«Kezkatuta jarraitzen dugu eta orain arteko babesarekin segitu behar dugu»

2009, abenduak 17

ax.jpg

Deklaratzeko unea pasatuta, Egunkaria auziko bost auzpituek hobeto egin dute lo, zama handia kendu dute gainetik. Haien deklarazioa argia, koherentea eta zuzena izan dela uste dute, baina ez daude lasai. Kezkatuta daude. Kezka horren berri eman du Joan Mari Torrealdaik bigarren saioaren amaieran, auzipetu guztien izenean. Saioa amaitu eta hurrengo saiorako jakinarazpena auzitegian bertan jaso ondoren, labur hitz egin du Torrealdaik komunikabideen aurrean, ondoan gainerako lau auzipetuak dituela. «Guk tribunalaren aurrean garbi utzi dugu zein izan den gure proiektua, gu zeren zerbitzuan egon garen: euskararen, euskal kulturaren eta euskal kazetaritzaren alde, eta sekulan ez ETAren zerbitzuan edo ETAren alde. Bost auzipetuek oso argi utzi dugu».

Hala ere, ez daude lasai. «Oso kezkatuta segitzen dugu, zeren eta herri akusazioek segitzen dute haien tesiarekin». Herri akusazioen jarrerari erantsi beharreko beste kezka iturri bat goizeko saioan bertan egiaztatu ahal izan dute. «Gainera, gure begiz ikusi dugu terrorista bihurtu gaituen guardia zibila, gure aurrean esaten gure enpresa guztiak eta gu geu ETAren zerbitzuan izan garela. Horrek kezka handia sortzen digu. Horregatik, orain arte izan dugun babesarekin segitu behar dugu aurrerantzean ere».

Bigarren saioan, atzo, Guardia Zibileko bi kidek -auziko instruktoreak eta idazkariak- lekuko gisa egindako deklarazioa kontuan hartuta antzeko kezka du Iñaki Uriak: «Dauden txosten gehienak guardia zibil hauek egin dituzte. Euskal kulturgintzako 25-30 enpresen atzetik hauek ibili ziren, Egunkaria ixteko hauek eskatu zuten. Gure atxiloketen inguruan deklaratu dute, eta gezur mordoa entzun behar izan dugu». Iñaki Uriak ere egin du Bilbora joateko deia, «auzi honen kontra agertzeko eta Egunkaria libre! aldarrikatzeko datorren larunbatean, hotza egin arren».

Itzulera

Epaiketaren bigarren eguna lehenengoarekin alderatuta ezberdina izan da. Batez ere, burrunba gutxiago izan du. Batetik, komunikabide gutxiagok jarraitu du bertan epaiketa. Bestetik, elkartasunaren eguna auzipetuen deklarazioaren egunean pilatu zenez, gehienbat auzipetuen senideak hurbildu dira auzitegira saioa jarraitzera. Josu Juaristi Gara-ko zuzendaria izan da salbuespenetako bat. Herri akusazioen aldetik, bizpahiru lagun bakarrik sartu dira epaigelara. Daniel Portero bezperan, gauez, saio luzea amaituta, Telemadriden aritu zen, baina atzo ez zen azaldu. Saioa berandu hasi da, eta bi orduan amaitu da, lehen hiru lekukoen deklarazioa entzunda. Saioa amaituta auzipetuek kasu egin diete komunikabideei, eta gehienak senideekin batera hotelera abiatu dira, Euskal Herrira itzultzeko autobusa hartzeko. Ahalik eta azkarren. Bidean bazkaltzeko asmoz.

Martxelo Otamendik, ordea, beste gau bat egingo du Madrilen. Iluntzean hitzaldi batean hartuko du parte, eta gaur goizean prentsa agerraldi batean Carmen Lamarca abokatuarekin batera.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>