Maria Jose Azurmendi (Donostia, 65 urte)
«Helburu jakin batekin etorri naiz: Egunkaria auzikoei laguntzea. Harago ere bai, Euskal Herriaren egoera ez delako onena. Manifestazio honetara zerbait eskatzera etorri gara asko. Pentsatzen dut balioko duela; horregatik etorri naiz, baina ez nago erabat ziur ere. Desengainatuta nago. Espero dut askatuko dituztela, komeni zaigu, baina ez nago ziur».
Txetxo Aurrekoetxea (Erandio, 68 urte)
«Etorri beharra zegoen, gure herria dagoen bezala dagoelako. Independentziaren alde jo behar dugu, eta horren alde egitea da Egunkaria auzia salatzea. Uste dut sententzian ez dutela izango zigorrik, baina nahiko zigor jasan dute orain arte ere. Gisa honetako ekimenek balio dutelakoan nago. Alderdi asko elkartu dira, baina hori arazotxoa ere bada: ez lukete honetarako bakarrik elkartu behar. Horretarako, behintzat, balio du».
Eneko Imaz (Elduain, 39 urte)
«Duda daukat honelako manifestazioak onerako edo txarrerako izaten ote diren, balitekeelako haiek oraindik eta gehiago egoskortzea. Alderdi asko bildu dira, eta ustez onerako izango da. Baina bidean makina bat aukera galdu dira orain arte. Epaiketan beren burua zuritu nahian ari dira, eta, behin honaino iritsita, zigorra izango dela uste dut. Ez dakit zenbaterainokoa, baina ez dituzte hola eta hola kalean utziko».
Iziar Urdanpilleta (Arribe, 55 urte)
«Beharrezkoa da Egunkaria-ri laguntzea orain. Libre behar du. Oso gauza larria izan zen itxi izana. Epaiketa hastea kontu politikoa da, euskara epaitzen aritzearen parekoa. Baina baikorra naiz: libre utziko dituzte. Eta pentsatu nahi dut horretan balio duela gaurko manifestazioak. Hemen, behintzat. Madrilen balio izateko, hara joan beharko dugu!».
Lander Iruin (Donostia, 19 urte)
«Beste behin, kalera atera behar zen. Egunkaria auzikoei babesa eta laguntza eman behar zaie. Oroitzapen oso txarra dut itxieraz, baina uste dut orain epaiketa nahiko ondo aterako dela. Gaurkoa ikusita are eta gehiago. Madrilen ere kontuan hartu beharko dute hainbeste jende batu izana. Aurrerapausoa da alderdi asko batu izana ere. Bada garaia zerbaitetan elkartzeko. Ea beste batzuetan ere hala den».
Bego Larrea (Basauri, 55 urte)
«Esperantza daukat zigorrik ez izateko, baina batek daki zer gertatuko den azkenean. Epaiketa politikoa denez, ez dakit zer gertatuko den. Baina hainbeste jende batzeak balioko du. Hemen egiten denak erantzuna dauka Madrilen. Hemen indarra erakusteak badauka oihartzuna han ere».