Eguraldi hotza iragarri dute gaur Euskal Herrian, baina Bilboko kaleetan elkartasunaren beroa nagusituko da. Egunkaria libre! goiburupean, 17:00etan manifestazioa abiatuko da Bilboko Aita Donostia plazatik. Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu gehienek eta gizarte eragile ugarik bat egin dute manifestazioarekin.
Andoni Aizpuruk, ETBn eguraldiaren berri ematen duen kazetariak, hala adierazi zuen atzo: «Bihar [gaur] ez da Bilbon euririk espero. Beraz, hona etortzeko ez da batere arazorik izango». Manifestaziora joateko deia egin zuen Aizpuruk, «oso garrantzitsua delako. Madrilen begira egongo dira, eta jende asko biltzen bagara, gure aletxoa jarri eta presio pixka bat egitea lortuko dugu».
Hedabideetako langileek Bilbon atzo egindako elkarretaratzean esan zituen Aizpuruk hitz horiek. Harekin batera, han egon ziren Jose Luis Lizundia EITBko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, ETBko Aitzol Zubizarreta, Txemi Galarraga, Vanessa Sanchez eta Amaia Urkia, Radio Euskadiko Aintzane Bolinaga eta Pedro G. Larragan, Euskadi Irratiko Goizalde Landabaso, Bizkaia Irratiko Dorleta Alberdi, eta Hamaika telebistako Amaia Nerekan eta Naroa Iturri, besteak beste.
Atxikimendu gehiago
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak manifestazioan egongo dela iragarri du. Haren ustez, Egunkaria itxita «ez diete egunkari edo pertsona zehatz batzuei eraso egin, herri oso baten nortasun eta hizkuntzari baizik».
CCOO Euskadik ere bat egin du gaurko manifestazioarekin. ELA, LAB, ESK, Eilas, EHNE eta Hiruk ere egina zuten deia.
Alderdi politikoei dagokienez, Abertzaleen Batasunak, Hamaikabatek eta Alternatiba Eraikitzen-ek ere atxikimendua adierazi dute. EAJk, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta EBk ere emana dute.
Gazte Abertzaleak erakundeak, berriz, auzi honetan Patxi Lopez lehendakariak izan duen «isiltasuna» salatu du.