(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Mertxe Mugika Balanzategi (AEK-ko koordinatzaile nagusia)
Iltzatuta geratu zaizkidan horietako bat da 2003ko otsailaren 20ko goiza. Duela 15 urte, sare sozialek-eta ez zuten egungo hedapena, eta gogoan dut lanerako bidean izan nuela Martin Ugalde parkean gertatzen ari zenaren berri. Albisteak jaso ahala, tristura eta amorrua, amorrua eta tristura, ez dakit bietatik zein gailentzen zen nire baitan. Euskaldun askoren izerdiari, kemenari, auzolanari eta konpromisoari esker abiatutako lehen egunkari nazional euskalduna itxi zuten, ingurua guardia zibilez inguratuta; eta, hori gutxi balitz bezala, 10 lagun atxilotu zituzten. Aldi berean, ezin nuen burutik kendu AEK-k berak lehenago jasandako erasoa. Ordurako, gurean burua altxatzen ari ginen, baina bagenekien zer den administrazio judizial batek eguneroko lana ikuskatzea. Argi nuen dena ezerezean geratuko zela —hau da, salaketek ez zutena inolako sinesgarritasunik—, baina kaltea eginda zegoen.
Egun haiek gogoan, oraindik ere txundituta geratzen naiz gogoratzen dudanean otsailaren 21ean Egunkaria-ko langileek argitaratutako Egunero egunkaria, edota, egun batzuk geroago, Donostiako manifestazio jendetsu hartan bizi izandakoa… Indar-metaketa izugarria gertatu zen, eta horri esker dugu geure kazeta: BERRIA, estreinakoz ekainaren 21ean argitaratua. Ez zen makala izan, ez, sei hilen buruan egunkari euskaldun eta nazionala berriro izateko egindako lana!
Bolada hartan, AEK-ko kideok 13. Korrikaren antolaketan murgilduta geunden. Egunkaria itxi zuten egunean bertan pentsatu genuen euskarazko kazetak toki berezia izan behar zuela gure ekimenean; izan ere, edizio hartan geroa aipatzen genuen, Herri bat geroa lantzen leloan. Lasterketan bertan, Egunkaria aurreraaldarrikapena nonahi egon zen, eta Iruñeko azken kilometroa Martxelo Otamendirekin batera egin genuen, hark idatzi baitzuen lekuko barruan zihoan mezua. Garbi genuen Korrikaren bukaeran ere tokia izan behar zuela Egunkaria-ren auziak.
Geroa euskaraz izan dadin, hedabideak ezinbesteko tresnak dira, baita helduen euskalduntzean ere; eta ordukoak bi egitasmo herrikoi eta nazional horiek desegiteko saiakerak izan ziren. 15 urte geroago, argi dago ez zutela helburua bete, neurri handi batean herri honen gogoa euskaraz bizitzea delako.
Urteak igaro dira, eta orduko gertakariak egun seinalatuen artean baino ez ditugu gogoratzen; beharbada, horrela behar du. Alabaina, batzuetan gogora ekarri behar dugu zer jazo zen orduan, eta horren gainean hausnartu. Kolpatu gaituzte, baina etorkizuna da irabazi beharrekoa, ez iragana. Batzuek inoiz ez dute begi onez ikusiko euskaraz bizitzea eskubidea dela; baina, zorionez, gehiengoaren apustua irmoa da. Horrexegatik, egunero elikatu behar da euskara, Euskal Herri osoan. Lanean jarraitu behar dugu guztiona izan dadin, gure xedea lortzeko bideak ahalbidetuz eta beharrezko tresnak eskainiz. Geroa gugan dago.