Ikuskizuna, salaketa bide

2009, azaroak 29

Arratsaldeko bost eta erdiak, eta ehundik gora lagun daude Kursaaleko atarian, ilaran, barrura sartzeko zain. Ez du bero handirik egiten, baina ez dirudi axola zaienik. Gogotsu dago jendea, baina ez bakarrik musikariak ikusi eta entzuteko, baita Egunkaria-ren kontra egiten ari direna salatu eta auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko ere.

Bikoteak eta taldeak dira gehienak, baina bada bakarrik datorrenik. Adinez, berriz, zahar eta gazte, baina gehienak 50 bat urteren bueltan ibiliko dira. Gazteak ere asko dira, eta baten batzuk baita gaztetxoak ere. Jon Zumalabek, esaterako, 18 urte ditu eta Hernanikoa da. Egunkaria itxi zuten garaian haurra izanagatik, «gutxi gorabehera» badu gertatu zenaren eta gertatzen ari denaren berri. Hori dela eta, auzipetuei babesa adieraztera etorri da beste bost lagunekin batera.

Alberto Biurrun, berriz, Iruñetik etorri da Kursaaleko ekitaldira, eta Egunkaria-ren itxiera eta haren kontrako auziaz gain, Euskal Herrian itxi dituzten komunikabide guztiei babesa ematea du xede.

Josu Mendieta, berriz, Bilbotik etorri da propio Kursaaleko kantaldira, emaztea lagun duela. «Batez ere salaketa egitera etorri gara, sinestezina iruditzen zaigulako garai hauetan horrelako gauzak gertatzea. Kapitala da, ordea, hemen agintzen duena, eta mugitzen den guztia argazkitik ezabatzen dute. Hori horrela da eta kito. Gu eta gure modukoak gara mundu honetako zapalduak».

Pello Barandiaran, berriz, Andoaindarra da eta Egunkaria-ren itxiera gertutik bizi izan zuela dio. «Nik uste justiziarik ez dagoela Egunkaria auzian, eta elkartasuna adierazi eta laguntza ematera etorri gara». Sinestezina iruditzen zaio gertatzen ari dena. «Fiskalak kargu guztiak kendu eta Manos Limpias eta Dignidad y Justiciagatik epaiketak aurrera egitea lotsagarri iruditzen zait». Barandiaranen ustetan, Espainian ez dago demokraziarik, eta Egunkaria-ren kontrako auzia da horren erakusgarri. «Esaten dute kalitate baxuko demokrazia dagoela, baina demokrazia badago edo ez dago».

Ezagunak tartean

Aitor Brion Errenteriatik etorri da, hura ere auzipetuei elkartasuna adieraztera. «Ikusi genituen sarrerak zeudela salgai, jaialdi polita iruditu zitzaigun eta erostea erabaki genuen». Euskaraz idazteagatik egunkari bat itxi izanarekin «izutuak» daudela dio, «ez baitauka ez hanka ez bururik». Auzibidearen oinarri falta aipatu du. «Ni abokatua naiz eta hutsune penal asko daude».

1.800 lagun bildu dira Kursaalera. Gehienak ezezagunak, baina bestelakorik ere bai tartean. Jose Luis Gorrotxategi bertsolari azpeitiarra, esate baterako. «Hona etorri banaiz, bistan dago Egunkaria-ren kontrako auziaz zer pentsatzen dudan. Azpijoko hutsa iruditzen zait, euskararen kontrako eraso garbia. Kantaldira, berriz, auzipetuei atxikimendu eta babesa ematera datorren bat gehiago izatearren etorri naiz».

Jon Maia dantzaria eta Juan Mari Irigoien idazlea ere bertaratu dira elkartasuna adieraztera, «zer gutxiago», dio Irigoienek. Eta, horiez gain, telebistako ezagun bat baino gehiago ikusteko aukera ere izan da; tartean, Joseba Olagarai Goenkale-ko aktorea. Oso baliagarria deritzo gisa horrelako ekitaldiak egiteari. «Izugarrikeria bat iruditzen zait Egunkaria-ren inguruan gertatu den guztia, eta uste dut horrelako ekitaldi gehiago egin beharko liratekeela, nik gogoa bainuen batetik auzipetuei laguntza ekonomikoa emateko eta bestetik dirua ematearekin batera ondo pasatzeko. Ongi pasatzeaz gain zuk uste duzun zerbaiten alde egitea gauza polita da. Uste dut horrelako ekintza baikor gehiago egin beharko liratekeela».

«Modu ona da epaiketa bertan behera geldi dadila eskatzeko»
GARAZI LETURIAGA Zarautz (22 urte)

«Egunkaria-ren aldeko edozein ekitalditara bezala, honetara ere animatu egin naiz. Gainera, gaurko ekitaldia desberdina dela uste dut. Arratsaldea pasatzeko modu ona izateaz gain, Egunkaria-rekin eta auzipetuekin gaudela adierazteko eta epaiketa bertan behera geldi dadila eskatzeko modu ona ere bada».

«Lotsagarria da fiskalaren iritziaren kontra epaiketa egitea»
HAITZ MUJIKA Donostia (32 urte)

«Laguntzera etorri gara, sarrerarekin ekarpen ekonomikoa egiten delako, sekulako bidegabekeria izan baitzen euskaraz idazte hutsagatik, beste arrazoi eta frogarik gabe, Egunkaria ixtea. Lotsagarria da, gainera, fiskalaren iritziaren kontra orain epaiketa egitea. Euskalduna den dena izorratzea dute helburu bakarra».

«Euskal Herrian bidegabekeria asko ikustea tokatu zaigu»
LUIS URBIZU Lekunberri (61 urte)

«Astakeria iruditzen zaigu Egunkaria-ren kontra egin den guztia, eta hori adieraztera gatoz, ez gaudela ados. Gainera, auzipetuei babesa eman nahi diegu, eta esan ez daudela bakarrik, jende asko baikara horrela pentsatzen dugunak. Zoritxarrez, Euskal Herrian horrelako bidegabekeria asko ikustea tokatu zaigu».

«Auzipetuei eurekin gaudela esatera etorri gara»
MAIXABEL ZUBILLAGA Tolosa (49 urte)

«Sekulako bidegabekeria, astakeria iruditzen zait euskaraz idazten zuen egunkari bakarra ixtea. Ez dago hori deskribatzeko adjektiborik. Eta auzipetuei eurekin gaudela esatera etorri gara. Askotan ez dugu modurik izaten pentsatzen duguna adierazteko, eta hona etortzea elkartasuna adierazteko modu ona iruditu zaigu».

«Egin behar den guztia egiteko prest gaude epaiketa geldiarazteko»
MARI CARMEN ALUSTIZA Beasain (57 urte)

«Ekonomikoki laguntzera eta gure babesa adieraztera etorri gara, bero-bero eginda gaudelako auzi hau dela eta. Egunkaria itxi zutenean ez genuen arrazoirik ikusten, eta, orain, are arrazoi gutxiago ikusten ditugu epaiketa egiteko. Egin behar den guztia egiteko prest gaude epaiketa geldiarazteko».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>