Joanmari Larrarte (EKTko kontseilari ordezkaria). (Oroiminak, Berria)
Egunkaria-ren itxiera herri oso baten kontra egindako erasoa izan zen. Ez azkena, zoritxarrez, atzetik ere andana jasan dugu eta. Herri oso bati egindako erasoa izan zen, baina batez ere euskara eta euskal kulturgintza kriminalizatzeko ahalegina izan zen. 2003ko otsailaren 20an egin genuen lehen agerralditik esan dugu euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoa izan zela hura, eta urteak aurrera egin ahala, datuak esku artean izan ditugunean, gero eta argiago geratu da halaxe zela.
Euskal Herriak eta euskaldunok egindako lan izugarriak lortu zuen 1990ean euskarazko egunkari bat kioskoan jartzea. Hasiera zaila eta gatazkatsua izan bazen ere, denborarekin alde guztien aitortza lortu zuen Egunkaria-k, batez ere irakurleena, baina baita eragileena ere, publizitaterako tresnatzat hartuta, edo instituzioena beharrezko zituen laguntzak onartuta. Hasieratik aldarrikatu eta landu zuen independentzia hark bere emaitza izan zuen, eta euskaldunok bagenuen bilgune bat, guztiona, denon mundu ikuskera ez izan arren bera.
Euskaldunon bateratzaile den euskara, herri egiten gaituena, eta hura indartzeko itzelezko lana egin duen euskalgintza jarri zituzten beste behin miran, ez bakarrik Egunkaria. Itxiera haren bidez, euskalgintza kriminalizatzeko urrats garrantzitsua abiatu zuten, eta argi erakutsi zuten -lehenago AEK eta beste eragile batzuekin egin zuten bidetik- euskararen gizarte eragileak begiz jota zituztela, eta politikoki komeni zitzaien neurrian, haien kontra joko zutela, herri ekimenak lan handiz eraikitakoa azkar batean hankaz gora botatzeko.
Une honetan konturatu zen euskaltzale asko -tartean euskalgintzako eragile eta langile asko- euskalgintzaren balio eta indarraz, eta, era berean, estatuaren aurrean zuen ahuleziaz. Orduan ikusi zuen askok euskarak zuen pisua eta garrantzia Euskal Herriarentzat, eta horixe zela, eta ez besterik, Egunkaria ixteko arrazoia. Eta ulertu zuen askok Egunkaria-ren kontra jo bazuten, beste edonoren kontra ere jo zezaketela, euskalgintza kriminalizatuz euskararen eta euskararen aldekotasunaren kontra egin nahi zutela. Guztiok ulertu genuen gure herri izaeraren muinean jo zutela.
Euskal herritarren gehiengoak horrela ulertu zuelako, bete ziren Donostiako kaleak Egunkaria aurrera! aldarrikatuz, antolatu zen jendea herriz herri gertaerei aurre egiteko, ekin zion lanari kalean geratutako langileen konpromisoarekin bat eginez egunkari berri bat eratzeko…
Horregatik guztiagatik, Egunkaria-ren kontrako epaiketa euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoa delako, jo dugu berriro kalera, libre nahi dugula esateko, Egunkaria libre, gure ere libre izateko.