Egunkariako zuzendaritzako lau kidek Goardia Zibilaren kontra egindako salaketa “faltsuak” direla-eta Espainiako Gobernuak legezko egintzak hasiko dituela iragarri ondoren, Amnesty Internationalek deia egin die agintariei tortura salaketak arin, zorrotz eta modurik inpartzialenean iker ditzaten.
Torturari buruzko adierazpenok joan den otsailean Euskaldunon Egunkaria “kautelaz itxi” ondoren atxilotu eta inkomunikatuta egondako hainbat lagunek egin zituzten. Amnesty International inkomunikazioaren aurka dago, horrek torturarako bidea errazten baitu; era berean, oso kezkatuta dago inkomunikazio aldia zabaltzea ekarriko duten lege berriak direla-eta.
AIren esanetan, “Ustez torturak jasan dituztenen kontra kereilatzeak edo salaketa horiek faltsutzat hartzeak ikerketa zorrotza egin aurretik, batetik inpunitate giroa areagotzea baino ez dakar, eta bestetik, ustezko tortura ekintzak ez salatzea, horrek izango dituen ondorioen beldurrez”.
Joan den astelehenean, Espainiako Gobernuak adierazi zuen kereila jarri duela Entzutegi Nazionalean, eta Martxelo Otamendi Egiguren eta Egunkariako beste sei kideri “talde armatuko kolaboratzaile izatea” leporatzen die (ETAko kolaboratzaile izatea, hain zuzen), tortura salaketak erakunde demokratikoak ezegonkortzeko ETAk bultzatutako estrategia bati jarraituta egiteagatik.
AIk Espainiako Gobernuari pasa den astelehenean -Gobernu horrek kereilaren berri eman eta ordu batzuetara-bidali zion gutunean, kezka adierazi zuen Martxelo Otamendik eta beste atxilotu batzuek honakoak jasan izana salatu zutelako: poltsarena (itolarria, buruan jarritako plastikoko poltsa baten ondorioz), ariketa fisiko etengabeak, mehatxuak eta exekuzio simulatua. Tortura mota horiek nekez froga daitezke, baina behin salatuta, ikerketa serio eta inpartziala eskatzen dute, torturen kontrako denuntzia formulatuta egon edo ez.
Era berean, Espainiako Gobernuak ekintza legalak hasteko egindako mehatxuaren inguruan, zuhurtzia handiz jokatu behar dela adierazi du AIk.
Erakunde horren esanetan, “Gobernuak badaki zer egin salaketa faltsuak saihesteko: atxilotuei babes handiagoa eman, horrela segurtasun indarrek ere babesa izango baitute salaketa faltsuen aurrean”.
“Amnesty Internationalek ez du uste Espainian sistematikoki torturatzen denik, baina, hala ere, Gobernuak aurre egin behar dio tortura alegazio guztiak ETAren estrategiaren barruan kokatzeko tentazioari”.
Erakundearen ustez arduragabekeria da Gobernuak torturak edo tratu txarrak erabat ukatzea, batik bat kontuan izanda Gobernuak, oraindik, erantzun sendorik eman ez diola Torturen kontrako Nazio Batuen Batzordeak joan den azoroan inkomunikazio egoera dela-eta agertutako “kezka handiari”. Gobernuak bere egingo balitu Batzordearen aholkuak, zailagoa izango litzateke akusazio faltsuak aurkeztea.
AIk adierazi duenez, “Batzordearen aholkuak gauzatzeko neurriak ez hartzeaz gain, Espainiako agintariek asmoa dute behin-behineko kartzelaratzearen aurretik 13 egunetara luzatzeko inkomunikazio aldia”.
Aurrekariak
2002ko azaroaren 20an, AIk dei egin zion Espainiako Gobernuari berehalako neurriak har zitzan Torturen kontrako Nazio Batuen Batzordearen aholkuak betetzeko. AIk kezka larria adierazi zion atxilotuak bost egunetan egon zitezkeelako inkomunikatuta, jakin badakiten arren, “indarkeria kriminalari eta terrorismo ekintza larriei” sarri aurre egin behar dien gobernu batek zailtasun handiak izan ditzakeela. Hala ere, batzordeak esan zuen inkomunikazio egoerak tortura eta tratu txarretarako bidea ematen duela. Batzordeak gomendatu zuen bideoan grabatzea poliziak eta Goardia Zibilak egindako galdeketa guztiak, bai atxilotuak bai tortura faltsuengatik salatutako poliziak babesteko, eta bideo horiek kasuan kasuko epeailearen esku uztea. Era berean, gomendatu zuen bi medikuk aztertzea atxilotuak: auzitegiko medikuak (ofizialki izendatuak), eta atxilotuaren konfiantzazko mediduak.
Amnesty Internationalek berak eskatu du baliorik gabe uztea Zigor Kodeko 520 bis eta
527. artikuluak, inkomunikazio aldia arautzen dutenak. Haien ustez, indarreko legerian zehaztutako bermeak ez dira egokiak, eta eskatu zuten atxilotuak hasiera-hasieratik egon ahal izatea abokatuarekin eta harekin pribatuan hitz egin ahal izatea.
2003ko otsailaren 25ean Amnesty Internationalek deia egin zuen Euskaldunon Egunkariaren itxiera berehala ikertzeko, eta adierazi zuen zenbait informazioren arabera Pello Zubiria, atxilotuetako bat, bere buruaz beste egiten ahalegindu zela inkomunikatuta zegoen bitartean.
Inkomunikazio aldiaren inguruan Amnesty Internationalek zuen kezka areagotu egin da, Zigor Kodea aldatzeko legearen zirriborroaren berri izatean 2003ko urtarrilean. Zirriborroko 509. artikuluaren arabera, epaileak edo epaitegiak luzatu egin dezakete gaur egun indarrean dagoen 5 eguneko inkomunikazio aldia, behin-behineko kartzeleratzeko agindua duten zenbaiten kasuan. Horrelakoetan, 5 egun egon ahal izango dira inkomunikatuta Goardia Zibilaren egoitzetan eta, gainerako egunak, 13 osatu arte, kartzelan.