(‘Euskaldunon Egunkaria’-k 30 urte)
Egunkaria-ren lehen erredakzioa Antza inprimategia da egun. 30 urte geroago toki berera itzuli, eta zirraraz oroitu dituzte egun hartako emozioak eta tokiaren itxura garai hartako lankideek.
Atzo bezalako egun bat zen, baina duela 30 urte. Toki bera, jende berak hartua, baina ez da garai batean zena. «Hiru urte berandu etorri zarete», esaten die Bego Zuzak Euskaldunon Egunkaria-ko lankide ohiei, kazetaren erredakzioa zenaren atea gurutzatzean. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Oria auzoko industrialdean dute hitzordua, egun Antza inprimategia dagoen tokian. Liburuak josteko eta prentsatzeko makinak daude nonahi, garai batean kazetarientzako mahaiak zeuden tokian. Tabako usainaren ordez, inprimatu berri diren orriena dago. Errealitate birtualarekin ez, baina beren irudimenarekin ari dira elkartutakoak erredakzioa irudikatzen: «Han atzean, zuloa; hor goian, zuzentzaileen bulegoa; hemen, kiroletakoak». Atzo bezalako egun batez izan zen; baina argazki zaharretan zuri-beltzean jasotakoa beren sakelako koloretsuekin ari dira hartzen orain kazetari, maketatzaile, idazkari, publizitate arduradun… izandakoak. Giroak gainditzen ditu, halere, pantailak: irriak, besarkadak, begirada konplizeak. Txantxaren bat ere bai: «Begira zer idatzi zenuten», esan die Maixa Olano maketatzaile ohiak kazetari izandakoei, lehen berripaper haren 22. orrialdeko titulua erakutsiz: «Bonbarako behar duzun guztia».
Nazioartea saileko orri hartan, lehergailu bat egiteko beharrezko material eta azpiegitura zerrendatu zuen aurreneko Euskaldunon Egunkaria idatzi zuen kazetari taldeak. Ez zen xehetasunik falta: diseinua, uranio aberastua, plutonioa, tritioa, detonatzaileak, lantegiak, jaurtitzeko sistema. Horiek denak letra lodiz azpimarratuta, eta, barruan, azalpen zehatzak. «Orain pentsaezina da», dio barre artean Iñaki Uria zuzendariorde zenak. Eta juntadizoa irudiz eta hitzez jaso behar duen kazetari gazte batek erantzun: «Horixe zen Egunkaria bezalako artefaktu bat egiteko behar zenutena: diseinua, lantegia, lehengaiak, detonatzaileak eta jaurtitzeko sistema».
Lehengaiak
Artefaktuaren lehengaia Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zebakia egiteko elkartutako langileak dira. 30 urte geroago, tantaka heldu dira Lasarte-Oriako erredakzioa izandakora. Behin ere ez zuten asmatuko maskara jantzita batuko zirela berriro. Maite Arregi idazkaria —testuak, elkarrizketak, agenda… mekanografiatzen zituena; egun Berria-n ari da lanean— eta Pantxike Agirre kazetako azken orriko kazetari ohia dira ailegatzen lehenak. Elkarrekin datoz: «Lehenak al gara?», dio Agirrek.
Berehala ailegatu da Eba Arratibel produkzioko langilea zena, eta Beatriz Zabalondo ere bai: zuzentzailea garai hartan, Berria Taldeko lehendakaria orain. Igartzen zaie zirrara, eta elkarri neurria hartzen ari dira; elkar besarkatu ala ez, pandemiagatik dauden irizpideak aintzat hartuta. Baina baietz, uneak merezi dituela besarkadak, eta ari dira elkar goxatzen Jose Luis Aizpuru Agendako kazetari ohia ailegatu denerako. Txurroekin dator, giroa are gehiago gozatzeko asmoz: «Nahi al duzue bat?». Olano ere batu zaie. Badaki bideoz ere hartuko dela unea, eta aitortu du: «Pixka bat urduri nago». Baina hala zeuden lehen egun hartan ere: urduri eta ilusioz; lanera sartzeko gogotsu. Eta orain ere horrelaxe daude denak: «Sar al gaitezke barrura?», galdetu du Aizpuruk. Atea ireki, eta sartu dira erredakzio barrura. Atea pasatu dutenean ailegatu da Jon Barandiaran publizista —eta egun Berria-ko dokumentalista—, bizikletan.
Lantegia
Orain hiruzpalau urte arte Euskaldunon Egunkaria-ren erredakzioa langileek 1993an utzi bezalaxe zegoen, baina Antza inprimategia eraldatzeko lanak egin zituzten, eta, orain, makinak daude lehen mahaiak zeuden tokian. Sabaia jaitsita dago, eta ez dago bigarren pisuan zegoen egurrezko balkoiaren arrastorik. «Hor goian, pasillo moduko bat zegoen», dio Arratibelek. Espazioaren azken zokoa ere arakatu nahi dute, eta aurkitu dute goiko balkoi hartara igotzeko eskailera. «Paretaren kontra zeuden apal batzuk, eta hor gordetzen genituen egunkari zaharrak», azaldu du Aizpuruk.
Hain zuzen, berripaperaren lehen zenbakia nolakoa zen ikusten ari dira beheko solairuan gainontzeko kideak; aurreneko azalaren fotolitoa ere ekarri dute, eta Arratibelek azaldu du nola itsasten zuten pieza bakoitza. Argazki zaharrak ere eraman ditu Ana Unanuek, eta garai haiek oroitzen ari dira. «Zenbat kola irentsiko ote genuen!», dio Olanok. Hori esanda, banatu egin da taldea; batzuk elkarrizketak egitera joan dira, beste batzuk kontu kontari gelditu dira inprenta barnean.
Heltzen azkena da Landa, baina bera eta Uria dira kamera aurrean jartzen lehenak. Egunkaria-ren sorreran aritu ziren biak; Argia-tik zetozen, eta Egunkaria Sortzen lantaldean aritu ziren buru-belarri sostengu bila. Ondoren, produkzio lanetan aritu zen Landa —baita estilo liburua sortzen ere—, eta zuzendariorde Uria.
Lehenengo zenbakia argitaratzea lortu zutenerako, beraz, bide luzea egina zuten. Unanue eta Pantxike Agirre kazetariek hala azaldu dute; astebete lehenago hasi zirela berripapera egiteko simulazioa egiten. «Ez genuen inoiz lortu egitea», barre artean Agirrek. Idatzi bakarrik ez: kazetariek testua egokitu behar zuten, maketan ongi sartzeko. Horretarako erabiltzen zituzten tresnak erakutsi ditu Unanuek, eta, elkarrizketa bukatuta, behera jaitsi da, beste kideengana, maketaren prototipoa makina baten gainean n jarri, erregela alboan, eta txio bat egin du Twitterren: «Zenbat oroitzapen!».
Diseinua
«Horrela maketatzen zen?», galdetu du kazetari gazteak. Baietz Olanok: «Agian horrela hobeto ulertuko duzu», bota du, eta erakutsi ditu bere tresnak ere. Arratibelek azaldu du non zegoen muntatze mahaia. Barandiaranek esplikatu du nola egiten ziren plantxak. Eta gogora ekarri dute nola joan ziren hainbat lankide Hernaniko (Gipuzkoa) errotatibara, lehen zenbaki hura nola ateratzen zen ikustera.
Ez zen hor amaitu kontua, juntadizoa elkarrizketak egin ostean amaitu ez den bezala. «Txillardegik xanpaina ekarri zuen», oroitarazi du Zabalondok.
Jaurtitzeko sistema
Eta une hori gogoratzeko asmoz, ikusi dute Antzako inprimategiko txoko batean badela xanpaina orain ere, eta, lehen egun hartan pizzak egon ziren eran, patata tortilla eta kilo eta erdi urdaiazpiko daudela, urteurrena ospatzeko.
Ireki dute xanpaina, lehen jaurtialdi hartan egin zuten moduan, eta egin dute topa. «Hirugarren denbora», dio Olanok. Baietz besteek. Eta dirdira begietan, 30 urte atzera egin eta emozioz esan du Arratibelek: «Lankide eta lagunak ginen. Oso lagun onak egin ditugu hemen». Prest da artefaktua.
…
2020-12-6ko ‘Berria’-ren ‘Harian’ saileko beste eduki batzuk
Txema Ramirez de la Piscina eta Irati Agirreazkuenaga (EHUko irakasleak): «Euskal hedabideek komunitatea bizitu egiten dute»
Irene Arrarats eta Maialen Berasategi (‘Berria’-ko euskara taldeko kideak): «Nahiago genuke hala ez balitz, baina euskara ere politikoa da»