Iñaki Petxarroman (‘Berria’)
Hil honetan estreinatuko dute Sisiforen paperak antzezlana Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako obrak bikain islatu ditu Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren aurreko eta ondorengo egun nahasiak. Aktore talde indartsu eta zabalak gidoiaren eszenaratze ikusgarri bat lortu du, musikak ezarritako erritmoak lagunduta.
Antzezlanak eszenaratu ditu euskarazko kazetako arduradun eta langileek jasan zituzten eskubide urraketak, atxiloketak eta torturak. Polizien eta epaileen papera jokatzen duten aktoreen —gaztelaniaz egiten dute haiek— eta Euskaldunon Egunkaria-ko langileena jokatzen dutenen eszenak tartekatzen dira, eta, gertakariak larritu ahala, tentsioa eta erritmoa ere gora doaz, obra borobil baten sentsazioa uzteraino.
Garai seinalatuan heldu da lan hau, Egunkaria-ren sorreraren 30. urteurrenaren atarian. Bereziki gogorra izango da torturak jasan zituzten kazetako arduradunentzat eta senideentzat; baina, halaber, ezinbestekoa da herriak bere oroimen kolektiboan gorde dezan gertatutako bidegabekeria. Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere plazaratuko dute, eta horrek garrantzi berezia du. Pandemia aforoak mugatzen ari den eta kulturari kalte larria egiten ari zaion garaiotan, kalitatezko antzerkia zein garrantzitsua den erakusten duen lanetako bat da hau.