ETArekin lotura izatea ukatu, Egunkaria-n aritu izanaz harro agertu, eta halako auzien aurrean hausnartu beharra plazaratu dute bost epaituek azken hitza hartu dutenean.
Iñaki Uria
«Sekula ez naiz ETAkoa izan, ETAk ez zuen Egunkaria-n esku hartzerik izan eta errugabe gara. Hori bai, harro nago Egunkaria-ren sorreran eta zuzendaritzan parte hartu izanaz», esan du Uriak. Gainerako auzipetuak, «kalean geratu ziren langileak eta Egunkaria sortzeko dirua jarri zuten akziodunez» ere harro dagoela esan du. «Ausartak izan ginen. Gobernua ere euskarazko egunkari bat kaleratzen ausartu ez zenean guk egin genuen, adierazpen askatasunaren eta euskararen alde». Baina lan guztia gainbehera botatzeko «helburuak ETAren berak zirela esatea» nahikoa dela ohartarazi du, «hausnarketa» egiteko eskatzeko. «Demokraziaren oinarrietakoa den adierazpen askatasuna horrela mozteak» zer pentsatu eman behar lukeela uste du.
Txema Auzmendi
«Fikziozko nobela honetan» akusazioek izandako jarrera nabarmendu du. «Oraindik AVT eta Dignidad y Justiciakoek egia baztertuta akusazio horiek egiten jarraitzeak bere giza balioa oso pobrea dela erakusten du». Absoluzioa eskatu du sekula ez dela ETAkoa izan eta bere zerbitzura ez dela aritu esanda.
Xabier Oleaga
«Nire herriko kultura suspertzeko lan egitearen errudun naiz. Baina horrek ez nau bihurtzen ez ETAkoa ez haren laguntzaile». Azken zazpi urteotan bizitakoa dagoeneko ezin dela ezabatu ohartarazi du, eta Egunkaria auzia «euskal gizartearen memoria kolektiboan eraso gisa» idatzia geratuko dela. Zigor epaia saihestu dezakeela esan dio epaimahaiari, baina, agian, «beste auzi batzutara hedatzeko» zigorra nahiago dutela.
Martxelo Otamendi
«Euskarazko egunkaria zuzentzearen errudun naiz», esan du. Kargurako hautatu zutenei zein lankideei eskerrak eman, eta akusatuen aulkian daudenekin urteak partekatzea «ohorea» izan dela esan du. Ez dela sekula ETAkoa izan azaldu du, eta Egunkaria ez dela haren menpe aritu. «Gure hizkuntzaren garapenaren alde egitea da egin dugun bakarra». Eta, beste ohar bat ere egin du: «Inori ezin zaio egotzi berak jakin gabe ETAkoa izatea».
Joan Mari Torrealdai
«Argi geratu da letra gizonak garela eta ez arma gizonak». Euskarak zuen gabezia bete izana «ohorea» izan dela dio, eta «euskal kulturaren alde» egitea besterik ez dutela egin. «ETAtik haratago badago bizitza. Zorionez, ez da dena ETA eta horren adibide da Egunkaria». ETA euskal kulturaren alor guztietan dagoela esatea «interesatua» dela uste du. Eta, zazpi urteotan «errugabetasuna frogatzen» egon beharra «gogorra» egin zaiola esan du: «Epairik gabe zigortu gaituzte». Aurrerantzean lasai bizitzen uzteko eskatu du.