(‘Euskaldunon Egunkaria’-k 30 urte)
Gaur 30 urte kaleratu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia. Orduko langile batzuek zailtasunak, ezinak eta nahigabeak kontatu dizkiote Berria-ri, baina baita zeukaten ilusioa ere. Haien esfortzuarekin egin zuen aurrera proiektuak: «Jendea bere bizitzan zuen guztia ematera zihoan».
Eskatzeari utzi, eta egiten hasi; ideia bat zena, errealitate bihurtu. Gaur bete dira 30 urte euskaldunek Euskaldunon Egunkaria lehen zenbakia esku artean hartu zutenetik, eta, geroztik, ez dute askatu.
Ez zen lan makala izan 1990eko abenduaren 6 hartako zenbakira iristeko egindakoa. Hamarkada batez ondutako ideia azken urtean finkatu zuten. Iñaki Uria lehen zuzendariordeak argi du zein izan zen gakoa Euskaldunon Egunkaria kioskoetan egon zedin: «Orduan, giroa zen: ezin da, ez dago kazetaririk, ez dago irakurlerik, ez dago dirurik… Momentu batean, esan genuen: ‘Egitera goaz’».
Argia-ko hainbat langilek izan zuten ekimena, eta euskalgintzako kide esanguratsu batzuk ere batu ziren. Egunkaria Sortzen taldea osatu zuten, eta kanpaina abiatu, herritarrak kontzientziatzeko eta dirua lortzeko. Herriz herri, festa egunak antolatu zituzten, eta kanpaina bukaerako jaialdi handi bat egin zuten Donostiako Belodromoan. Hantxe aurkeztu zuten zero zenbakia. Josu Landa arduratu zen produkzioaz lehen hilabeteetan, eta zenbaki hura ez dauka ahazteko: «Gehiago gogoratzen dut zero zenbaki hura, hemen [Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) egoitzan] egindako lehen zenbakia baino».
Herritarren babesa jaso arren, erresistentziak eta errezeloak ere ez ziren falta izan. Eusko Jaurlaritzaren «oztopoak» azpimarratu dituzte. Uriak azaldu du nagusia: «Durangon atera zuten beste egunkari instituzional bat, kontrajarria». Egunkaria-ri «kalte egiteko» proiektutzat dauka: «Ez zeukan ibilbiderik». Landaren eta Uriaren iritziz, Jaurlaritzak uste zuen ez zutela aurrera egingo. «Prentsaurreko bat eman zuten, proiektu hori ateratzera zihoazela esateko. Joan nintzen, eta galdetu nien: ‘Badakizue bihar aterako dela Egunkaria?’, eta ‘hori zuek esaten duzue’ zioten». Haiek esaten zuten gurea agitazioa eta propaganda zela», nabarmendu du Uriak. 1994ra arte ez zuten hitzarmenik sinatu.
Egunkaria-k aurrera egitea lortu zuen, ordea. Landak azaldu duenez, langileentzako ikastaroak antolatu zituzten udan, eta beste lau zero zenbaki egin zituzten: «Ez ginen gai izan lau horiek osatzeko». Lantaldea ere sortu zuten, eta frogatu zuten gai zirela egunkari bat euskaraz ateratzeko: «Demostratu genuen bazeudela kazetariak, eta, gainera, oso onak», ziurtatu du Uriak. Talde horretan zeuden, besteak beste, Uriaz eta Landaz gain, Jose Luis Aizpuru, Maite Arregi, Ana Unanue, Pantxike Agirre, Beatriz Zabalondo, Maixa Olano, Jon Barandiaran eta Eba Arratibel. 1990ean jaiotzeko zeuden BERRIAko kazetariek hamarrak batu dituzte, Egunkaria-ren egoitzan.
Uriak gogoan du nola Egunkaria atera aurretik joan ziren eraikin hartara, oraindik bukatzeko zegoela: «Egiten ari ziren, eta izugarrizko zarata zegoen, hotza egiten zuen…». Berehala iritsi zen egun erabakigarria: abenduaren 5a. Biharamunean kioskoetan egon behar zuen Euskaldunon Egunkaria-k. «Gogoan daukadan bakarra tentsio handia da», nabarmendu du erredakzioko idazkari Maite Arregik. Behin lanak amaituta, ospatzeko tarte txiki bat hartu zutela azaldu du agendako langile Jose Luis Aizpuruk: «Gogoratzen naizena da Txillardegik kaxa bat xanpain ekarri zuela». Gero, Egin-en errotatibara joan ziren batzuk, emaitza ikustera; besteek, ordea, etxerako bidea hartu zuten, Beatriz Zabalondo zuzentzaileak esaterako: «Gogoratzen naiz lana, lana eta lana, eta bukatu zenean ez nintzela joan ere egin errotatibara. Geratu zitzaidan ideia zera zen, ‘eta hau berriz bihar?’». «Zaila» iruditzen zitzaion erritmo hori luzaroan mantentzea.
Baldintza zailetan, eusten
Baina eutsi zioten. 1990eko abenduaren 6an, kalean zen Euskaldunon Egunkaria, eta iritsi ziren abenduaren 7a, 8a, 9a… Lanean segitu behar zuten. Lehen urte haietako baldintzak ez ziren errazak, nabarmendu dutenez. «Urtebete eta piko egin genuen larunbatero lan eginez; igandeetan bakarrik izaten genuen jai», azaldu du Arregik. Oporrak ere, gutxi: «Hamabost egunekoak soilik izan genituen hasieran», azpimarratu du Aizpuruk. Eta egunak, bete-beteak. Hala dio Zabalondok: «10:00etarako sartzen ginen, eta 22:00etan alde egiten genuen». Tentsioak, zenbaitetan, haserreak ere sortzen zituen, Landaren hitzetan: «Jendeak oso argi zeukan zein zen helburua, eta hori lortzeko gure artean haserretu behar bagenuen, haserretuko ginen». Aizpuruk dio tentsioa askatzeko bazutela erremedioa: «Parranda asko egiten genuen».
Internetik ez, sakelakorik ere ez, hala moduzko ordenagailuak… 30 urte geroago, zaila da imajinatzen nola egiten zen lan egunkari batean. Arregiren ardura zen mahaiz mahai teletipoak banatzea: «Moztu, sailkatu, eta sailetan banatzen joan behar nuen». Aizpuruk buruan du teletipoekin izandako gorabehera bat: «Larunbat batean, loteria ez zen iristen. Lekua gordeta geneukan, eta uste dut nik deitu nuela hori diote behintzat— Efe-ra esateko loteria biltzeko. ‘Bidali bai, baina nora?’. Ez geneukan kontratua; nik ez nekien hori».
Baina teletipoen menpe egon nahi ez zutenez, kalera ateratzen ziren. Ana Unanue Iruñeko ordezkaritzako kazetariak eta Lasarte-Orian aritzen zen Pantxike Agirre kazetariak kontatu dute telefono kabinetatik deituta kontatu behar izaten zituztela, orduaren arabera, manifestazioak, prentsaurrekoak… Testuak ordezkaritzetatik egoitza nagusira bidaltzea bera ere ez zen erraza, bi ordenagailuek aldi berean konektatuta egon behar baitzuten. Batzuetan arazoak izaten zituztela azaldu du Unanuek: «Txantxetan esaten genuen: ‘Irurtzunen geldituko zen testua’».
Argazkiak ere iritsi ezinda ibiltzen ziren zenbaitetan. Iruñeko kasua azaldu du Unanuek: «17:30eko autobusean sartu behar ziren; manifestazio bat 18:00etan bazen, ez zegoen argazkirik». Buruhausteak izaten zituzten jasotakoan ere, Aizpuruk esan duen gisan: «Autobusa 18:00etan iristen zen; gure mezularia argazkiak hartzera joaten zen, eta hona 19:30ean iristen zen. Maketan argazki horizontala zenuen, eta bertikala iristen zen; moldatu egin behar zen, moztu… Izugarrizko tentsioa zen».
Albisteak ez ezik, bestelako zerbitzuen gaineko informazioa ere ematen zuten: telebistako programazioa, zinemakoa, kultur ekitaldiena, eguraldia… Aizpuru aritzen zen osatzen, eta azpimarratu du naziogintzari garrantzi handia ematen ziotela: «Naziogintza oinarrizkoa zen, eta horretarako egin behar zen esfortzu guztia». Batez ere, Ipar Euskal Herriko informazioa lortzea kostatzen zitzaien. Telebistaren programazioa jasotzeko, esaterako, autobusez bidaltzen zieten aldizkaria, edo mezulariak Donostiako kiosko batean erosten zuen. Agenda horrek bazuen protagonista bat: horoskopoa. Uxue Agirreren izenean idazten zuten Bilboko pisu batean bizi ziren ikasle batzuek. Aizpururen arabera, dei bat baino gehiago izan zituzten esanez harekin hitz egin nahi zutela. Arregik bat gogoratzen du bereziki: «Deitu zuen esanez beti txarra ateratzen zitzaiola, eta mesedez aldatzeko, bere bizitzan eragina zeukala. Zenbat barre egin genuen horrekin».
Iritziek ere bazuten tartea, eta Arregi arduratzen zen haiek biltzeaz. Zutabegileekin eta bertsolariekin izaten zuen harremana, eta posta arruntez, faxez edo telefonoz jasotzen zuen haien emana. «Bertsoak ere haiek esaten zituzten, eta nik kopiatu. Niretzat zailena Sebastian Lizaso zen, alde handiz. Askoz nahiago nuen Joxerekin, aitarekin, kantatu egiten zidalako, eta askoz errazagoa zen». Iluntzean aritzen zen bertsoak jasotzen: «Ateratzen nintzen pote bat hartzera Tolosan, eta ez geneukanez sakelakorik, AEKren euskaltegira joaten nintzen handik deitzera bertsoa eskatzeko eta jasotzeko».
Ez da idaztea bakarrik
Testuak idazteaz gain, zuzendu ere egin behar ziren. Horretan aritzen ziren Beatriz Zabalondo eta Jose Luis Aranguren Txiliku, baina lan karga ikusita, laster bildu ziren taldera beste hiru bat lagun. «Gogoratu behar da orduan euskara batua nola zegoen: gramatika oraindik osatu gabe, eta UZEIren hiztegiak hasita zeuden, baina kimikakoa, zuzenbidekoa eta erlijiokoa bakarrik zeuden», azaldu du Zabalondok. Egunkaria-k egindako ekarpena nabarmendu dute Zabalondok eta Landak, esaterako, atzerriko hitzak euskaraz emateko. Nola idatzi behar zuten Txernobyl edo Azerbaijan? Zabalondok azaldu duenez, inguruko sarera jotzen zuten zalantzei erantzuteko: «Deitzen nion diputazioko itzultzaileari Gipuzkoara edo Bizkaira, Hernaniko euskara teknikariari…». «Presazkoak» zirenak horrela konpontzen zituzten batzuetan.
Zabalondok argi du euskararen normalizazioan eta estandarizazioan lanik handiena estilo liburuak egin duela. Landa izan zen 1990eko uztailerako egin zutenaren sortzaileetako bat. Euskararen aldetik finkatzeko asko zegoela iruditzen zaio, baina baita kazetaritza hizkeran ere: «Gauza bat literatura da, eta beste bat, kazetaritza». Zabalondoren irudiko, zuzentzaileentzat ere baliagarria izan zen: «Kazetariari esaten genion: ‘Etxe honetan, estilo liburu bat dago, eta estilo liburu horretan hau jartzen du: bete egin behar duzu’».
Kazetarien, zuzentzaileen edo produkzioko langileen lanarekin batera, publizitatea ere ezinbestekoa da egunkari batek iraungo badu. Negozio txikien babesa bazuten; enpresa handiagoetan, kontaktuen bidez lortzen zuten zerbait, baina zailago: «Arazoa erakunde handiekin eta ofizialekin genuen. Boikota aginduta zeukaten», azaldu du publizitatean ari zen Jon Barandiaranek. Lortzea hainbeste kostata, publizitatearen tartea errespetatu beharra zuten kazetariek, Maixa Olano maketatzaileak esan duenez: «Ondo joan behar zuen. Diru iturria zen, eta bere lekua bikain utzi behar genion». Lehen egunean, arazoak izan zituzten publizitatearekin. Barandiaranek gogoan du «gaindituta» zeudela eta Egin-eko langile batzuek lagundu zietela.
Sarri, kazetariaren lana da bistakoa, baina ondoan ditu funtsezko beste hainbat langile; tartean, maketatzaileak. Maixa Olano horretan aritzen zen. Tipome- troarekin —erregela berezi bat— kalkulatzen zuten zenbat karaktereko testuak idatzi behar zituzten kazetariek, eta argazkiak eta publizitateak kokatzen zituzten. Kazetariek monitore batean idazten zuten, eta, gero, produkzioko langileen esku geratzen zen testu hura hurrengo egunkariko orrietan ateratzeko egin beharrekoa. Fotolito —plastiko garden moduko bat— bihurtzen zituzten orriaren elementuak, eta horiek elkartzen aritzen zen Eba Arratibel, muntatze mahaian. Zuloa deitzen zioten leku batean bihurtzen zituzten paperezko argazkiak fotolito. Haiek itsastea eta moztea zen haren lana: «Orriak osorik ateratzen ziren, baina itsatsi egin behar izaten zitzaizkien data eta zenbakia zeramatzan zintillo moduko bat, eta irudi guztiak». «Eskulana» zela adierazi du, eta ez du ahaztu eskuetan kuterrarekin ebakiak egiten zituztela batzuetan. Astraloian jartzen zituzten orriak launaka, eta plantxa bihurtzen zituzten. Hor bukatzen zuten Lasarte-Oriako egoitzako lana. Azken pausoa falta zen: plantxak Egin-en errotatibara eramatea.
Egunkaria-k langileen esfortzuarekin lortu zuen irautea, Landak ziurtatu duenez: «Ez ditut gogoan orduko datu ekonomikoak, zenbat kobratzen genuen edo kobratzen ote genuen ere. Halere, jendea bere bizitzan zuen guztia bertan ematera zihoan». Zabalondoren hitzetan, bazekiten zerbait handia egiten ari zirela: «Asko bizi nuen, eta esaten nuen: ‘Hau ez da lagunarteko gauza bat, ezta bihar galduko den gauza bat ere. Agian, galduko da gaizki gabiltzalako edo ez digutelako laguntzen, baina hau gauza inportante bat da herri baten historian’». Espainiako Auzitegi Nazionala hamahiru urte geroago, saiatu, saiatu zen gal zedin, baina 30 urte pasatuta ere, haria ez da eten. Itxia izan baitzen, baina ez isildua.