Oleaga: “Erabateko absoluzioa ez den zerbait erabat bidegabea izango da kasu honetan”

2009, abenduak 9

Testua: Olatz Mitxelena Argazkiak: Iñaki Berrio (Oarsoaldeko Hitza-ren ON aldizkaria). Kartzelatik irten zenez geroztik astelehenero egiten duen antzera, epaitegitik pasatu eta sinatu ondoren erantzun ditu Xabier Oleagak (Erandio, 1956) ONek luzatu dizkion galderak. Egunkaria auziko auzipetua da. Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketa abenduaren 15ean hasiko dela eta, auzipetuen mezua zabaldu du.

oleaga2.jpg

Zer espero duzue auzipetuek epaiketaz?

Lehenik eta behin, Egunkaria auzia sekula existitu behar ez zuen kasua dela esan behar da. Bigarrenik, erantzun soziala eta instituzionala ikusita, zein fiskalaren jokabideari erreparatuta, kasu honek itxita egon behar zuen aspaldian. Eta sei urte luzeren ondoren, erabaki dute, hala ere, epaiketara eramatea. Guk jada zigorra ordaindu dugu. Akusatuen aulkiko zigorra sei urtekoa dugu dagoeneko eta, hala ere, azkenean, epaiketa edukiko dugu. Beraz, edozein gauza espero dugu epaiketa honetatik. Edozer dela ere, erabateko absoluzioa ez den zerbait bidegabea izango da kasu honetan, nabarmenki bidegabea, aurretik esan dudan guztiarengatik.

Askotan aipatu da bultzada politiko argia duen kasua dela ‘Egunkaria’-koa. Egoera politikoak, nola eragin dezake zuen kontrako epaiketan?

Egoera politikoari eta aurrekariei begiratzen badiegu, ez dago baikor izateko zirrikiturik uzten digun zantzu bakar bat ere. Gure kasuan, baikortasunik izatekotan, arlo juridikotik dator. Zergatik? Nik 53 urte ditut eta Audientzia Nazionala ezagutzen dut nire lanarengatik, eta gurea bezalako akusazio-oinarria duten kasuetan, ez dut ezagutzen fiskalak artxibatzea eskatu duen kasu bakar bat ere. Gurea da bakarra. Horregatik diot elementu bereizgarri bakarra arlo juridikoan ikusten dudala. Fiskalak bi une prozesal desberdinetan eskatu du artxibatzea, eta gainera konbikzio handiko artxibatzea eskatu du; lehen aldiz eskatu zuenean, behin-behineko artxibatzea eskatu zuen, eta bigarrenean, lehengo uztailean, artxibatze librea, hau da, artxibatze mailen arteko altuena. Beraz, fiskala kasu honetan akusatzetik, artxibatzea eskatzera pasatu da. Fiskala ikerketa egitearen aldekoa zen, baina instrukzioa bukatu zenean, 2006. urtean, eta kasua epaiketara bidean sartu zenean, fiskalak dio kasua sortu zeneko zantzu berberak daudela, baina probarik bat ere ez dagoela. Hiru urteko ikerketak ez du ezer eman. Horregatik eskatu du fiskalak artxibatzea eta hori da gure kasuan dagoen berezitasuna.

Zure ustez, euskal gizartea nola ari da zuen kontrako auzia bizitzen?

Euskal gizarteak kontzientzia mobilizazio handia agertu du kasua eman zenetik. Gizarte erakundeak, kultura erakundeak, instituzioak, sindikatuak, alderdi politikoak… Gizarteak oro har, beti norabide berean eman du iritzia, eta hori ere bada berezitasuna Egunkaria-ren kasuan.

Epaiketa hastear dela eta, kale mobilizazioak biderkatu dira azken asteotan. Gizarte mobilizazioak nolako garrantzia izan dezake epaiketan?

Erlatibizatu egingo nuke gizarte mobilizazioak halakoetan izan dezaketen eragina. Madril hemendik 500 kilometro ingurura dago, baina, distantzia kulturala eta ideologikoa hori baino askoz ere handiagoa da. Nik uste dut han epaileak nahiko iragazita daudela honelako kasuetan. Han, harkor izaten dira Gortearen inguruan ematen diren mugimenduetara baina gainerako guztiarekiko nahiko iragazita daude. Edonola ere, ez da berdina horrelako kasu batean gizartearen iritzia dagokion tamainan adierazita egotea edo ez egotea. Ez dakit kasurako ona den edo ez, baina euskal gizartearentzako ez litzateke batere ona kontzientzia kritikoa ez azaltzea honelako kasuen aurrean, eta guk nahi duguna da, ahal den neurrian, kontzientzia kritiko hori kasu honetan ere aktibatzea. Seguru asko, sei urte igaro ondoren, falta dira mometu hartan eman ziren elementu emozionalak, baina nik uste dut euskal gizartearen memorian kasuak oinatz handia utzi duela.

Oinatza aipatu duzu. Auzipetuei eta, bereziki zuri, nolako oinatza utzi dizu 2003ko otsailaren 20 hark?

Egunkaria auzia-n eman zen erantzun sozialean, politikoan eta instituzionalean bazegoen «nahikoa da», «aski da» bat. Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zuten; ilegalizazioak borborka zetozen, momentu batean Egunkaria ere itxi zuten, eta horrek leherketa soziala eragin zuen une haietan. Orain ere antzerako zerbait gertatzen da. Eszenategi politikoan ematen ari diren salbuespenezko neurriak ikustea besterik ez dago; salbuespenezkoak edozein estatu demokratikoan, hemen salbuespena ohikoa bilakatu delako. Hori egoera orokorrari dagokionean, eta zehatzago jota, memorian atzera eginez gero aurkitzen dugu bost eguneko inkomunikazioaren oroitzapena, sekula ahaztuko ez duguna. Oso pasarte latzak izan ziren eta, nire kasuan, gero, zortzi hilabeteko kartzelaldia. Azaroaren 3an bete ziren 6 urte kartzelatik atera nintzela, eta hori hor dago, memorian, gure bizitza pertsonalean eta familiarrean egindako zauri sakona.

Eta tortura salaketak artxibatuta.

Ez. Bi kasu daude oraindik artxibatu gabe: bata Martxelo Otamendirena, eta bestea neurea. Europako Giza Eskubideen Auzitegian dago Martxelo Otamendirena, eta nirea Auzitegi Konstituzionalaren esku. Abokatuek babesik eza alegatu zuten, behar bezala eginda ez zeuden froga batzuetan oinarrituta, eta laster jakingo dugu horren erantzuna baita ere.

Orain epaituko dutena sumario nagusia deitzen dutena da; baina badira auzipetu gehiago prozedura laburtua deritzan atalean, ezta?

Paradoxikoa badirudi ere, kartzela zigorrak handiagoak dira prozedura laburtuan bestean baino. Prozedura laburtua ez litzateke Audientzia Nazionalean epaituko, berez atxikitzen zaion akusazioa edo delitoa, delito fiskala delako. Epaitegi arrunt batek epaitu beharko luke. Baina Audientzia Nazionalean kontsideratu dute terrorismoa deitzen duten delitu bati atxikitako delitoa dela, eta horregatik mantendu dute Auzitegi Nazionalean. Sumarioan absoluzioa egongo balitz, ez luke zentzurik izango prozedura laburtua bertan mantentzeak.

Nazioartean zuen kontrako epaiketa jarraitzen duenik egongo da, ziur.

Ari gara zabaltzen. Amnesty Internazionalek bere garaian adierazi zuen kezka; baita Human Rights Watch elkarteak eta Euskal Herrian buru Laura Mitegi duen Munduko Idazleen Elkarteak ere. Nabarmentzekoa da, baita ere, Suitzako Gobernuak eskatu ziola Espainiako Gobernuari, Nazio Batuen Giza Eskubideen arduraduna sar zedila gure kasuaren ikerketan. Aznarren garaian eskatu eta ez zioten eman, eta Zapatero zegoela berriro eskatu zuten. Nahiz eta hau guztia hor egon, zoritxarrez, horren eragina erlatibizatu behar dugu. Ozen salatu behar dugu, azkenengo urteetan Espainiako Gobernuak lan handia egin duela nazioartean euskal gatazkari lotutako edozein kasu mahai gainean izan denean; euskal gatazkaren zigilupean nazioartera doan edozer homogeneizatzeko joera dago, eta ñabardurek ez dute tokirik. Ikusi besterik ez dago, zenbat elementu diferentzial egon diren Egunkaria auzia-n, eta hala ere kosta egiten zaigu naziorteko eragileen aurrean auzia azaltzea. Horretaz gain, Espainiako Gobernuak azkenengo urteetan diru asko sartu du Nazio Batuetan, eta hori eragozpena izaten da halako erakundeek honelako kasuetan neutraltasunez joka dezaten. Hori guztia kontuan izanda, uste dugu erlatibizatu egin behar dugula naziortean lor daitekeena, nahiz eta aktibatzen saiatuko garen baita ere. Baina uste dugu, Euskal Herrian erantzuna zenbat eta handiagoa izan, are eta arreta handiagoa jarriko dutela nazioarteko eragileek, direla eragile politikoak, direla eragile juridikoak, direla mediatikoak…

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>