‘Egunkaria libre!’ aldarrikatu du gehiengo sindikalak Bilbon

2010, otsailak 12

dd.jpg

Gaur gehiengo sindikalak erakutsi die babesa Egunkaria-ko auzipetuei, sei sindikatutako buruzagiek auzipetuekin batera Egunkaria libre! zioen pankartari eutsita. ELA, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILASeko ordezkariek elkarretaratze bateratua eginda eman diete sostengua epaituei.

Bilboko Arriaga plazan eguerdian egindako kontzentrazioan sindikatu horietako ordezkari ugarik parte hartu dute, buruak Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi auzipetuekin lehen lerroan zirela. ELAko Adolfo Muñozek, LABeko Ainhoa Etxaidek, EHNEko Iñaki Lasarobasterrek, ESK-ko Josu Balmasedak eta Hiruko Patxi Agirrek parte hartu dute, besteak beste, protestan.

Sindikatuetako ordezkariez gain, beste hainbat arlotako kideek egin dute bat Egunkaria-ren aldeko aldarrikapenarekin. Elkarretaratzean izan dira, esaterako, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Josu Murgia Aralarreko batzarkidea eta Jonathan Martinez Alternatibakoa. Xabier Lapitz kazetaria, Lutxo Egia eta Sonia Gonzalez idazleak, zein Patxi Uribarren euskaltzaina ere izan dira bertan. Baita AEK-ko ordezkaritza zabala ere, Edurne Brouard buru zutela. Iñigo Santxo abokatuak ere parte hartu du protestan, besteak beste, dozenaka herritarrekin batera.

Eskerrak eta eskaerak

Ordu laurden inguruko elkarretaratze isilaren ondoren, Iñaki Uriak hartu du hitza, auzipetu guztien izenean. Esker oneko hitzak izan ditu bertaratutako guztientzat, eta, bereziki, gehiengo sindikala osatzen dutenentzat. Egunkaria-ren aurkako erasoari aurre egiteko, duela zazpi urte hasi eta gaur ere egiten ari diren lan handia eskertu die.

«Gehiengo sindikal hau oso garrantzitsua izan zen Egunkaria itxi eta berehala emandako erantzun hartan, Donostiako manifestazio erraldoi hartan. Oso garrantzitsua izan zen Euskal Herri osoan egin zen ordu laurdeneko grebaren ondoren Bilboko Casilla beteta erakutsi zenuten adore eta berotasuna». Uriak berak horri guztiari kartzelatik kasu egin ziola gogoratu du, preso baitzuten Egunkaria auzia dela-eta. «Baina iritsi zitzaigun berotasun hori».

Orain ere, auzipetuak epaiaren zain daudenean, bai sindikatuen bai herritarren lana oso garrantzitsua dela ohartarazi du. Izan ere, Uriaren esanetan epaiketa bera «ondo» joan den arren, epaia zertan geratuko den ezin da jakin. «Badakizue Auzitegi Nazionalean zein esperientzia daukagun eta epaiak haiei komeni zaizkienak izaten direla».

Gainera, auzi ekonomikoaren epaiketa oraindik egitear dela gogoratu du, eta oraindik «adi eta erne» egoteko eskatu. «Eta, gurekin bezala, atzetik datozen antzeko epaiketen aurrean ere adi egoteko deia» egin zuen, Udalbiltzaren aurkakoa aipatuta.

Otsailaren 1ean izan zen Egunkaria-ren aurkako epaiketaren azken saioa, eta epaiaren zain gelditu da. Fiskaltzak eta defentsak absoluzioa eskatu zuten bortz auzipetuentzako, eta Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte bitarteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>