Abenduaren 15ean hasiko da ‘Egunkaria’-ren aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean

2009, azaroak 25

Abenduaren 15ean hasiko da Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa. Madrilen izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Egun hartan (asteartea) goizez eta arratsaldez egingo dituzte saioak auzitegian, eta hurrengo egunean jarraituko dute, goizez. Ondoren, urtarrilera arte atzeratuko dute -epaimahaiak ez du egunik zehaztu-. Oraingoz, epaiketan zenbat lekuko egongo diren ez dute publiko egin.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga dira Egunkaria-ren itxierako kasuko auzipetuak, ETAko kide izatea egotzita.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Ia zazpi urtera epaiketa, fiskalaren artxibo eskaera kontuan hartzeke

Egunkaria itxi eta ia zazpi urtera hasiko da, beraz, epaiketa. Hain justu, 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila.
2006ko abenduaren 15ean Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek, aldiz, epaiketa egiteko eskatu zuten.



2009ko uztailaren 30ean Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu zen, eta epaiketa egin egingo dela zioen, hortaz. Zubiria eta Alegria ordura arte auzipetuta zeuden, eta kasutik kanpo utzi zituen epaimahaiak: aurrenaren kasuan iraungitutzat jo zuelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzia-n). Bost auzipetu geratu ziren, beraz: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleaga.



“Sekulan abandonatu ez gaituen euskal gizarteari bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esan behar diogu, hemendik epaiketara begira bereziki”, adierazi zuten uztailaren 31n bost auzipetuek Andoainen egindako agerraldian. “Euskara sustatu izanaren errudun, euskal kultura sutsuki sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun izanaren errudun… bai. Baina euskara sustatzeak, euskal kultura sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrak baieztatzen duen moduan”.Azkeneko asteetan Euskal Herrian hainbat ekimen eta elkarretaratze egin dituzte epaiketaren aurka eta auzipetuen alde. Etzi Baionan izango da bilkura, eta larunbatean Donostian jaialdi handia, Kursaalean.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>