Xabier Mendiguren Bereziartu (Kontseiluko idazkari nagusia) (Oroiminak, Berria)
Bagenekien gerta zitekeela, jardunak ginen babesak eraikitzen ere, baina tximista gainera etorri eta haren bristadak itsutu arte ez genuen erabat sinistu. Gogoan dut goiz hartan lanera iritsi baino lehen nola jakin nuen Martin Ugalde Parkean gertatzen ari zenaren berri eta neure burua prestatuz joan nintzen aurkituko nuenari aurre egiteko. Hildakoen beilaldietan bizi izan nuenaren pareko sentsazio bat birgogoratu nuen, baina bazen halakoetan sumatzen ez nuen zerbait: amorru eraduki baten eta bidegabekeria eskerga baten sentipenak.
Hurrengo sentipena, Sisifok harri-bola menditik behera amildu eta berriz eraiki behar zuela sentitzen zuenekoaren parekoa izan zen. Ezin gara zurtuta geratu, zerbait egin behar da, erantzun egin behar zaio: alde batetik, laster jakin genuen langileen erreakzioaren berri eta Egunero argitaratzea erabaki zutela; eta guk, Kontseilua, bestalde, euskal gizarteak, oro har, sentitzen zuen amorruari eta ondoezari bidea ireki beharra sentitu genuen. Seguru asko inoizko manifestazio gutxien prestatua izan zen eta erantzun ugariena jaso zuena. Ordurako bagenekien atxilotuek Madrilen jasandako ordu ilunen berri. Euskaldunon Egunkaria-ren ale zaharrak eskuetan genituela Donostiari gainezka eragin genion, Acebesen zinismoa salatuz eta bakean uzteko eskatuz. Gezurra ari zuen eta euskalgintza bihotzean jo zuten.
Berriro ekin behar zitzaion euskaldunok egunkari bat izateko lanari eta Berria idatzirik zekarren harribola mendi gailurrera jasotzeari ekin genion. Sekula gehiago bertatik ez amiltzea lortzeko asmo sendoarekin.
Izan zen sirena-kanturik harri-bola nondik nora jaso behar zen eta zikintzen saiatu zenik, ez zen dena elkartasuna eta prestutasuna izan. Ez zen kalkulu neurturik ere falta izan, eskuetan ez geneuzkan bermeak eta segurtasunak eskainiz. Tamalez, hori ere bagara.
Prezio garestia ordaindu genuen baina egunean-egunean berriz ere mundura euskal leihoa ireki genuen, eta geure txikian, herri normal bat ginela pixkanaka sinistuz joan ginen.
Hor dago, besoak zabalik, tontorrean, bere txikian haztearekin amets egiten duen eta euskaldun guztiak bere aterpean bildu nahiko lituzkeen Eguna-rena eta Euskaldunon Egunkaria-ren ondorengoa, mende joanaren eta etorri berriaren artean zangalatraka, Internetez ernaritua, gure bizinahiaren lekuko, eskuak mundu guztira hedatuak dituela.
Harri-bola azti-bola bihurtu nahi nuke hasi dugun milurtekoaren erraiak arakatzeko baina ez dut ahalmenik, oraingoz eguneroko berrigintza besterik ez dut begiztatzen euskaldunon egunkari honentzat. Bi nahi: egunkariak egunean-egunean bizi izateko aukera izatea eta Sisifo langabezian uztea.