«Susmoen» gainean eraiki zen ‘Egunkaria’-ren aurkako auzia. Defentsen zeregina izan zen inteligentzia txostenak baliogabetzea
Egunkaria-ren itxieraz gain, auzipetuek Damoklesen ezpata izan zuten gainean; ia zazpi urtera egin zuten epaiketa, 2009ko abenduaren 15etik 2010eko otsailaren 1era, eta, fiskalak eta defentsak absoluzioa eskatu bazuten ere, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen eskeak hor zeuden: hamabi eta hamalau urte artekoak. Apirilaren 12an heldu zen absoluzioa. Javier Gomez Bermudez buru zuen epaimahaiak ebatzi zuen itxiera bidegabea izan zela eta auzipetuen atxiloaldiko inkomunikazioa ez zela «nahikoa eta behar bezala» kontrolatu. Epaiketaren xehetasunak Pello Urzelai kazetariak jaso zituen Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika liburuan.
Zertan oinarritzen zen akusazioa? Ikerketa Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Zerbitzuen Buruzagitzak abiatu zuen, 2001eko ekainaren 6ko data duen txosten batekin. Juan del Olmo epaileak ontzat eman, eta aurretiko eginbideak zabaldu zituen. 2002ko urrian, Guardia Zibilak beste txosten bat igorri zion Del Olmori, ETAk Egunkaria SA erabiltzen zuela esanez. 2003ko urtarrilaren 28an, hirugarren txostena igorri zioten: inplikatuek zein gertaeratan hartu zuten parte. Epaileak ondorioztatu zuen «nahikoa datu» bazegoela Egunkaria «ETAk sortu, finantzatu eta zuzendu» zuela esateko.
Iñigo Iruin, Jose Mari Elosua eta Felix Cañada defentsako abokatuek nola egin behar zioten aurre kausari? Ahozko epaiketako azken egunean, Iruinek dekalogo batean bildu zituen auziari aurre egiteko argudio juridikoak.
1. «INKESTA OROKORRA»
Prozesua «inkesta orokor» bat izan zela azaldu zuen Iruinek, eta, Auzitegi Konstituzionalaren arabera, ikerketa orokor baten arriskua eragozteko, funtsezkoa dela instrukzioaren eremua zehaztea. «Konstituzionala, zehaztu beharra dagoela dioenean, esaten ari da noticia criminis egon behar dela; hau da, gertaera zehatzak behar dira, koordenatu tenporal eta espazialetan erreferentziatuak, eta ez uste edo susmo hutsak». Auziaren abiapuntuan «mugarik gabeko ikerketa» egon zen. Gero, «pertsonen gaineko inkisizio tekniken erabilera» egon zen, «aldi berean errugabetzeko balio duten elementuak ezkutatuta».
2. GERTAERA JAKINIK EZ
Ikerketaren objektua gertaera jakin bat ez izatea txarretsi zuen Iruinek; fenomeno kultural eta sozial bat ikertu zela. Egunkaria-ren sorrera garrantzi handiko fenomeno bat izan zen, eta Guardia Zibilak alde batera utzi zuen erreferentzia historiko oro —«ezjakintasunez edo nahita»—. Epaiketan xehe azaldu zen kazetaren sorrera prozesua.
3. GUARDIA ZIBILA ERAGILE
Guardia Zibila prozesuaren «motorra» izan zen. «Epaitegiak haren erabaki eta ekimenei forma juridikoa eman besterik ez du egin. Zereginen iraultze argia dago», nabarmendu zuen Iruinek bere jardunean. Eta argudiatu: «Hark eskatu zuen egunkaria ixteko, enpresak ixteko». Abokatuak agerian utzi zuen hori, besteak beste, R28575H guardia zibil perituaren galdeketan: guardia zibil instruktoreak berak idatziz eskatu zion epaileari kazeta ixteko, eta hala aitortu zuen epaiketan, abokatuak eskaera agiria erakutsi eta gero.
4. «EMAITZAREN LEHENTASUNA»
Aurreko puntuari lotuta, Iruinek nabarmendu zuen oso zaila zela azpisistema judiziala eta poliziala bereiztea, eta lehena «usteldu» egin zela bigarrenaren eraginez: «Erabilera eta pauta polizialak prozeduran txertatzen dira, eta pauta polizial nagusia emaitzaren lehentasuna da, bitartekoen gainetik. Ez du inporta nola; erakutsi beharra dago Egunkaria ETAren proiektua dela, eta beharrezko diren diligentziak egiten dira helburu horren zerbitzuan».
5. EPAILEA «ETSAI»
Zer eragin zuen Poliziaren nagusitasun horrek? Epailearen rola aldatzea eta zigor prozesuaren izaera aldatzea. Instrukzioko epaileak egia bilatu behar du, baina ez zen hori gertatu: «Prozesu informatiboa erasokor bihurtu da, non epailea akusatuaren etsai gisa ari den, eta ez du bilatzen gertaeraren egia, baizik eta inputatuaren delitua. Ez dira ikertu delituak, baizik eta pertsonak. Ez dira ikertu ekintzak, baizik eta pertsona batzuen jarrerak».
6. TORTURAPEKO TESTIGANTZAK
Auzipetuen torturek zeharkatutako auzia izan zen, eta hala islatu zen epaiketan eta epaian. Instrukzio epaileak torturen salaketen inguruan izaniko jarrera «pasiboa» kritikatu zuen Iruinek: «Auzitegiko medikuak jaso bezala, torturak salatu dituztenak bat datoz kontakizunean gertakari batzuetan: galdeketetan zutik egotera behartzen zituztela, ez zitzaiela uzten lo egiten, edo galdetzen zitzaienean flexioak egitera behartzen zituztela. Atxilotuen kontakizunean kointzidentzia ulergaitz bat dago, atxilotuak inkomunikatuta egonda». Epaimahaiak horixe jaso zuen ebazpenean, auzipetuak bat zetozela: «Auzitegi honek ezin du ondorio juridiko-penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu nolakoa izan zen inkomunikazio aldia».
7. KASU BAZTERTUA
Akusazioak eraikitzeko balio izan zuten txostenak judizializatuta zeuden lehendik ere, eta Guardia Zibilak berak baztertu zuen, 1998an, deliturik egotea Egunkaria-ren sorreran. 1998ko abenduaren 15eko 18/98 txostenean, Guardia Zibilak 59 agiri aztertu zituen, eta horien artean Egunkaria auziko guztiak zeuden, Kronika izenburukoa izan ezik. «Ordutik, ez dago datu berririk».
8. ESPEKULAZIOAK OINARRI
Akusazioek zeharkako frogetara jo zuten, susmoen batura froga bihurtu zitekeelakoan. Horrela laburbildu zuen Iruinek epaiketan: «Nola eraiki da hau guztia? Datu bat, esanahi anbiguoa duena, berez, susmora baino ez daramana, izaera bereko beste datu batekin elkartzen da, eta elkartze hutsagatik aldatzen zaio izaera froga bihurtzeko ahaleginean. Ba, ez. Susmo bat gehi beste susmo bat pilaturiko bi susmo dira, baina ez ezer egozteko froga bat».
9. TXOSTENAK INDARGABETZEN
Defentsaren jardunean giltzarri zen inteligentziazko peritu froga desaktibatzea, Iruinek gogora dakarrenez, froga zuzenik ez zegoelako: «Froga nagusia eta bakarra zen. Sumarioaren 50.000 orri kopurua Guardia Zibilaren txostenez josita zegoen; txostenak bere eranskinekin eta sostengu txostenekin. Bizkarrezurra eta ardatza ziren. Borroka juridikoa eta jokoa hor zegoen». Nola kendu peritu izaera txosten horiei? Batetik, nabarmenduta ezin zela onartu peritu gisa auziaren instrukzioan «hain esku hartze zuzena izandako Guardia Zibila»; bestetik, agerian utzita Guardia Zibilak «logika maltzurra» zerabilela dedukzioak eta balorazioak egitekoan —adibidez, akusatuen aldeko frogak baztertuta—. Iruinek berak epaimahaiari egin zion galdera epaiketan: «Gakoa hau da: tribunalak zuzenean egiaztatu al dezake agirien errealitatea? Erantzuna, bistan da, baiezkoa da, eta, ondorioz, txostenek ez dute peritu izaerarik».
10. «FIKZIO BAT»
Defentsaren ildo nagusiak bi ziren, Iruinek hamahiru urte geroago gogoan duenez: batetik, Egunkaria-ren «benetako historia» azaltzea, «epaileek ezagutu zezaten nola sortu zen, kapitalaren ekarpenak nortzuek egin zituzten, zuzendariak nola aukeratzen ziren…»; bestetik, ETAren eta egunkariaren arteko «ustezko lotura hori frogarik gabe uztea. Fikzio bat, asmakizun bat zela agerian jartzea». 2010ean literaturara jo zuen abokatuak, Da Vinci Kodea eta Egunkaria-ren aurkako auzia lotzeko: «Liburuan, Eliza ustez nahasturik zegoen Jesu Kristoren benetako historia ezkutatzeko konspirazio batean; kasu honetan akusatuak ETAk zuzendutako konspirazio batean nahasturik egongo ziren Egunkaria-ren benetako historia —ETAren proiektu bat izatea— ezkutatzeko. Tamalgarriena da instruktoreak bere egitea Guardia Zibilak sortutako fikzio hori».