(Imanol  Murua  Uria)  Berria Euskaldunon  Egunkaria duela  sei  urte  eta  hamar  hilabete  itxi  zuten,  baina  zortzi  urte  eta  erdi  egin  behar  da  atzera,  euskarazko  egunerokoaren  aurkako  auziaren  jatorriarekin  topo  egiteko. 2001eko  ekainaren  6an,  euskalgintzako  hogeitik  gora  enpresari  buruzko  txostena  iritsi  zen  Juan  del  Olmo  epailearen  eskuetara.  Guardia  Zibilaren  Informazio  Zerbitzuen  txostena  zen,  eta  enpresa  haien  eta  ETAren  artean  omen  zeuden  lotura  ekonomikoak  zituen  ikergai:  alegia,  enpresa  horiek  ETAren  dirurik  jasotzen  ote  zuten,  edo  ETAren  dirua  zuritzeko  erabiltzen  ote  ziren. 
Txosten  horretan  oinarrituta,  enpresa  horien  edo  horiekin  zerikusia  zuten  pertsona  ugariren  aurkako  salbuespen  neurriak  agindu  zituen  Del  Olmok,  Espainiako  Auzitegi  Nazionaleko  seigarren  instrukzio  epaitegiko  jujeak:  diru  kontuen  ikuskatzeak,  telefono  entzuketak,  Gizarte  Segurantzako  eta  Ogasuneko  datuen  eskuratzea…  Dena  isilpean  noski,  eginbideak  guztiz  sekretuak  baitziren  artean. 
Enpresa  guztiei  buruzko  ikerketa  zehatza  egin  zuten.  Sumarioaren  lehenengo  10.000  orrialdeak  garai  hartako  ikerketari  buruzkoak  dira.  Baina  ez  zuten  bilatzen  zutenik  aurkitu:  ETAren  eta  enpresa  haien  arteko  diru  harremanik  ez  zuten  atzeman,  inork  ETAren  aldetik  pezeta  bakar  bat  jaso  zuenik  ez  zuten  egiaztatu,  ezta  inork  ETAren  pezeta  bakar  bat  zuritu  zuenik  ere. 
Orduan,  Guardia  Zibilaren  Informazio  Zerbitzuetako  ikerlariek  beste  bide  bat  hartu  zuten:  1990.  eta  1993.  urteen  artean  ETAko  kideren  batzuei  ustez  atzemandako  agiri  zahar  batzuk  kaxoiren  batetik  atera,  hautsa  kendu,  eta  ikertzen  aritu  ziren  enpresa  guztien  artetik  bakarrean  jarri  zuten  arreta:  Egunkaria  SA, Egunkaria-ren  argitaratzailea. 
Agiriak  ezagunak  ziren.  1990eko  hamarkadan  prentsak  eman  zuen  haien  berri.  Funtsean,  idatzi  anonimo  horien  egileak Egunkaria-ri  buruzko  hainbat  konturen  informazioa  zuela  eta  hango  gorabeherei  buruzko  interesa  zutela  erakusten  zuten,  ez  besterik.  Besteak  beste, Egunkaria-ko  zuzendaria  izendatzeko  hautagai  posible  batzuk  aipatzen  zituen  eta,  kasu  batzuetan,  haiei  buruzko  iritziak  eman.  Poliziaren  arabera,  KASenak  eta  ETArenak  ziren  paper  horiek. 
Agiri  horiek  hedabideetan  oihartzuna  izan  zuten  bere  garaian,  eztabaida  politikoa  ere  eragin  zuten,  baita  Legebiltzarrean  ere,  baina  ez  zuten  ondorio  juridikorik  izan.  Jakina  da  Baltasar  Garzon  epaileak  berak  ere  aztertu  zituela,  baina  ez  zuela  inor  auzibidean  jartzeko  oinarririk  ikusi. 
Handik  urte  askora,  baina,  agiri  horiek  beraiek  Auzitegi  Nazionaleko  beste  bulego  batera  iritsi  zirenean,  auzibidea  irekitzeko  ez  ezik  egunkari  bat  ixteko  oinarria  zegoela  erabaki  zuen  beste  epaile  horrek,  Del  Olmok,  Guardia  Zibilaren  Informazio  Zerbitzuen  Buruzagitzak  bultzatuta. 
Paper  zahar  horiek,  besterik  ez  zuten  Del  Olmok  eta  Guardia  Zibilak  2003ko  otsailaren  20anEgunkaria betiko  itxi  zutenean. 
Loturaren  bila 
Egunkaria itxi  baino  lehenagoko  ikerketan  ez  zuten  ETAren  eta Egunkaria-ren  arteko  ustezko  lotura  ekonomikoa  egiaztatzeko  zantzu  bakar  bat  ere  atzeman,  baina  alderantzizko  bidea  egin  asmo  zuten  orain:  frogak  aurkitu  zituztelako  itxi  beharrean,  frogak  aurkitu  ahal  izateko  itxi  zuten  eta,  ixtearekin  batera,  salbuespenezko  neurri  guztiak  hartu. 
Hamar  lagun  atxilotu  eta  inkomunikatu  zituzten  otsailaren  20ko  operazioan;  Guardia  Zibilak  bost  egunez  inkomunikazio  egoeran  galdekatu  zituen,  gogor  torturatuz  kasu  gehienetan;  deklarazio  poliziala  hartu  zieten  guztiei;  epailearen  aurrean  deklaratu  zuten  ondoren,  inkomunikazio  egoeran;  egoitza  guztiak  miatu  zituzten,  Baionakoa  izan  ezik.  Miatutakoak  zigilatu  egin  zituzten,  eta  milaka  agiri  eraman,  urte  guztietako  kontabilitatea  barne;  atxilotuen  beste  hainbat  lantokitan  ere  miaketak  egin  eta  ordenagailuak  eta  dokumentazio  ugari  eraman  zituzten,  hala  nola Argia-tik, Jakin-etik,  Herri  Irratitik,  Plazagunetik  eta  Partaide  ikastolen  elkartetik. 
Hurrengo  pausoa  urte  bereko  urriaren  17an  egin  zuten:  Egunkaria  SAren  taldeko  hainbat  enpresatako  eta  Martin  Ugalde  kultur  parkean Egunkaria-rekin  zerikusia  zuten  beste  hainbat  enpresatako  bederatzi  lagun  atxilotu  zituen  Guardia  Zibilak,  berriro  inkomunikatu,  berriro  galdekatu  -oraingoan  torturarik  gabe-,  berriro  miaketak,  berriro  ordenagailu  ugari  eta  milaka  agiri  eraman. 
Handik  hilabete  eta  erdira,  Guardia  Zibilaren  patrolak  berriro  Martin  Ugalde  parkeko  sarreran  ziren:  Del  Olmoren  aginduz, Egunkaria-ren  egoitza  zena  berriro  miatu  zuten,  epailea  bera  bertan  zela,  eta  berriro  agiri  ugari  eraman  zituzten. 
Helburua  argia  zen:  jatorrizko  susmoa  zena  egiaztatzeko  frogak  eta  zantzuak  atzematea:  hau  da,Egunkaria-k  eta  bere  inguruko  enpresek  ETAren  dirua  jasotzen  zutela,  edo,  bestela,  ETAren  dirua  zuritzen  zutela. 
Baina  urteak  joan  dira,  eta  zantzu  bakar  bat  ere  ez  dute  topatu,  pezeta  edo  euro  bakar  baten  mugimenduen  zantzurik  txikiena  ere  ez,  ez  ETAra,  ez  ETAtik. 
Aurkitu  nahi  zituzten  zantzu  edo  frogak  beharrean,  baina,  auzitegi  arrunten  eremukoak  diren  ustezko  irregulartasunak  atzeman  zituzten  ikerlariek:  izatekotan,  sorreratik  arazoak  dituen  enpresa  defizitario  batek  iraun  ahal  izateko  egindakoak  diruditen  irregulartasunak,  Ogasunarekin,  diru  laguntzekin  eta  kontabilitatearekin  zerikusia  duten  gorabeherak. 
Eta  horiek  guztiak  ikertzeko,  sumario  bereizi  bat  zabaldu  zuen  epaileak,  baina  Auzitegi  Nazionalean  ikertzekoa,  ustezko  irregulartasun  arrunt  horiek  guztiak  ETAren  mesederako  egin  zituztelakoan.  2003ko  udazkenetik,  beraz,  bi  sumario  izan  ditu Egunkaria auziak:  jatorrizko  sumarioa,  ETArekiko  lotura  ikertzen  duena,  eta  sumario  ekonomikoa,  ustezko  irregulartasun  ekonomikoak  ikertzen  dituena. 
Ikerketaren  porrota 
Sei  urte  eta  hamar  hilabete  joan  dira Egunkaria itxi  zutenetik,  eta  lehengoan  gaude.  1990  eta  1993  arteko  agiria  zaharrak  baino  ez  dituzte,  eta  Guardia  Zibilaren  Informazio  Zerbitzuetako  ikerlariek  paper  horiei  buruz  eta Egunkaria-ri  buruz  egindako  interpretazioak,  Del  Olmo  epaileak  hitzez  hitz  bere  egindakoak. 
ETAren  eta Egunkaria-ren  arteko  ustezko  harremanaren  zantzurik  txikiena  ere  ez  dute  atzeman,  eta  bestelako  loturak  egiteari  ekin  zioten  ikerlariek,  horretarako  arrazoibiderik  bitxienak  eta  harrigarrienak  baliatu  behar  izan  badituzte  ere. 
Adibidez:  ETAk  ezker  abertzalearen  proiektuetarako  «ENAMeko  jarraitzaileen  kapital  ekarpenak»  jasotzea  proposatzen  omen  zuenez,  eta Egunkaria-k  «hain  zuzen  ere  herri  kuestazioa  erabiltzen  duenez»,  euskarazko  egunerokoa  «ETAren  funtsekin»  finantzatu  zela  ondoriozta  daitekeela,  «zati  batean  bederen»; Egunkaria-k  sorrerako  kanpainan  eta  ondorengo  kapital  hedatzean  lortutako  591  milioi  pezetak  akzionista  txikien  ekarpenekin  lortzea  ez  omen  denez  sinesgarria,  «diru  horren  benetako  jatorria  ezkutatzeko  prozedura»  izan  daitekeela  dirua  biltzeko  modu  hori; Egunkaria-k  Euskal  Herriari  buruz  zuen  ikuspegi  nazionalak  «ETAk  Euskal  Herritzat  daukanarekin  erabateko  adostasuna»  duela;  Martin  Ugalde  parkea  sortuta  ETAren  helburuak  bultzatu  zituela Egunkaria-k,  erakunde  armatuak  «euskararen  sostengurako  sarea  ehuntzea»  proposatzen  baitu,  eta  kultur  parkea  «euskararen  alde  lan  egiten  duten  enpresak  biltzeko  sortua  baita»; Egunkaria-ren  11  oinarri  aldarrikatuetako  bat  militante  izaera  dela  eta  ETAk  ere  «militante  kontzeptua»  erabiltzen  duela  bere  egituretan. 
Ez  dira  asmakizunak:  instrukzio  epaileak  urteotan  plazaratu  dituen  auto  ugarietan  datoz  argudio  horiek,  eta  gehiago. 
Fiskalak,  atzera 
2006ko  abendura  arte  Fiskaltzaren  sostenguarekin  aritu  ziren  Del  Olmo  eta  Guardia  Zibila.  Baina  2006ko  abenduaren  14an,  akusazioak  frogarik  ez  zuela  aitortu  zuen  Angel  Carballo  fiskalak  Zigor  Salari  aurkeztutako  idatzian:  «Egunkaria ETAren  helburuak  betetzeko  tresna  izan  dela  islatzen  duen  agiri  bakar  bat  ez  da  atzeman».  Eta  aurrerago:  «[Egin  beharreko]  Galdera  nabarmena  da:Egunkaria ez  bada  finantza  iturri,  ezta  terrorismotik  datozen  diruak  zuritzeko  tresna  ere,  etaEgunkaria-k ETAren  terrorismoari  sostengua  ematen  ez  badio,  ez  zuzenean  ez  zeharka,  indarkeria  sustatzen  edo  legitimatzen  ez  badu,  zertan  laguntzen  dio  edo  lagundu  zion Egunkaria-ren  jardunak  ETAren  helburuei?». 
Eta  galderaren  ondoren,  ondorioa:  «Egunkaria ETA  finantzatzeko  edo  haren  diruak  zuritzeko  erabilia  izan  dela  egiaztatu  ez  denez;  ikusita Egunkaria eta  auzipetuak  ez  direla  ETA  erakunde  terroristaren  helburuen  alde  aritu;  ikusita  auzipetuek  ez  dituztela  legitimatu  ekintza  terroristak  (…);  ikusita  auzipetuek  terrorismoarekin  kolaboratzeko  inolako  laguntza  zehatz  eta  orokorrik  ez  dutela  eman,  bidegabea  da  ahozko  epaiketa  irekitzea.  Ondorioz  (…),  behin-behinean  auzia  ixtearen  alde  dago  fiskala». 
Handik  bi  urte  eta  erdira,  gainera,  behin  betiko  ixteko  eskatu  zuen  fiskalak. 
Epaiketa,  hala  ere 
Epaiketa  egiteko  arrazoirik  ez  zegoen,  beraz,  ez  defentsaren  ikuspegitik  ezta  akusazio  publikoaren  ikuspegitik  ere.  AVT  eta  Dignidad  y  Justicia  akusazioak  bakarrik  gelditzen  ziren.  Guardia  Zibilaren  tesien  defendatzaile  bakar  bihurtu  dira. 
Fiskalaren  jarrera  aldaketaren  ondoren,  epaiketa  ez  egiteko  beste  arrazoi  bat  ere  bazegoen:  herri  akusazioa  baino  ez  zuen  auziak.  Auzitegi  Nazionalak  ezarritako  aurrekarien  arabera,  herri  akusazioarekin  bakarrik  ahozko  epaiketa  ez  zegoela  egiterik  argudiatu  zuen  defentsak,  besteak  beste  Auzitegi  Nazionalak Botin  auzi ezagunean  horixe  erabaki  zuenez. 
Baina  epaimahaiak,  orduan  Manuela  Fernandez  Pradok,  Nicolas  Povedak  eta  Ramon  Saez  Valcarcelek  osatua,  epaiketa  egin  egitea  erabaki  zuen,  bi  orrialdeko  auto  laburrean,  2007ko  maiatzean.  Eta  aurtengo  uztailaren  30ean,  berretsi  egin  zuen  erabakia  epaiketa  egingo  duen  epaimahaiak  berak:  Javier  Gomez  Bermudez,  Manuela  Fernandez  Prado  eta  Ramon  Saez  Valcarcel  magistratuek  osatzen  dute. 
Akusatuen  aulkian 
2009ko  abenduaren  15ean  hasiko  da  epaiketa.  Akusatuen  aulkian  bost  gizon  eseriko  dira:  Joan  Mari  Torrealdai, Egunkaria-ko  Administrazio  Kontseiluko  presidentea, Jakin aldizkariko  zuzendaria,  euskaltzain  osoa;  Iñaki  Uria, Egunkaria-ko  kontseilari  ordezkaria,  Hamaika  telebistako  zuzendari  nagusia;  Txema  Auzmendi, Egunkaria-ko  Administrazio  Kontseiluko  idazkaria,  urteetan  Herri  Irratian  jarduna,  jesulaguna;  Martxelo  Otamendi, Egunkaria-ko  zuzendaria,  BERRIAko  zuzendaria;  eta  Xabier  Oleaga, Egunkaria-ko  erredaktoreburu  bi  urtez,  Ikastolen  Elkarteko  komunikazio  aholkularia.  Hamalauna  urteko  espetxe  zigorra  eskatu  dute  akusazioek  bostentzat,  ETAko  kide  direla  leporatuta.
2003ko  otsailaren  20an  atxilotu  zituzten  beste  bost  lagunak  kargurik  gabe  auzitik  kanpo  daude.  Inma  Gomila,  Fermin  Lazkano  eta  Luis  Goia  zena  -2006ko  irailean  hil  zen-  ez  zituzten  auzipetu.  Xabier  Alegria  eta  Pello  Zubiria  auzipetuta  egin  dituzte  sei  urtetik  gora,  baina  joan  den  uztailean  haien  auzipetzea  bertan  behera  utzi  zuen  epaimahaiak,  Alegria  kargu  berengatik  epaitu  dutelako  jada  18/98  auzian,  eta  Zubiria,  aldiz,  bere  aurkako  akusazioa  iraungita  dagoelako  dagoeneko. 
Orain  epaituko  dituzten  bost  lagunetatik  hiru,  Torrealdai,  Uria  eta  Auzmendi,  berriro  ere  epaituko  dituzte  gero,  auzi  ekonomikoan:  bakoitzari  26  urte  eta  4  hilabeteko  espetxe  zigorra,  eta  32  milioi  eurotik  gorako  isuna  ezartzeko  eskatu  dute  AVTk  eta  Dignidad  y  Justicia. 
Horiekin  batera  epaituko  dituzte  Joxe  Mari  Sors  (zigor  eskaera  bera),  Ainhoa  Albisu  (eskaera  bera),  Mikel  Sorozabal  (21  urte  eta  9  hilabete,  27  milioi  euro),  Begoña  Zubelzu  (17  urte  eta  2  hilabete,  21  milioi  euro)  eta  Fernando  Furundarena  (13  urte  eta  3  hilabete,  21  milioi  euro). 
‘Egunkaria’ ixteko inolako oinarririk ez zegoela erakutsi du zortzi urteko auzibideak
2009, abenduak 8
    
Iruzkinik ez »
No comments yet.
RSS feed for comments on this post. 
	 | TrackBack URI 
  
  

 


