zuen, eta saihestu egin zen. Kontu honetan hori da hitz gakoa: garaiz abisatu zuen». Arantzazuko buruek gaia «izugarri ondo» kudeatu zutela nabarmendu du Txabarrik. «Egin beharreko urratsak egin ziren».

Jende gutxik izan zuen Arantzazuko operazio asmoaren berri. Juan Maria Uriarte zen garai hartan Donostiako Elizbarrutiko gotzaina. Kasuari buruz galdetuta, erantzun du ez duela «gogoan».

Mugimenduak izan ziren, operazio hura bertan behera uzterainokoak. Madrildik abiatuak izango ziren dozenaka guardia zibil, eta buelta emateko agindua jaso zuten. Hala kontatu izan dute: Aranda de Dueron (Burgos, Espainia) itzularazi egin zituztela. Hala entzun izan du Txabarrik; bertsio hori dute Arantzazun ere.

Aldaketak ministerioan

Zergatik Arantzazu? Arregik uste du euskaltasunaren ikur nagusietako bat delako zeukatela jomugan. Aurten dira, esate baterako, 50 urte euskara batua egiteko biltzarra egin zutela —Arantzazun bertan egingo dituzte ekitaldiak—. Txabarri ere bat dator tesi horrekin —«euskal mundu osoa jarri zuten ETAren txapelpean»—, baina erreparatu dio mugimendu politikoen nondik norakoari ere.

Espainiako Barne Ministerioan hilabete batzuk lehenago izandako aldaketak aipatu ditu, batetik. Jaime Mayor Oreja zen ministroa 2001 arte —ordukoa da, hain justu ere, Egunkaria akusatzeko Guardia Zibilak egindako txostena—. Mayor Oreja Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu zen, eta utzi egin zuen ministerioa. Rajoy egon zen tarte batez kargu horretan, eta Acebes iritsi zen gero, 2002ko uztailean. Aldaketa handia izan zen hori, Txabarriren esanetan: «Mayor Orejak Opuseko jendea zeukan taldean; Acebesek, Kristo Erregeren Legionarioetakoak». Euskal Elizatik urrunago zegoen taldea, beraz.

Acebesen talde hartan, Segurtasuneko Estatu idazkaria zen Ignacio Astarloa; Madrilen jaioa da, baina harreman handia eduki du Euskal Herriarekin —guraso euskal herritarrak ditu, eta, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko legelaria izan zen—. Espainiako Kongresuan diputatu izan zen gero, PPtik, Bizkaiko hautagai aurkeztuta. Arantzazuko operazio hartaz galdetuta, erantzun du ez duela horren berririk: «Ez dakit ezer halako gauza bati buruz. Harritu egiten nau, gainera, pentsatzen baitut baimenak eskatu beharko zirela, eta ez oso sinpleak».

Astarloaren alboan, Segurtasuneko Estatu idazkariorde, Maria Dolores de Cospedal zegoen. PPn pisu handia lortu du harrezkero: idazkari nagusia da, eta Espainiako Defentsa ministroa. Ez zeukan jardun publiko nabarmenik garai hartan, baina bada haren arrastoa Egunkaria auzian: torturak salatu zituztenen aurka salaketa jarri zuen Cospedalek, ministerioaren izenean. Ezerezean geratu zen salaketa hura. Otamendik berak, bai, aldeko epai bat jaso zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian.

Bigarren saialdia

Bestetik, esanahi politikoa ere bazeukan Arantzazura sartzeak. Bost urte lehenago, 1998-1999an, ETAren eta Aznarren gobernuaren artean izandako elkarrizketetan bitartekari aritu zen Uriarte gotzaina —Zamoran (Espainia) zegoen orduan—. Mayor Oreja ministroak fitxatu zuen. Donostian zegoen gotzain Uriarte 2003an, eta Arantzazuko santutegiak pisu handia dauka elizbarrutian. Are, ikuspegi politikotik, bakearen aldeko lanean arituak dira santutegian. Operazio asmo hura izan eta hiru urtera inauguratu zuten Baketik zentroa Arantzazun. Bakearen eta etikaren alde egitea zuen helburu. Guardia Zibilaren operazioa ildo horren kontrakoa zen.

Ezerezean geratu ziren asmo horiek. Eta, Gonzalez de Txabarriren esanetan, operazio gehiago ere zapuztu zituen Arantzazukoa geldiarazi izanak. «Hura ez zen soilik Arantzazuren kontrakoa. Operazio zabalago bat zegoen». Uste du euskalgintzaren aurka kolpe handiagoa emateko asmoa zeukala Guardia Zibilak. «ETAren ingurua» desegiteaz ari zen garai hartan Acebes ministroa; «ETAren garroak» aipatu ditu Sanchez Corbi koronelak. 2003ko otsaila igaro eta zortzi hilabetera egin zuten bigarren saialdia, urrian. Martin Ugalde kultur parkea jarri zuten jomugan, zerga iruzurra egitea leporatuta. Egunkaria-ren gain jarritako susmoa euskalgintzako beste eragile andana batera hedatu zuten. Gonzalez de Txabarri tarteko harrapatu zuen bigarren operazio hark ere: Gipuzkoako ahaldun nagusi zen orduan, eta zerga iruzurra zen akusazioa. Diputazioak kasu hartan izandako rola goratu du.

Hamabost urte. Auzitegiek ezerezean utzi zituzten Guardia Zibilaren asmoak. Fiskaltzak ez zuen akusaziorik egin epaiketan, ETArekiko loturarik ez zegoela eta. Acebes ministro ohiak salaketa irmoa egin zuen orduko gobernuaren kontra: «Zapatero presidenteak erantzukizun larri eta serioak hartu beharko ditu bere gain; hamar urteko lana zaborretara bota dute, eta terrorismoaren aurkako borrokaren funtsezko atalei eragin diete». Auzi ekonomikoari dagokionez, azkenean epaiketarik ere ez zuten egin.

Sanchez Corbi koronelak kaleratu berri duen liburuan atal bat bada Egunkaria-ri buruzkoa. Arranguraz mintzo da Sanchez Corbi: «Guardia Zibilaren lan neketsuak ez zuen izan esperotako babes judiziala: Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen auzipetuak». Beste atal batean ere ageri da Egunkaria liburu horretan: zer lorpen izan dituen Guardia Zibilaren Informazio Taldeko unitate batek, Elaborazio Taldeak. Hala dio zerrendan: «Egunkaria kazeta etazalea itxi izana». Epaiak ez zuen hori egiteko arrazoirik ikusi. Baina itxita dago. Hamabost urte.

Argazkia: Arantzazuko santutegia. Miaketabat egiteko asmoa izan zuen Guardia Zibilak. CONNY BEYREUTHER / ARP

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>