Egunkaria-ren kontrako auziak, Euskal Herrian ez ezik, beste herrialde batzuetan ere piztu du interesa. Martxelo Otamendi auzipetuak datorren astean egingo duen bira da horren seinale, kasu: Herrialde Katalanetan eta Madrilen izango da hiru hitzaldi eta beste hainbeste mahaingurutan. Horretaz gain, Kataluniako Parlamentuko taldeek Egunkaria auzia aztertuko dute asteartean.
Gaur zortzi, gainera, Madrilen Egunkaria-ren aldeko jaia egingo dute: hitzaldiaz gain, bazkaria, kontzertuak…
Ostiralean ere eman zuen hitzaldia Otamendi kazetako zuzendari ohiak Euskal Herritik kanpo: Zaragozan (Espainia), Carmen Lamarca abokatuarekin eta Ricardo Vazquez Prada idazlearekin batera.
Egunkariaren Aldeko Kultur Elkarteko kide bat Irlandan izango da urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra bitartean auziari buruzko hitzaldiak ematen.
Datorren asteko egitaraua
Astelehena, Reusen (Herrialde Katalanak). Martxelo Otamendik hitzaldia emango du CGT sindikatuaren egoitzan, 20:00etan.
Asteartea, Valentzia (Herrialde Katalanak). Martxelo Otamendiren hitzaldia, Urriaren 1a zentroan, 19:30ean. Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak antolatuta.
Asteazkena, Bartzelona. Martxelo Otamendi, Vicent Partal, Antonio Franco, Rita Marzoa, Ignasi Riera, Albert Martinez, Eva Fernandez eta Feliu Venturaren mahaingurua. CCCB kultur gunean, 19:00etan.
Osteguna, Palma (Herrialde Katalanak). Martxelo Otamendiren hitzaldia. Can Alcover kultur etxean, 19:30ean.
Ostirala, Girona (Herrialde Katalanak). Martxelo Otamendi, August Gil Matamala, Gemma Calvet eta David Fernandezen mahaingurua. Kultur etxean, 20:00etan.
Larunbata, Madril. Martxelo Otamendi, Mariano Ferrer, Carmen Lamarca eta Isaac Rosaren mahaingurua. Lope de Vega bigarren hezkuntzako ikastegian, 12:00etan. Egunkaria-ren aldeko jaia: bazkaria 14:30ean, eta kontzertuak eta antzerkiak 17:00etan, Meson del Patio Maravillasen.
Horretaz gain, gaur Hernanin (Gipuzkoa) Egunkaria-ren materiala salgai jarriko dute bertako herritarrek, 11:30etik aurrera Gudarien plazan. Asteazkenean Iñaki Uria eta Txema Auzmendi auzipetuek hitzaldia emango dute Hernanin bertan (Biteri Kultur Etxea, 19:30).
Hilaren 25ean (astelehena) segituko du Egunkaria-ren aurkako epaiketak, beste lekuko batzuen deklarazioarekin. Epaimahaiak hil honetako 27an irakurri nahi ditu ondorioak. Orduan bukatuko litzateke epaiketa, eta epaiaren zain geratuko lirateke.