Dataren datua

2010, otsailak 8

Pello Urzelai (Berria). Guardia Zibilaren txostenen kontakizuna susmo, aieruzko uste eta asmakizunetan oinarritzen dela ilustratzeko adibide argienetakoa da Xabier Oleaga Egunkaria-n lanean hasi zeneko urteari buruzko afera. Guardia Zibilak 2002an egindako txosten batean, ez zuten zalantzan jarri Oleaga 1995ean sartu zela Egunkaria-n, eta ontzat jo zuten Gizarte Segurantzaren informazioa. Baina 2003ko urtarrilean, operazioa baino hiru aste lehenago, zalantzan hasten dira jartzen, esanez ez zela izango harritzekoa 1993an Martxelo Otamendirekin batera sartzea. Zergatik? ETArekin loturaren bat egiteko helduleku bakarra Garikoitzen 1993ko agiri batean jasotzen den Oleagari buruzko aipamena delako. «Guardia Zibilari sartze datak huts egiten dio silogismoa osatzeko. Data ez badator bat Garikoitzen dokumentuekin, alferrikakoa da dokumentu horiek interpretatzea», Iruinen aburuz. ETAren erabakiaren ondoriotzat jotzeko, Guardia Zibilak Xabier Oleaga 1993an sartzea behar zuen, bizitza laboralaren dokumentuak 1995ean izan zela esan arren.

Nola eutsi tesiari? Polizi deklarazioan horren aitorpena lortuz. Xabier Oleagak epaiketan bertan deklaratu zuenez, tortura saioen ondoren, polizi deklarazioan 1993ko urtea esatera behartu zuten. Izan ere, Oleagaren deklarazioa puntu horretara bakarrik mugatzen da.

Epaiketan, frogatu ahal izan da Xabier Oleaga ez zela 1993ko martxoan sartu Egunkaria-n, baizik eta 1995ean. Epailearen aurreko deklarazioan nahastuta agertu bazen, erreferentzia kontestual argiak eman zituen, eta horien artean, Imanol Muruaren hutsunea betetzeko sartu zela. Imanol Muruaren, Martxelo Otamendiren eta Iñaki Zabaletaren deklarazioek berretsitakoa. Horiei izaera objektiboa duten beste bi froga gehitu behar zaizkie: bizitza laboralaren agiria eta 1993ko abenduaren 1ean Ertzaintzaren miaketa batean Egin-eko egoitzan hartutako argazki batean agertzea.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>