Joseba Barriola (antropologian lizentziaduna) (Berria)
«Lo decisivo es que el derecho no albergue la pretensión de agotar el problema».
Giorgio Agamben. ‘Lo que queda de Auschwitz’. Homo sacer III.
Bilboko manifan egon ondoren, Giorgio Agambem-en liburua irakurtzen hasi naiz. Deigarria egin zait. Auschwitz-i buruzko liburuan idatzi zuen Agambem-ek goiko aipamena. Nuremberg-ko epaiketek (zuzenbidea) ez zuten inolaz ere arazoa agortzen (kontzentrazio eremuak). Eta jarraitzen du: «Egiak badu izaera bat ez juridikoa, eta, horregatik, questio facti-a ezin da nahasi questio iuris-arekin». Eta aurrerago: «Errealitatea da, juristek oso ongi dakiten bezala, zuzenbidea ez dagoela azken finean justizia ezartzera zuzendua. Ezta egia ezartzera ere. Bere jomuga, huts-hutsik, epaiketa egitea da, egia edota justizia aparte utzita… Arauaren azken helburua epaiketaren produkzioa da… Epaiketa da berez helburua, eta hori da -esan den bezala- bere misterioa, prozesuaren misterioa. Eta epaiketaren izaera autoerreferentziala honen ondorioetako bat da… zigorra ez dela epaiketaren ondorengoa, zigorra epaiketa bera dela baizik».
Egunkaria-ren epaiketak (absoluzioa ematen bada ere, eta kalteak ordaintzen badira ere, eta epaiketa hau abiarazi zutenak salatuen aulkian jartzen badira ere) ez du arazoa agortzen. Edozein izanik ere epaiketaren emaitza, arazoa ez da agortzen. Juridikoki (helegite posibleak aparte) amaitutzat emango da, agian, baina justiziaren eta egiaren aldetik auzia ez da agortuko. Zigorra ezartzen bazaie akusatuei, horrek berak frogatzen du sistema politiko konstituzional espainolaren hutsunea eta morrontza. Absoluzioa ematen bazaie, ezin da hori pertsona jakin baten edo batzuen errutzat hartu. Sistema bera da horrelako eraso eta hankasartze itzela bideragarri egin duena. Modu batez edo bestez sistema politiko konstituzional espainola dago auzitan epaiketa honetan. Eta horri irtenbide demokratikoa eman arte, auzia ez dago agortua.
Eremu horretan nahi nuke nik jarri eztabaida. Gogoeta pare bat-edo plazaratuko ditut, gure pentsamendu askearen bideak ireki eta sakonduko direlakoan.
1.- Euskararen (hizkuntza komunitatearen eta euskaldunen) indefensioa gaurko sistema politikoan. Gertakizuna gordina izan zen. Epaile batek milaka eta milaka euskaldunen ahalegin pertsonalen emaitza, historiaren lehen eguneroko euskalduna, itxi zuen. Eta pertsona horiek ez dute inolako euskarri juridikorik erabaki horri aurre egiteko. Epaileak, agian, kontsultatuko du barne ministroarekin edota kontseilariren batekin edo auskalo norekin. Egin dezake. Baina ez dago horretara beharturik, ez du zergatik inorekin kontsultatu, ez baitago kontsulta prezeptiboko organorik. Ezer ez. Eta alferrik da Jaurlaritzak kontrako iritzia badu, edo diputazioek, edo udalek. Instituzio politiko guztiek epaile batek baino botere eskasagoa dute. Egunkaria-ren aurkako erasoa ekiditeko ez dira gai.
700.000 euskaldun omen gaude Euskal Herrian. 700.000. Jende horrek ez du, euskararen gaietarako, inolako instituzio politiko legalik. Ez da existitzen hizkuntza komunitate bezala. Aldiz, denok dakigu badirela Colegios de Médicos, Arquitectos, Ingenieros eta nahi den motatakoak, legalki onartuak eta eskumen batzuekin. Euskaldunen hizkuntz komunitateak ez du ezer. Jende horren ahotsa ez da existitzen. Euskararen geroaz, normal den bezala zentzu batean, ardura gutxi duten milioika pertsonak (Konstituzioak espainolatzat hartuek) erabakitzen dute: euskararen lekua, garrantzia, babes edo desbabes moduak… Horiek erabakitzen dituzte Abaltzisketan egin daitekeen politika linguistikoaren muga eta hesi nagusiak.
Euskalduna izatea pertsona izateko modu bat da. Baina ez da derechos humanos famatu horien eskubidea izateko nahikoa. Horretarako, Konstituzioak definitzen duen espainola izan behar. Euskaldunak etorkinen parean gaude, eta ez gara horregatik lotsatzen. Senegaldarra izateak boto emateko eskubidea ematen ez duen bezala, euskalduna izateak ez du boto emateko eskubidea ematen. Subiranotasun espainolei dagokie soilik. Beste aldeko Urepeleko euskaldun-frantses batek ez du eskubiderik Elizondoko euskarari buruzko lege-araudiak zehazteko orduan, baina Bartzelonako katalan-espainolak edo Ciudad Realgo gazteleradun espainolak bai, eta, gainera, gauzarik funtsezkoenetan (Konstituzioan eta lege nagusietan eta konstituzionalaren erabakietan).
2.- Lehenengo puntuan aipatutakoak bidea irekitzen du bigarren gogoetarako: nazioen ukazioa gaurko sistema politikoan. Espainiako batasuna ez da libreki egindakoa, eta ez da libertatean mantentzen eta defendatzen. Konstituzioak berak dio hori: «unidad indisoluble de España», «la soberanía reside en el pueblo español», eta horren berme gisa, batasun hori defendatzea da armadaren egiteko nagusietako bat, Konstituzioan bertan aipatua. Europan sarrarazi gaituzte, NATOn ere bai, egin beharreko aldaketa konstituzionalak egin dira, baina puntu horiek ukiezinak omen dira. Ez dira ukiezinak, eztabaidaezinak baizik. Bai, bai. Tertuliakideek nahi dutenean ahulen aurka irainak eta mehatxuak botatzeko bada, joko kartak aurretik markatuak dituzten itxurazko eztabaidak egin daitezke. Baina serio? Ezta pentsatu ere. Hara zer gertatu zen Ibarretxeren proposamenarekin. Botazio elektronikoa egiteko behar zen denbora soilik iraun zuen eztabaidak.
Egunkaria-k, alabaina, berez, Euskal Herria, euskararen nazioa, zuen abiapuntu. Eta notiziek, txukunago edo zatarrago, Euskararen Nazioaren konformazio askea zuten helburu. Anteoju konstituzionalistek zer ikusi zuten ahalegin honetan? Arazoa ez dago Egunkaria-k egin zuen horretan, anteojuetan baino. Hori konpondu arte, Egunkaria-ren auzia ez dago agortua.
3.- Ordena publikoaren izaera. Egunkaria-ren itxieraren formak, tortura salaketek eta atxilotze garaiko lekukotasunek, epaiketaren luzamenduaren bidegabekeriak, fiskala epaiketa atzera botatzearen alde agertu ondoren epaiketarekin jarraitzea… Agian, dena legala da, baina, orduan, legalitatea da arazoa. Francoren diktaduraren garaiko ordena publikoko indarrak eta epaileak ez ziren mugitu eta ez ukitu. Ederki egin dute, eta badituzte horretarako mekanismo selektiboak, interesen transmisioa eta testamentuaren jarraipena. Dena oso ondo lotua gelditu zen. Eta orain, formazioz, bizipenez, interesez diktadura militarrean heziek, haziek eta lodituek jarraitzen dute demokrazia koldarrean hezten, hazten eta loditzen.