(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Iñaki Petxarroman
Egun horretan ez zegoen ertzainik Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza babesten. Ez zegoen «herria zaintzeko» betebeharra zuen polizia autonomiko integraleko kiderik, eta Guardia Zibilak kazetaren egoitza zigilatu zuen, inpunitate osoz. Euskalgintza jomugan zen, hau da, euskararen aldeko herri sare ez-instituzionala. Tesi bat ernaldu baitzuen Madrilgo botereak garai hartan: Jaurlaritzatik kanpoko euskalgintzak ez zuela existitzeko eskubiderik, nahikoa zuela euskarak jasotzen zuen babes instituzionalarekin.
Egunkaria itxi zutenerako, Egin ere lurperatua zen, urte batzuk lehenago. Baina euskararen aldeko lanean engaiatua zegoen gizarte mugimenduari abisu eman zion Espainiak orduan: bila zetorrela. Arantzazura bidean ere jarri ziren nonbait, eta telefonoak dantzan ipini, auskalo nork operazio hura eteteko agindu zuen arte. Aranda de Dueron eman zuen buelta guardia zibilen armadak, eta santutegia bakean utzi zuen. 15 urte dira egun haietatik. Asko hitz egingo da itxieraz, orainaz eta geroaz urteurrenaren harira. BERRIAk ez ditu falta erronkak eta haiek aurrera eramateko ilusio eta gogoa.
Alabaina, BERRIA sortu eta gutxira euskarazko kazetako lankide batek zioen moduan: «Bizitza barkatzen digutela ohartarazten digute egunero». Eta, 15 urteren ondoren ere, kalteberatasun arrasto hori nabarmena da oraindik, are eta gehiago azkenaldian Madrildik igortzen dituzten mezuei erreparatuta.