Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko auzipetuak urriaren 31n egin zuen Euskaltzaindiako sarrera hitzaldia, Foruan (Bizkaia), eta auzia hizpide izan zuten Igor Duñabeitia Foruko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak.
Igor Duñabeitia (Foruko alkatea)
“Utzi pakean, pakean dabilenaei. Hitzak adierazten duen bezala, komunikabidea, komunikatzeko bide bat baino ez da. Lurreko planetan bizia duten guztiak komunikatzen dira, guk euskeraz baino ez genuen egiten, Egunkaria bidez. Herriaren aurrerapen eta garapenerako, geure hizkuntza landuz, milaka urteko euskara beneragarria, bitxi preziatua gugandik. Amaitutzat eman ditzazue epai hau eta ez gehiago bortaxatu gure gurasoengandik jaso duguna ondorengoei utzi behar diegu eta”.
Andres Urrutia (Euskaltzaindiako lehendakaria)
“Ohore-hitzak, aurrenik, bere lan nekaezina eredugarria baita euskalgintzaren barruan, dela saiakeraren arloan, dela kazetaritzaren eremuan, dela bibliografiaren esparruan. Ohore-hitzak, hurrenik, euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile izateagatik. Azalean baino, sakon, zehatz eta goi mailan jokatu du Torrealdaik, eta gure hizkuntzaren adarretatik hainbatetan berritzaile dugu. Ohore-hitzak eta aitortza, azkenik, gaur bera eta beste batzuk euskal kultura sustatzeagatik une mingotsak jasaten ari direlako. Horretan ere, zin-zinezko gizatasuna eta zintzotasuna erakutsi dizkigu Joan Mari Torrealdaik”.
Jose Antonio Arana Martija (euskaltzaina; honek erantzun zion Torrealdairen sarrera hitzaldiari)
“Euskararen alde Joan Marik egin duen lana amaiera ezinezkoa da, baina berri goibel eta negargarriarekin aipamena amaitu beharra da, egin eta esandako guztiei ohorezko agurra eman beharra. Bete-betean datorkigu hona ere Carlos Santamariaren izena eta euskararen hedatzeari eman zion bultzada. Eta berarekin uztartuta Martin Ugalde. Bikote honen indar intelektualarekin lortu zuen Joan Mari Torrealdaik Euskaldunon Egunkaria kaleratzea. Espainiako Konstituzioa askatasunaren eskubideak defendatzen hasi omen zen egunean, hots, 1990.eko abenduaren 6an, euskaldunon pozarekin kaleratu zen lehen alea. Joan Mari izan zen Administrazio Kontseiluaren Buru, 2003.eko otsailaren 20an egunkaria bahitua izan zen arte, pertsonen kontrako ondorio mingarriekin. Euskal kulturaren eta euskararen alde ateratzen zela egunkari hau ez dugu dudarik, eta hala aldarrikatu dute Torrealdai eta kideek epaileen aurrean. Baina badaude politikaren mamua ere ikusten dutenak eta Espainiako epaitegira eramango dituzte gure kulturaren, izaeraren eta nazioaren aurka ditugun arerioek. Gure gaurko jaia iluntzen du epaiketa azaroaren 9an Madrilen izango dela jakiteak. Baina gu harro gaude gure euskaltzain berriarekin, eta ziur gaude han eta hemen besarkatuko dugula. Euskaltzaindiak Hernanin (2003) Egunkaria-ren eta Torrealdairen alde egin eta argitaratu zuen adierazpena. Gauza bera aitortuz, gure artean nahi eta behar zaitugu Joan Mari!.