Krokodiloak

2009, abenduak 19

Imanol Murua Uria (Berria)

Abenduak 16. Estatua aulkian.

«Akusazioei erantzun nahi diezu?», epaimahaiburuak auzipetuari. «Kafkaren baratzean kukudruluak agertu dira. Nola erantzungo diot fiskalari?», auzipetuak akusatuaren aulkitik. Epaimahaiko hiru magistratuak itzultzailearen hitzen zain gelditu dira. Baina Auzitegiko itzultzaileak auzipetuari begira jarraitzen du, zer esan duen asmatu ezinik. «Kafkaren baratzean kukudruluak agertu dira. Nola erantzungo diot fiskalari?», berriro auzipetuak. «Zer? Zer?», itzultzaileak. «Ku-ku-dru-lu-ak». «¿Cocodrilos?», azkenean. Besapean ekarritako liburua eskaini dio gero auzipetuak epaimahaiari: «Kafkaren Prozesua liburua ere diligentzietan sar dezazun eskatzen dizut, ezin baitut gehiago».

Ez da aste honetan gertatu, baina gerta zitekeen. Pasadizoa 2006ko martxoaren 27koa da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko aktetan jasota dago, 18/98 auzia-ren ahozko epaiketan gertatua baita. Mikel Zuluagak, Joxemi Zumalabe Fundazioa ataleko auzipetuak, Kafkaren baratzeko krokodiloekin hasi zuen tribunalaren aurreko deklarazioa.

Joseph K. berriro akusatuen aulkian eserarazi dute. Bost Joseph K. Eta gauza benetan harrigarriak kontatu dizkiote epaimahaiari, Kafkaren liburuan sartzeko modukoak: dirua galtzeko enpresa bat sortu zutela, zertarako eta aspaldian egunkaririk ere izan ez zuen hizkuntza batean zer eta egunkari bat argitaratzeko; jendeari dirua eskatu ziotela horretarako, akzioak erosteko alegia, akzio horiek inoiz etekinik ez zietela emango ohartarazi zutela, eta jendeak hala ere dirua eman egin zuela, akzioak erosi zituela; eta, harrigarriena, egunkaria independentea izango zela agindu zutela, independentea, bai, eta hala izan zela, sortu zenetik itxi zuten arte. Prozesua liburuko istorio absurdoan sartzeko moduak izan ziren norbere etxera guardia zibilak nola sartu ziren kontatu zutenekoak, edo bost egunez inkomunikatuta zeuzkatela nola tratatu zituzten azaldu zutenekoak, edo auzi honekin zerikusia duten beste hainbat konturi buruzkoak. Kafkaren baratzeko krokodiloak bezain zentzugabea, dena.

Baina lehen ere izugarriak gertatu dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta aste honetan gertatzen hasi dena ere, hotzean begiratuta, izutzekoa da. Epaimahaiko hiru kideek honez gero badakite, fiskalak bezala, auzi honetan inor zigortzeko moduko oinarririk edo frogarik ez dagoela eta, sumarioa ezagutzen dutenez, ahozko epaiketan ere ez dela agertuko akusazioaren tesiak egiaztatzeko moduko ezer berririk.

Hainbeste urte iraun duen auzibideak beste ondoriorik ezin dezake izan, eta ahozko epaiketako lehen bi egunetan gertatu denak horixe bera indartu besterik ez du egin. Akusazio publikoak, Fiskaltzak, bereari eutsi dio eta, auzipetuei eta lekukoei galderak egiteari uko eginez, bere ikuspegian -Estatuko Fiskaltza Nagusiaren ikuspegian ere bai, beraz- epaiak idatzita beharko lukeela adierazten ari da, inori ezer galdetzen ibili beharrik ez daukala dagoeneko, inor zigortzeko arrazoirik ez dagoela jakiteko.

Akusazioaren aurreneko lekukoek, Egunkaria-ren aurkako auzibidea gidatu eta bultzatu duten guardia zibilen arduraduna horien artean, jakin bagenekiena egiaztatu dute: Juan del Olmo epaileak sinatu zuela Egunkaria ixteko agindua, baina Guardia Zibilaren ekimenez itxi zutela, Guardia Zibileko kapitain batek formalki hala eskatuta. Egunkaria-ren eta ETAren arteko loturak? «Nabarmenak, guretzat», erantzun zuen. Eta ezer frogatzen ez duten betiko agiri zaharrak aterako dituzte gero, peritu gisa deklaratzeko txanda iristen zaienean. Baina epaimahaiak dagoeneko iradoki du defentsako abokatuek hainbestetan ohartarazi dutena: auzian parte interesatua denak ezin duela peritu gisa deklaratu.

Epaiketa luzatuko da, lekukoek emango dituzte lekukotzak, perituek emango dituzte azalpenak eta epaimahaiak aztertuko ditu aztertu beharreko agiriak. Baina hemen ez dago besterik. Auzia irizpide juridiko hutsen arabera erabakiko dela ziur jakingo balute, bost auzipetuek lasai egon beharko lukete, auzia irabazita egongo bailitzateke. Epaiak idatzita beharko luke, eta epai horrek hamar letra baino ez lituzke izango: absoluzioa.

Baina hau Espainiako Auzitegi Nazionala da. Bost auzipetuek jasan zituzten torturen berri epaimahaiaren aurrean eman eta hurrengo egunean, atxilotuak inkomunikatuta eduki zituzten guardia zibilek tortura salaketak artxibatuta daudela azaldu zutenean, Zuzenbide Estatuaren arrazoia beraiekin dagoela esaten ari ziren.

Azken batean, Zuzenbide Estatuak duela zazpi urte baimendutako eta babestutako izugarrikeria bati buruzko ahozko epaiketa egiten ari dira Madrilen. Alegia, Egunkaria-ren aurkako auzian Estatua bera dago akusatuen aulkian. Eta Auzitegi Nazionala ez dago Estatua zigortzera ohituta.

Baina partida ez da Madrilgo Genova kaleko epaigelan bakarrik jokatzen. Jokalekuak gehiago dira. Bilbo ere bai, gaur.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>