‘Egunkaria’-ren taupadak

2025, otsailak 20
Olga Saratxaga Bouzas
istoriaren berri emateko era askotako itxuraz jantzi daiteke kontakizuna, bidezko egiatasunaz gorpuztu edo duintasunaz gabetu nahian, oro har. Bitarteko jaidurak, gris kolore-eskalakotzat edo jo ditzakegunak ere egon badaude, ezaxolakeria, arduragabekeria eta gainontzeko kideen eskutik, besteak beste. Aski argigarria hitzak kontaeraren osagaiak izateaz gain, komunitatearen bizikidetza sendotu zein urratzeko baliabide gisa erabiliak izaten direla. Edozeinetan, beraz, mesedea edo kaltea atxikitzen dion zerbait bihurtzen dugularik. Komunitario izate horretan hurbileko gertakari bakoitzari eutsita elkartzen gaituzten hamaika testigantza baditugu, halaber, testuinguruan nor bere lekuan jartzeko ahalmena ziurtatzen digutenak. Hala bada, jazoera batzuk heltzean koloka emozionalpean uzten gaituzte, noiz edo noiz gauzatzearen esperoan bizi garen arren. Are gehiago, albiste samingarriek ustekabean hartzen bagaituzte.

Egutegi gregorianoan murgildurik bizi gara, gugan dirauen gomuta bakoitza agiri pertsonal atalean finkatzen dugun ahala, egunak, hilabeteak eta urteak gidari izanak, bizitzaren kontari bezain zenbatzaile izendatuak. Hortaz, denboraz baliatzen gara historiaren bilakaera ulertzeko, denbora bera kontalari ezin hobea be bada eta. Baina urteak, berez, ez dira zenbaki bakarrak, beraien bidez sortu eta osotzen diren istorioek eta memoria kolektiboak ahaztu ezin dutena luzaroko lekukotza bizkortzen dugu.

«Demokrazia» garaian, frankismoaren ostetik, Euskal Herrian, orokorrean pairatutako funtsezko eskubideen hainbat urraketa azaltzen dira hemerotekan, adierazpen askatasunaren haustea barne. Era berean, orduko hartatik euskal hizkuntzarekiko maiz azaleratu direnak. Euskaldunok jasandako hainbat ezarpen judizial, faxismotik gertu, azkenengo hamarkadetan ez ezik, azkenengo urteotan ere bai, intolerantzia isla direnak. Botere-banaketa iruzur hutsa dela agerian uzten dutelarik. Honenbestez, negar egiteari ekiteko moduko uneak bizi ditugu, eta inguratzen gaituzten bestelakoei be eutsi behar izango diegu.

Gaur, otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 22. urtemuga honetan —berriro osteguna—, derrigorrezko gogoeta darabilkit arimatik gorputzaren azken zelularaino bortizki aldarria sorrarazten, 2003. urte hura ukigai balitz bezala, hogeita bi urte igaro ez balira bezala eta gaurko esnatzean informazioa heldu balitzait bezala. Egun hartaz gogoratzen dut ziztada burmuinean, deskribaezin lipar batean bizitza eten egin zela, bihotz taupaden isiltzearekin batera, berria entzuten nuen bitartean, ikararen zirrara nagusi. Aitortzak lotsa bezalakoa ematen badit ere, oraintxe berton ez dut ziurtzat kokatzen oroimenean nondik heldu zitzaidan lehendabiziko berria, AEK-kide batengandik ote edo irratian entzuna…

Urteurrenei jarraituz, zazpi urte dagoeneko (urtarrilaren 12an), euskal kulturaren ikurra izan genuen Joxean Artze hil zitzaigula: euskal kulturgintzaren sortzaileetakoa, euskaldun amorratua eta euskaltzale petoa. Bihotzean ez ezik, berban ere euskara zuena eta hizkuntza bera lehenesteko, horra hor, sortu zituen era desberdinetako lanak, betiko ondarea. Hizkuntza ez da galduko ez dakitenek ikasi nahi ez dutelako edota inoiz ikasiko ez dutelako soilik, dakigunok, euskara daukagunok, euskaldunok hitz egiten ez dugulako baizik, galdu dezakegu batez be. Argibide izan dezagun euskararen inguruan orain arte lortutakoa ez dela debalde izan. Asko eta askoren ahaleginei esker gara gu gaurko euskaldunok.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>