Asteazkenean Zarauzko (Gipuzkoa) ohiko udalbatzarrean Egunkaria auzia-z bi mozio aurkeztu zituzten, eta EAJ eta EB-Aralarrek aurkeztutako gaitzespen mozioa onartu zuen, EAJ, Hamaikabat eta EB-Aralarren aldeko botoekin -ezker abertzalea ere alde azaldu zen-. PPk eta PSE-EEk ezezkoa eman zioten. Bestalde, PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu zuen; udalbatzak ez zuen onartu, ordea. Hamaikabat, EAJ eta EB-Aralar alderdiek ezezkoa eman eta PP abstenitu egin baitzen.
EAJ eta EB-Aralarren eskaera
EAJk eta EB-Aralarrek hainbat arrazoi eman zuten mozioaren aurkezpenean. Adierazi zutenez, 12 eta 15 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte bost inputatuentzat. Hauen artean dago Iñaki Uria zarauztarra. Honez gain, Uria ere inputatua dagoen auzi ekonomikoaren epaiketaren zain dauden zortzi lagunek, guztira, 184 urteko espetxe zigorra (bakoitzak 13 eta 26 urte bitartean) eta 234 milioi euroko isuna (bakoitzak 21-33 milioi euro bitartean) jaso dezakete. Defentsak eta fiskaltzak hasieratik argudiatu bazuten ere delitu ekonomikoei buruzko auziak Auzitegi Nazionalaren eskumenekoak ez direla, auzitegiak kasua bere gain hartzea erabaki du.
Fiskalak kasua artxibatzeko eskatu zuen, zer leporatu ez dagoela argudiatuz. Bestalde, auzian akusazio partikularrik ere ez dagoela gogorarazi zuten, baina epaiketak aurrera egingo du, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Duintasuna eta Justizia elkarteak herri akusazioaz baliatu baitira zigor gogorrak eskatzeko. Hori dela-eta, EAJ eta EB-Aralarrek kasua behin betiko artxibatzea eskatu dute.
PSE-EEren mozio alternatiboa
Honen aurrean, PSE-EEko kideek mozio alternatiboa aurkeztu zuten. Patxi Elola zinegotziak adierazi zuen, erredakzioa Andoainen zuen Egunkaria itxi zuten garai berean, Andoainen bertan Joseba Pagaza hil zuela ETAk: «Joseba lurperatua izan zen, eta hor bukatzen al da dena? Joseba ETAk erail zuen eta batzuk ahaztu nahi dute edo gehienez zenbaki bihurtu. Baina Egunkaria-koek zortea dute, ETAk ez ditu epaitu. Defendatzeko aukera dute, bizirik daude».
Honekin batera, Iñaki Uria eta gainontzeko inputatuak libre izatea nahiko luketela adierazi zuen Elolak: «Horrek ETArekin loturarik ez dutela adieraziko luke, eta beren sufrimendua behingoz bukatuko litzateke».
Ezker abertzalearen iritzia
Ezker Abertzaleko hautetsiek ere bat egin dute EAJk eta EB-Aralarrek aurkezturiko mozioarekin. Hala ere, Egunkaria-ren itxieraren jatorriaren aipamenik ez zela egin azpimarratu zuten: PP eta PSOE alderdiek sinatutako «itun antiterrorista». Hautetsien arabera, itun hori sinatu ondoren hasi zen «sorgin ehiza»: komunikabideak ixtea eta alderdi politikoak legez kanpo uztea, besteak beste. «Gaitzespenetik haratago, Egunkaria-ren itxieraren jatorrian askatu behar dira askatu beharreko korapiloak», gehitu zuen Xabier Epelde hautetsiak: «Bien bitartean, antzeko erasoei aurre egiteko herri harresia osatu behar da, eta prozesu demokratikoa abiatu, korapiloak askatu ahal izateko».
Amaitzeko, mozioarekin bat egiten zutela adierazi zuten. Honez gain, beren elkartasuna erakutsi nahi izan zuten «sorgin ehiza jasan eta honen jo puntuan direnei, tartean auziko kideei eta, nola ez, Iñaki Uria herrikideari».
BI MOZIOAK
EAJ eta EB- Aralarren ‘Egunkaria auzia’-ren mozioa
Egunkaria zenaren aurkako prozesua gaitzetsi, eta Auzitegi Nazionalari eskatu auzia behin betiko artxiba dezala eta egindako kalteak konpon ditzala.
Gure elkartasuna eta babesa adierazi auzi horretan inputatutako guztiei, eta bereziki Iñaki Uria zarauztarrari, eta Egunkaria itxi zutenetik jasan behar izan dutena salatu.
Zarauztar guztiei dei egin, Egunkaria auzia-ren aurka egiten diren elkartaratze eta babes ekimenetan parte har dezaten.
PSE-EEren ‘Egunkaria auzia’-ren mozioa
Botere judizialaren independentzia errespetatu beharrezkoa zaigu zuzenbidean oinarrituriko gizartearen ezaugarri bezala.
Premiazkoa zaigu ahal den epe laburrenean Auzitegi Nazionalak erabakia hartzea edo auzia artxibatzea. Kasua artxibatuz gero, iraun duen bitartean sortutako kalteak konpon ditzala eskatzen dugu.
Auzi honetan ETAk duen ardura azpimarratu nahi dugu eta, beste behin, desagertu dadila exijitzen dugu.