Susmoak, aieruak eta fikziozko nobelak

2010, otsailak 8

Pello Urzelai (Berria). «Nola da posible logikarik gabeko interpretazioetan edo logika maltzurrean edo baita balorazio absurdoetan ere oinarritutako kausa bat ahozko epaiketara iritsi izana?». Epaimahaikideek beraiek ere euren gogoetan izan duten galdera hori Iñigo Iruin abokatuak egin zuen joan den astelehenean, epaiketaren azken saioan, ondorioen txandan. Galdera eginda, erantzuna ematen saiatu zen, agerian uzteko bidegabekeria horren atzean zigor prozesuaren eredua eta akusazioaren zigor tipoa daudela, hots, sistema judiziala bera auzitan jartzeko.

Une batez, literaturara, fikziora jo behar izan zuen Iñigo Iruin abokatuak Egunkaria auzia ahozko epaiketara nolatan iritsi den azaltzeko orduan. Konspirazio bat argumentutzat daukan nobela bat ekarri zuen gogora: Dan Brownen Da Vinci Code (Da Vinci Kodea). «Dan Brownen liburuan Eliza ustez nahasturik egongo bazen Jesu Kristoren benetako historia ezkutatzeko konspirazio batean, akusatuak ETAk zuzendutako konspirazio batean nahasturik egongo ziren Egunkaria-ren benetako historia ezkutatzeko, ETAren proiektu bat izatearena. Eta instruktoreak bere egin du fikziozko nobela hori». Atxiloketen, Egunkaria-ren itxieraren eta akusazioen oinarri izan den fikziozko nobela.

«Klabe, atzemandako dokumentu, interpretazio interesatu, espekulazio, uste eta euskal errealitatearen ardatzen desitxuratzeen bidez, Guardia Zibilak dio ETAk planifikatu eta zuzenduko zuela euskarazko lehen egunkariaren sorrera». Guardia Zibilak hainbat txostenetan osatutako kontakizun hori, azkenean, «epaile instruktorearen Da Vinci kode» bihurtu zen, Iruinen ustez.

Epailea auzipetuen etsai

Baina prozesu osoan izandako akatsak askoz gehiago izan dira. Ikerketaren hastapenetik hasita. Helburua zehaztu gabe hasi zen ikerketa, eta denborarekin akusatuen kontrako inkisizio prozesu bihurtu zen, defentsa abokatuaren aburuz. Are gehiago, «ikergaia ez da gertaera zehatz bat, baizik eta fenomeno kultural eta sozial bat». Eta, gainera, «Guardia Zibilak ezkutatu du edo ezjakintasunez alde batera utzi du edozein motatako erreferentzia historiko, funtsezkoa dena ikuspegi konspiratibo, erredukzionista eta interesatuari aurre egiteko».

Epaiketan bertan argi gelditu denez, Guardia Zibilaren eta epaile instruktorearen zereginak alderantzikatu dira. Guardia Zibilak berak eskatu zuen Egunkaria ixteko, komandante instruktoreak berak galdeketan onartu zuenez. Ez hori bakarrik. Guardia Zibilak interpretatzen ditu auzipetuen deklarazioak, baita epailearen aurrean egindakoak ere. Auzipetze autoan jasotzen diren inputazio indibidualizatuak Guardia Zibilak egindako txostenetik hartuak dira, hitzez hitz.

Zigor prozesuaren izaera erabat desitxuratu da Egunkaria auzia-n, Iñigo Iruinek egindako alegatuan nabarmendu zuenez. «Epailea akusatuaren etsai bihurtzen da eta ez du bilatzen gertaeraren egia, baizik eta bakarrik inputatuaren delitua. Ez dira delituak ikertzen, baizik eta pertsonak. Ez dira ekintzak ikertzen, baizik eta jarrerak».

Tortura

Jakina, zentzugabekeria epaiketara iristeko beste gakoetako bat atxiloketaren berme formalen hutsunea eta tratu txar eta torturen salaketaren inguruan epaile instruktoreak izandako pasibotasuna izan dira. Atxiloaldian gertatukoaz jabetzeko alarma guztiak piztuta zeuden: auzitegiko medikuaren aurrean egindako salaketak, atxilotu guztiek antzerako praktikak salatu izana, deklarazio polizialaren aurretik egindako galdeketen salaketa, epailearen aurrean berretsitako salaketak… Baina epaile instruktoreak ez zuen ezer egin. Del Olmo epaileak ez zuen ezer egin, egunero atxilotuak jasaten ari ziren tratuaren berri jaso arren auzitegiko medikuaren txostenen eta telefonozko deien bidez. Iruinek nabarmendu zuenez, habeas corpus-en legea erabili ahal izan zuen Del Olmok, polizia egoitzan aurkezteko edo atxilotuak epaile aurrera eramanarazteko. Baina ez zuen hala egin. Beraz, prozeduraren berme formalen balioa ezerezean gelditu zen.

Beste auzi batzuetan bezala, kasu honetan inteligentzia txosten perizialak delakoak sumarioaren ardatz nagusia dira. Iruinen ustez, balorazioen gainean eraikita daude, ahalezko eta baldintzazko adizkiz beteta. Horrez gain, guardia zibilen perituen errefusatzea eskatu zela gogoratu zuen Iruinek, ez polizia funtzionarioak zirelako, baizik eta ikerketan nahasturik zeudelako, leporatze borondate argiarekin. «Itxiera eta klausura eskatu zuten. Ageriko interesa zuten kausan», nabarmendu zuen.

Beste nobela bat

Egunkaria-ren kasuan gertatutako burugabekeriaz ohartarazteko, beste fikziozko nobela baterako argumentua jarri zuen Iruinek epaimahaiaren aurrean, hitzaldiaren amaieran.

Euskara batuaren H hizkiaren sartzea ETAren erabakia izan zela argudiatu duenik badagoela jakin berri du Iñigo Iruin abokatuak epaiketak iraun duen denboran, euskaltzain baten ahotik. Horretaz Joan Mari Torrealdairi galdetuta, honek Vicente Latiegik eta Dionisio Oñatibiak idatzitako Euskaltzaindia, el batua y la muerte del euskera liburuaren berri eman zion, non esaten den, besteak beste, euskara batua «ETAko erbesteratuek» asmatutakoa dela, «helburu iraultzaileekin». H-aren hautua ETAri egozteko euskarria grezieraz H-ari «eta» deitzen zaiola zen.

«Noski, ETAk ez zuen erabaki euskara batuan H-a sartzea, baina eztabaida hura gaur egun izango balitz, Dan Brownek beste fikziozko nobela bat idatzi ahal izango zukeen eta Guardia Zibilak gatazka linguistikoa Auzitegi Nazionalean amaitzea lortuko zukeen. Eta, ETAk H-a onartzea erabaki ez zuen bezala, ez zuen Egunkaria-ren sorrera erabaki eta planifikatu».

Dena den, azken mezua egindako kalteaz ohartarazteko izan zen: pertsona agurgarri eta aitortuak inkriminatzea, gizarte ekimen bat desegitea, euskal kulturaren tresna garrantzitsu bat suntsitzea, aniztasun komunikatiboa murriztea, kalte ekonomiko larria, zuzenbide estatuaren pitzadura sakona… «Gehiegizko txikizioa espero dugun absoluzio epaiak guztiz ase uzteko hura pairatu zutenak».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>