(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi baino ia bi urte lehenago Guardia Zibilak egindako txosten batean dago auziaren jatorria, eta, horretan oinarrituta, euskal kulturako hogeitik gora enpresa ikertu zituzten.
Euskaldunon Egunkaria itxi baino bi urte lehenago hasi zen auzia; kazeta hori eta euskal kulturako beste eragile batzuk jo puntuan zituena. Inork ezer ez zekiela. Guardia Zibilaren txosten batek —09/2001: Sobre la presunta vinculación de un entramado empresarial con financiación de la banda terrorista ETA— zioen hogei bat enpresa, tartean Egunkaria, ETAren sare ekonomikoaren parte izan zitezkeela. Hala, 2001ean, enpresa horien eta enpresa horietako hainbat pertsonaren aurkako salbuespen neurriak baimentzeko eskatu zuen Guardia Zibilak, ustezko lotura horiek ikertzeko.
Telefono entzuketak egin zituzten, diru kontuak arakatu, eta Ogasun eta Gizarte Segurantzara jo zuten datu susmagarrien bila. Baina ikerketak ez zuen eman Informazio Zerbitzuetako ikerlariek espero zutena. Orduan, enpresa horietako bakarrean jarri zuten arreta: Euskaldunon Egunkaria-n. Eta horretan beren tesia berresteko —ETAk zuzendu eta finantzatzen zuela kazeta—, berriz ere Guardia Zibilarentzat funtsezkoak bihurtuko ziren salbuespen neurriak: egunkaria ixtea, atxiloketak, inkomunikazioa… Eta hori guztia baimenduko zuen epaile bat behar zuten.
Garzonen ezezkoa
Juan del Olmo izan zen hori, zeinak urte horretan bertan instruktore postu finkoa eskuratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Baina Guardia Zibilaren txostena Del Olmoren eskuetan egon aurretik —2001eko ekainaren 6an izan zen hori—, Baltasar Garzon epailearen mahaian egon zen, eta ikerketa hori bazter uztea erabaki zuen, Jose Yoldi orduan El País egunkarirako Justiziako kontuak lantzen zituen kazetariaren arabera: «Garzonek Guardia Zibileko kapitainari esan zion agiri horiek ezagutzen zituela, Ekin auzikoakzirela, berak eraman zuelako ikerketa hori. Eta adierazi zion horietan ez zegoela oinarririk beste inor inputatzeko. Guardia zibilari leporatu zion engainatu nahi izatea».
Kapitain horrek —egun ez dago Guardia Zibilean—, epailearen esanak bete beharrean, Eduardo Fungairiño Auzitegi Nazionaleko fiskalburuarengana jo zuen. Enrique Molina fiskala —Ekin auzia zeraman, eta egun abokatu lanetan ari da— presente egon zen poliziaren eta fiskalburuaren arteko elkarrizketan, eta, «trikimailuaz» jabetu zenean, aurrenekoari leporatu zion Egin egunkariaren itxieraren prozesua —Ekin auziaren parte zena— arriskuan jartzea. Molinak Yoldiri kontatua da pasarte hori, eta kazeta honi ez dio informazio hori ukatu, nahiz eta argibide gehiago ez dituen eman nahi izan.
Izan ere, txosten horretan esaten zirenak erabili ziren 1998. urtean Egin ixteko, eta Espainiako Poliziaren Informazio Unitate Zentralak aztertu zituen. Moldaketa batzuekin, Guardia Zibilak berriz erabili nahi zituen, orain Egunkaria ixteko.
Fungairiñok, baina, txostena ontzat eman zuen, eta Del Olmo epaileari eman zion. Epaileak txosten hori jaso eta ia bi urte geroago, 2003ko otsailean erabaki zuen Egunkaria ixtea, kontuak blokeatzea eta zuzendaritzako kideak atxilotzea, argudiatuta «ETAk sortu, finantzatu eta zuzendu» zuen zantzuak zituela. Hala, behin baino gehiagotan miatu zituzten kazetaren egoitzak eta atxilotuen etxeak —batzuetan, epailea bera aurrean zela—, baina ez zen horren frogarik agertu.
Egunkaria-ren eta ETAren artean lotura ekonomikorik ez zegoela jabetuz joan ziren neurrian, Guardia Zibileko ikerlariek eta Del Olmo epaileak oinarri berria eman zioten auziari: Egunkaria ETAren menpeko tresna zela erakustea, Egunkaria-k ETAren helburuei laguntzen ziela argudiatuz, euskara hedatzeko eta indartzeko balio zuelako.
Agiri ezagunak
«Larrarte jauna, zuk diozun hori guztia paperetan dago. Baina zer dago paper horien atzean?». 2003ko otsailean izan zen Guardia Zibilaren operazio nagusia, eta urrian egin zuten beste bat. Orduan atxilotu zuten Joanmari Larrarte, «Egunkaria SAko enpresen multzoko zuzendaritzako kide gisa». Galdeketan bi ordu zeramatzala egin zion galdera «harrigarri» hori Del Olmok.
Yoldik gogoratzen duen moduan, auziaren jatorrian zegoen lotura ekonomikoaren hipotesia ezin frogatuta, txostenean zeuden agiri jakin batzuekin tematu ziren ikerlariak eta epailea. Auzitegi Nazionalean ezagunak ziren agiri horiek, 1990etik 1993ra bitartean eginak, 1990eko hamarkadan filtrazio batzuen ondorioz hedabide batzuek argitaratu zituztenak, eta eztabaida iturri ere izan zirenak; besteak beste, Eusko Legebiltzarrean.
ETAko lau kideri ustez atzemandakoak dira, denak anonimoak; Guardia Zibilaren arabera, ETAko eta KASeko kideek idatzitakoak. Egunkaria-ri buruzko hainbat aipamen egiten zituzten paper horietan —zuzendariaren izendatzeaz, diru bilketaz, diru-laguntzen eskaeraz eta abar—, beste hainbat gairi buruz bezala. Agiri guztietan, kanpotik egiten zituzten Egunkaria-ri buruzko aipamenak: kazetaren inguruan informazioa eta interesa duen pertsona baten ikuspegia azaltzen zuten, baina inoiz ez enpresa horretan erabakitzeko ahalmena duen batenak. Gainera, txostenean, guardia zibilek Egunkaria-ko inori ez zioten leporatzen agiri horiek idaztea, bidaltzea edota jasotzea, ezta agiri horien jakinaren gainean egotea ere. Froga zehatzik ez, beraz, kazetako inor auzipetzeko. Baina paper horiekin batera, Guardia Zibilak eginiko eskaerak izan nahi zuen funtsezkoa: Egunkaria ixtea, eta atxilotuak galdekatzea, inkomunikatuta —eta, gerora jakin zenez, torturatuta—, horrela jatorrizko ikerketatik bilatzen ari zirena aurkituko zutelakoan. Frogak bilatu ahal izateko itxi zuten kazeta eta atxilotu zituzten arduradunak, eta ez frogak zituztelako, epaiak gero berretsiko zuenez.
Fiskaltza berria
Egunkaria itxi zutenean, PP zegoen Espainiako Gobernuan, eta Jesus Cardenal zen estatuko fiskal nagusia, Eduardo Fungairiño Auzitegi Nazionaleko fiskalburua, eta Olga Sanchez Egunkaria auzikoa. Guardia Zibilarekin tesiekin bat zetozen; ez, ordea, gero auzia hartu zutenak. Fiskaltzak jarrera aldatu zuenean, PSOEk bi urte baino gehiago zeramatzan agintean, Candido Conde-Pumpido zen fiskal nagusia, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionalekoa eta Miguel Angel Carballo Egunkaria auzikoa.
Carballok, 2006ko abenduaren 14ko idatzi batean, argi utzi zuen ez zegoela oinarririk inor epaitzeko, Egunkaria ixteko erabili zituzten argudioek ez zutelako ezer frogatzen. Alegia, Egunkaria ez zela itxi behar, eta epaiketa ere ez zela egin behar. Carballok, beraz, goitik behera auzitan jarri zituen Guardia Zibilaren ikerketa, Del Olmoren instrukzioa eta fiskaltzaren ordura artekoak. Auzia artxibatzeko eskatu zuen.
Baina hori iritsi zenerako, Del Olmo epaileak egina zuen bere lana, nahiz eta bera ohartua egon auziak beste norabide bat har zezakeela,eta onartua izan lotura ekonomikorik ez zegoela ETAren eta Egunkaria-ren artean, auziaren jatorrian zegoen txostenaren oinarria hori izanda ere.
«Guardia Zibilak esandako guztia sinetsi zuen. Eta auzibidea aurrera zihoan heinean, ohartu zen ez zuela zeri heldu, ‘gaiztoren batzuk’ bazeudela uste bazuen ere», azaldu zion kazeta honi Eneko Etxeberria Egunkaria SAren lege ordezkariak, auzia osorik itxi zutenean. «Del Olmok orain pentsatuko du beste garai batzuk zirela, dena ETA zela jotzen zirenak, eta estatu aparatuek berari esleitu ziotela kasua. Erabili egin zutela, ez gehiago». 2008ko ekainetik, Murtziako Probintzia Auzitegian da Del Olmo. Harekin harremanetan jartzen saiatu da BERRIA, baina baimen batekin kanpoan dela erantzun diote auzitegikoek.
Epai irmoa
2010eko apirilean, Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zuen Egunkaria-ren kasuan, instrukzio epaileari nabarmen kritika eginda: ez zegoen loturarik ETArekin; itxiera konstituzioaren babesik gabea izan zen; itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen; akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak ziren; eta inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon.
Auziaren muina izan ziren agiriei buruz ere gogor mintzatu zen; bereziki, Guardia Zibilak eman zien tratamenduarengatik. Agiri horiekin ezin zela inor zigortu esan zuen epaimahaiak, eta ezin zela esan horien egilea edo hartzailea auzipetuetako inor zenik.
Javier Gomez Bermudez buru zuen epaimahaiak adierazi zuen agiri horien egileek Egunkaria-n zuten interesa besterik ez zela agertzen. Eta interes hori Egunkaria-z haratagokoa ere bazela, ekologiaz eta drogaren kontrako borrokaz, bestea beste. «Inputaziorako hutsalak» zirela, beraz; auzipetuen alde zein kontra interpreta zitezkeela. Eta, horiek irakurrita, ezin zela esan epaituetako inork ETAko kideen aginduak bete zituenik. Gainera, ebatzi zuen paper horietako batzuetako informazioa ez zela zuzena, eta idatzi zituen ustezko etakideak ez zuela informazio egokia.
Agiri horiek eta beste batzuk Del Olmo epailearen mahaira iritsi eta zazpi urte luze geroago itxi zen sumario nagusia, eta, ETArekiko lotura baztertu ostean, lau urte geroago artxibatu zen pieza ekonomikoa deiturikoa —diru laguntza publikoez-eta—, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian.
Baina horra iristerako, besteak beste, euskaraz idatzitako egunkari bakarra itxi eta likidatu zuten; bi operazioetan hemeretzi lagun atxilotu, hamar auzipetu, zazpi torturatu, eta sei espetxeratu; bermeetan 700.000 euro ordainarazi zieten, auzibidean 500.000 euro inguruko gastua eragin; 180 langile langabeziara bidali zituzten, eta 50.000 irakurle Egunkaria gabe utzi.
Etzi, 15 urte.