Bihar beteko dira hogei urte Guardia Zibilak Del Olmo epailearen aginduz ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuenetik. Langile ohiek sentipen gazi-gozoak dituzte: batetik, herritarren erantzun «eskuzabala»; bestetik, erreparazio falta: «Inork ez digu ezer bueltatu».
Gaur hogei urte. 2003ko otsailaren 19a. «Ez dut gogoratzen bezperako eguna; espero ere ez, inolaz ere ez». «Egin itxi zuten, Ardi Beltza itxi zuten… Gertatu arte inork ez zuen buruan gertatuko zenik, baina aukera hipotetikoa bazegoen egoera politiko hartan. Baina pentsatu Egunkaria itxiko zutenik? Nik ez, behintzat». Euskaldunon Egunkaria-ko langile izandakoen hitzak dira: Aitziber Laskibarrenak eta Irene Arraratsenak, hurrenez hurren. Ez zuten susmorik, ez zuten espero, baina Euskaldunon Egunkaria 3.789 zenbakiarekin geratu zen, ez zen atera 3.790.a. Izan ere, bihar hogei urte beteko dira sekula jaso nahi —eta behar— ez zuten albistea jaso zutenetik: Espainiako Auzitegi Nazionalak, Juan del Olmo epailea buru zela, Euskaldunon Egunkaria itxiarazi zuen, euskarazko egunkari bakarra.
Hogei urte geroago, orduko sei langile bildu ditu BERRIAk: Laskibar, Bilboko egoitzako kazetaria; Arrarats, euskara taldeko arduraduna; Alberto Barandiaran, Iruñeko ordezkaritzako burua; Eneko Bidegain, Baionako ordezkaritzako arduraduna; Edurne Begiristain, Gasteizko kazetaria; eta Joanmari Larrarte, kontseilari ordezkariaren kabinete burua.
2003ko otsailaren 20a. 03:30. Guardia Zibilak Andoaingo Martin Ugalde parkea hartu zuen, Egunkaria-k han baitzuen egoitza nagusia. Ordurako, kazetaren hamar arduradun edo arduradun ohi atxilotuta zeuden: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila. Gainerako langileek pixkanaka jakin zuten albistearen berri. Goizero bezala, irratiko albistegiak esnatu zuen Bidegain. Guardia Zibila izan zen lehen hitza. «Pentsatu nuen lehen gauza zen: ‘Hauek berriro ere bezperako albisteekin’». Izan ere, aurreko egunean hamalau lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Baina Guardia Zibila-ren atzetik zetorren hitza Euskaldunon Egunkaria zen: «Salto batekin jaiki nintzen, eta ordezkaritzara. Noski, gure ordezkaritza irekita zegoen, eta ez zegoen poliziaren presentziarik».
Ikusi gehiago: Atxilotuak
Barandiarani Polizia etxera sartu zitzaion goizaldean, eta egoitza miatu behar zutela esan zioten: «Galdetu nien atxilotu bezala nindoan, eta ezetz, lekuko bezala nindoala. Esan nien: ‘Eta joaten ez banaiz?’ Eta esan zidaten: ‘Atea botako dugu’».
Joatea erabaki zuen. Lau ordu inguruan egon zen han, inkomunikatuta. Ez zekien kanpoan eta beste egoitzetan zer gertatzen ari zen, ezta zerbait gertatzen ari ote zen ere: «Miaketak ez genituen izaten, baina ez nuen pentsatu ere egin Egunkaria itxiko zutenik». 08:00 aldera atera ziren, eta egoitza zigilatu zuten. Ez zen miaketa hutsa: «Euskadi Irratian-eta ari ziren esaten: ‘Itxi dira egoitzak, atxilotuak daude’. Orduan konturatu nintzen denaz».
Gainerakoek, berriz, telefonoz jakin zuten gertatzen ari zenaren berri. Begiristaini orduan arduradun zuenak eman zion albistea, Pello Urzelaik: «Esaldia izan zen: ‘Edurne, Guardia Zibila Gasteizko bulegoan dago’. Negarrez hasi nintzen, hori izan zen lehenengo erreakzioa». Ordezkaritzara joatea erabaki zuen, eta Guardia Zibila han zegoen ordurako, «kaleak hartuta». Irudi bat du gogoan: «Miaketa bukatu zutenean, kutxa pila bat atera zituzten, eta Txarli [Juan Karlos Garcia, egoitzako burua] jaitsi zen, zurbil-zurbil». Larrartek, berriz, Xabier Lekuona zuzendariordearen deia jaso zuen: «Gogoratzen naiz Xabierrek esan zidala: ‘Guardia Zibila parkean dago’». Bezperako operazioarekin lotu zuen: «Esan zidan: ‘Ez, ez, ez, Egunkaria‘».
Egunkaria, baina ez Egunkaria soilik. Guardia Zibilak Jakin eta Argia aldizkarien eta Ikastolen Elkartearen egoitzak ere miatu zituen, eta materiala atera.
Euskaraz egunero
Berehala erantzun zioten erasoari. Larrartek gogoan du Lekuona eta biak Donostiara joan zirela zer gertatzen ari zen jakin bezain laster. Han bi langile hartu, eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) taberna baten elkartu ziren. Elkartzeko eta lanerako lekua topatu zuten: AEK-k Andoaingo euskaltegia utzi zien. Ordurako, pentsatzen hasiak ziren biharamunari buruz, ezin zituzten euskaldunak berripaperik gabe utzi. «Hurrengo eguneko Egunero nola atera pentsatzen ari ginen. Bueno, hurrengo eguneko egunkaria: ez genekien zer izen eraman behar zuen, zeinek argitaratu, nola egin…».
Tolosako (Gipuzkoa) Tolosaldean Egunero-ren egoitza hartzea erabaki zuten, eta, egun osoko lanaren ostean, lortu zuten hamasei orrialdeko egunkaria. Pauso bat falta zen: inprimatzea. Hiru errotatibaren baiezkoa zuten: Diario de Noticias, Gara eta El Diario Vasco. A plana Diario de Noticias-ena zen. Goizekoa nahikoa ez, eta Guardia Zibila hara ere azaldu zen, Larrarteren esanetan: «Abisatu ziguten Guardia Zibila errotatibara joan zela, Egunkaria inprimatzen ari ote ziren galdezka».
«Han nengoen ni», ziurtatu du Barandiaranek. Ateratzen zela ikuskatzea tokatu zitzaion. «Hango langile batek esan zidan: ‘Alberto, ezkuta zaitez, ze poliziak hemen ikusten bazaitu, azkenean eramango zaitu. Goizean egon da zurekin’». Mahai baten azpian sartu zen. Gogoan du nola entzun zituen guardia zibilak esaten Egunkaria-ren ordezko zerbait inprimatzen ari baziren isunak edo «arazoak» izan zitzaketela. Poliziak alde eginda, zer egin erabaki behar. Abokatuaren, gerentearen eta erredakzio buruaren eztabaidaren lekuko izan zen: «Haien larruan egon banintz, ez dakit zer egingo nukeen. Eztabaidatzen ari ziren Egunero kaleratuko zuten ala ez. Ateratzea erabaki zuten». Han geratu zen, lehen furgonetak atera ziren arte.
Larrarte eta beste zenbait langile zeuden Andoainen furgoneten zain: «Ez genekien bidean gelditu behar zituzten edo zer gertatu behar zuen». Iritsi zirela eta banatzeko moduan zirela egiaztatu zuten. Baina ziurgabetasuna ez zen desagertu. Atxilotuko zituzten kezkarekin joan zen etxera, lankide batekin batera: «Atxilotu behar bagintuzten, gutxienez beste batekin izan zedila».
Segituan erantzuna
Batzuk egunkaria aterako zela bermatzera; besteak, erasoari kalean nola erantzun erabakitzera. Itxi zizkieten Egunkaria-ren egoitzetako ateak, indarrez itxi ere, baina lehen egunetik bertatik zabaldu zizkieten beste asko, elkartasunez. Irudipen hori zuen Laskibarrek: «Jendeak asko irekitzen zizkigun ateak».
Bidegainek, esaterako, azaldu du egunean bertan prentsaurreko bat antolatu zutela: «Beti erraten da Iparraldean kostatzen dela gauzak aktibatzea epe oso motzean edo ertainean, beste erritmo batean gabiltzala. 09:00-10:00 aldera hasi ginen deiak egiten: ’15:00etan prentsaurrekoa egingo dugu’. Gehienek esan zuten joango zirela. Ez dakit zenbat lagun bildu genituen, baina asko». Hurrengo egunean ere, Baionako kalean, antzera: «Elkarretaratze oso handia izan zen».
Hiru hitz erabili ditu Arraratsek herritarren erantzuna deskribatzeko: «Handia, eskuzabala eta harrigarria». Donostiakoa izan zen protestarik esanguratsuena, berripapera itxi eta bi egunera antolatutakoa. Esanguratsua eta ezinbestekoa. «Uste dut izan zen bezalako manifestazioa izateak sekulako indarra eman zigula hemen geundenoi aurrera jarraitu ahal izateko», nabarmendu du Larrartek.
«Torturatu egin dituzte»
Bitartean, arduradunak atxilotuta zeuden oraindik, deklaratzeko zain. Bost eguneko inkomunikazioaren ostean iritsi zen hurrengo kolpea: torturatu egin zituzten. Ezustea hartu zuen Laskibarrek: «Badakigu lehenago egunkariak eta beste komunikabide batzuk itxi direla, tortura egon dela, baina ez duzu imajinatzen egunkari bateko zuzendaria horrela torturatuko dutenik, Torrealdai bera edo prestigioa duen beste jende bat». Lehendakaritzatik atera berritan harrapatu zuen albisteak Larrarte: «Ibarretxerekin [Joan Jose Ibarretxe, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakaria] eta Miren Azkaraterekin [orduko Kultura sailburua] bilera egin, atera, autoan sartu, eta deia jaso genuen: ‘Torturatu egin dituzte’. Oso gogorra izan zen».
Ikusi gehiago: «Buruan zera nuen: sekula ez gaituzte bakean utziko»
Arraratsek ere ondo gogoan du Otamendik prentsaren aurrean torturak kontatu zituen unea: «Herriko batzordean ibiliak ginen, eta bokata bat afaltzera joan ginen taberna batera. 21:00etan Teleberri jarri zuten. Eta Martxelo horrela ikustea, Martxelo Otamendi jauna… Sekulako kolpea izan zen niretzat».
Bost egunean Guardia Zibilaren esku egon ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak; Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia, berriz, aske utzi zituen, bermea ordainduta. Zubiria zazpi egunez egon zen inkomunikatuta, eta espetxeratu egin zuten.
Lau hilabete eta gehiago
Behin itxieraren beroaldia igarota ere, herritarren berotasuna ez zen eten: herri batzordeak sortu, kamisetak saldu… Lanik ez zitzaien falta, Laskibarrek ziurtatu duenez: «Kamisetak egiten hasi ginen, erruz saltzen ziren, herriz herri joaten ginen hitzaldiak ematera…».
Gasteizen, ostegunero biltzen ziren, Begiristainek azaldu duenez. Estreinatu berri zen Los lunes al sol film arrakastatsuan inspiratuta, Ostegunak eguzkitan protesta antolatzen zuten, eta, astero, sektore bati egiten zioten deia: kultur eragileei, kazetariei, Egunkaria-ko langileen amei… «Lortzen genuen arreta hor jartzea». Eusko Legebiltzarrean ere egon ziren: «Alderdi konstituzionalistak kenduta, denak gurekin bat».
Babesa ez zen Euskal Herritik soilik iritsi. «Katalunian ere sekulako erantzuna izan zen. Egunkaria endavant atera zuten», nabarmendu du Arraratsek. Bereziki, Blanesko Udalaren kasua du akorduan Barandiaranek: «Blanesko Udalak orri osoko publizitatea jarri zuen Egunero-n».
Protesta ez ezik, laguntza ekonomikoa ere ezinbestekoa izan zen, bai langileek irauteko, bai proiektu berria martxan jartzeko. Arrarats, adibidez, Hernaniko (Gipuzkoa) batzordearekin joan zen Donostiako manifestaziora, «poltsa pasatzera»: «Jendeak billeteak botatzen zituen. Ni harrituta. Han zegoen jendea ez zen bereziki aberatsa, baina oso haserre zegoen». Bidegainek gogoan du BERRIA sortzeko akzio kanpainan bost milioi euro lortu zituztela. «Hori ere elkartasunaren adierazle inportantea da».
Baina dena ez zen elkartasuna eta laguntza izan. Komunikabideek ahotsa altxatu zuten Euskal Herrian: ez, ordea, Espainian eta Frantzian. Hala kontatu du Bidegainek: «Frantziako hedabideek Egunkaria-ren itxierari ez zioten ia batere oihartzunik eman». Eta berdintsu Barandiaranek: «Oso esanguratsua izan zen Espainian egon zen blokeo mediatikoa». Ez zuen oharkabean harrapatu Arrarats: «Euskaldunon Egunkaria-ren komunitateak oso ondo erantzun zuen; kanpokoek, berriz, ez. Espainiako kazetari ofizialengandik ez genuen elkartasun handirik jaso. Espero genuen? Nik ez».
Beste hutsuneren bat ere sumatu zuten. Lehendakariarena aipatu du Larrartek: «Uste dut aurreneko egunean esaten genuela, eta esango nuke manifan ere esaten zela Donostian: ‘Ibarretxe, non zaude?’. Esaten duzu: ‘Horrelako batean, zergatik ez dago lehendakaria hemen?’. Egia da Jaurlaritzako ordezkaritza zabala izan zela, lehendakaria egon gabe ere; bazegoen beste inoiz egon ez zen agerpen bat». Mezua jaso zutelakoan dago: «Handik bi egunera, Lehendakaritzan geunden bileran». Dena den, hutsuneak bainoago, «sorpresa positiboak» ditu gogoan Laskibarrek: «Espero ez genituen askoren babesa jaso genuen, publikoa eta pribatua».
Egunero BERRIA
Langileen eta herritarren ekinaren emaitza lau hilabete geroago bistaratu zen: 2003ko ekainaren 21ean kaleratu zuten lehenengoz BERRIA egunkaria. Ez zen, ordea, pozerako eta ospakizunetarako eguna izan, langileen esanetan. Sentimendu «gazi-gozoa» izan zuen Arraratsek, proiektua «hondamendi baten gainean» eraikitakoa iruditzen zitzaiolako: «Sentitu nuen: ‘Egunkaria lapurtu digute, eta egin dugu beste gauza bat. Hemen jarriko ditugu indar guztiak, baina niri Egunkaria lapurtu didate, eta ez didate itzuliko sekula’. BERRIA niretzat ez da Egunkaria». Halatsu mintzatu da Barandiaran ere: «Niretzat BERRIA ateratzea izan zen: ‘Hau ere lortu dugu’».
Auzia ez zen orduan amaitu, ordea. Zazpi urtera iritsi zen bost auzipetuen (Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleaga) absoluzioa. Langileek hura ere ez zuten garaipentzat hartu. Begiristainen hitzek laburbiltzen dute sentitutakoa: «Mina egina zegoen, eta erreparaziorik ere ez da egon. Poza, noski, bukatuta zegoen, baina egindakoa nola bueltatu diguzue? Inork ez digu ezer bueltatu, ez barkamenik eskatu, ez erreparatu, ez aitortzarik eman».
Hogei urte geroago, baina, bizirik dirau BERRIAk: 6.106. zenbakia du gaurkoa. Ez zuten lortu euskarak eta euskaldunek egunkaririk ez izatea. Arraratsek aitortu du orain agian lehen baino «harroago» dagoela kazetaz: «Ikusten duzu bere bidea egiten ari dela eta ez dela berehalakoan galdu». Larrarterentzat pozgarria da «pasatu behar izan dituenak pasatuta» oraindik BERRIA ikustea, «egungo errealitatera eta beharretara egokituta». Baikorra da Barandiaran ere: «Ez da Egunkaria, BERRIA da, baina, niretzat, nirea da, sortu genuen horren segida».