Kontatzearen ausardia

2021, apirilak 10

‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxieran oinarritutako ‘Sisiforen Paperak’ antzezlana estreinatu dute Madrilen. Hiru astez izango da han, eta euskaraz ere emango dute.

p040_f01w768

“Ziur nago erantzun ezin hobea izango duela»: Pedro Casasen hitzak dira, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako Sisiforen Paperak antzezlana Madrilen estreinatu aurreko orduetan esanak. Hain zuzen, atzo arratsaldean estreinatu zuten Espainiako hiriburuko Maria Guerrero antzokian. Hiru astez, maiatzaren 2ra arte, taularatuko dute han obra. Apirilaren 29an eta 30ean, halaber, euskaraz ere emango dute, gaztelaniazko azpidatziekin.

Egunkaria itxi zutenean, Casas Madrilen kazetaren alde sorturiko taldean aritu zen. «Gure helburua kasua zabaltzea zen, ezagutaraztea». Horretarako, hainbat ekitaldi eta hitzaldi antolatu zituzten: «Egun osoko jardunaldiak ere antolatu genituen institutu batean; jende asko bildu zen». Aitortu duenez, ia bi hamarkada geroago auzi hura oholtzan ikusteak harridura sortzen dio, baina, batik bat, poz ikaragarria.

10803918

Argazkian, Martxelo Otamendi ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohia eta BERRIAko zuzendaria eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. / J. Danae, Foku

Bilboko Arriaga antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak, Gasteizko Principalek eta Espainiako Centro de Arte Dramatico Nacionalek elkarlanean ekoitzitako lana da Sisiforen Paperak. Hain zuzen, azken horrek antzerkia sustatzeko duen antzokia da Maria Guerrero. Erakunde publiko horretako zuzendari Alfredo Sanzolek gertaerei fikziozko interpretazioa emateko asmoa duen proiektu gisa deskribatu du obra. «Egunkarian gertatu zenaren eta prozesu judizialean mamitu zen guztiaren arteko kontrastea sortzen da. Asmo handiko obra da, oso berezia», azaldu du.

Gainera, adierazi du erakundeak nagusiki tematikagatik zuela produkzioan parte hartzeko interesa: «Interes handia genuen Espainiaren historian funtsezkoa den istorio hau kontatzeko». Garrantzi handikoa iruditzen zitzaien epaile baten erabakiek bizitza pertsonal eta profesionala eten dieten pertsonaien istorioa kontatzea.

Estreinaldi berezia

Estreinaldi saiora hainbat pertsona joan dira. Bertan izan da Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko zuzendaria ere. Horrez gain, Jose Ricardo de Prada eta Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko magistratuak eta Egunkaria auzia landu zuten zenbait kazetari ere joan dira, besteak beste.

288034da8b
Madrilen ‘Egunkaria’-ri babesa emateko sortu zen taldeko lau ordezkari. Ezkerrean, Otamendiren alboan, Marije Gallego, eta erdian, Pedro Casas. / J. Danae, Foku

Ttantaka taldea arduratu da obra taularatzeaz, Fernando Bernues zuzendariaren gidaritzapean. Bernuesek Madrilgo estreinaldiaren aurretik adierazi du beste edozein antzokitako helburu bera dutela: «Agertokiaren gainean kezkak, tentsioak, gatazkak eta zalantzak jarri eta balorazioak partekatu nahi genituzke, horrek hausnarketak eragin ditzan, nolabait, denok begirada irekiagoa izan dezagun». Halaber, uste du Madrilgo publikoaren erantzunak balio berezi bat duela: «Ezarritako beste errealitate edo diskurtso batekin topo egiteko jarrera baikorra dute». Estreinaldiaren aurretik, ostegunean saio bat eman zuten Madrilen, eta Bernuesek adierazi du sentsazioa «oso ona» izan zela: «Funtzioa bukatzean behin eta berriz errepikatzen zen hitza ausardia zen». Obrak helarazten duen ausardia, eta obra bera Madrilen erakusteko ausardia.

Madrilen du jatorria antzezlanak, nolabait. 2003an Musikaren Sarien emanaldia zuzentzea egokitu zitzaion Bernuesi, eta, kanturik onenaren saria jasotzean, Fermin Muguruzak hedabidearen itxiera salatu zuen. Txistu jo zioten. Hantxe erabaki zuen Bernuesek egunen batean kontatu beharko zuela.

Madrilen, berriz

Hamahiru aktore eta gitarra jotzaile bat igotzen dira oholtza. Aktoreen artean Mireia Gabilondo dago. Epailearen rola jokatzen du Gabilondok. «Bere gainean erortzen da gertatutakoa; bere erabakia izan zen Egunkaria ixtea eta hainbat pertsona auzipetzea. Desastre horren neurria hartu zuen pertsona da», zehaztu du obran rol ezinbestekoa duen aktore gipuzkoarrak. Gogorarazi du epaileak, zalantzak izan zituen arren, gero egin zuena inongo daturik izan gabe egin zuela.

Madrilen aritzearen inguruan, Gabilondok aitortu du obra Euskal Herritik kanpo erakusteak ilusioa eragiten diola: «Oso pozgarria da». Sisiforen Paperak antzezlana «gertatu behar ez zen, baina tamalez gertatu zen pasarte bat» kontatzeko aukera gisa ikusten du. «Kontatu beharra genuen».

Euskal Herrian hasitako auzia Madrildik —Auzitegi Nazionaletik— igaro zen duela ia bi hamarkada, eta berriz itzuli da; pandemia baten erdian itzuli ere. Horregatik eta beste zio batzuengatik, egoera desberdina da. Alabaina, Euskal Herrian egin bezala, Madrilen ere esku zabalik hartu dute antzezlana. Horren erakusle estreinaldiak emanaldiaren bukaeran jaso duen txalo zaparrada beroa. Aktoreek lau aldiz atera behar izan dute oholtzara ikusleen txaloak jasotzera.

 

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>