Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Egunkaria itxi zuenetik bihar zazpi urte betetzen direla oroitu dute gaur Andoainen (Gipuzkoa); hain zuzen ere, Egunkaria egiten zen Martin Ugalde Kultur parkean. Itxiera, atxiloketa eta tratu txarretatik zazpi urte igaro dira, baina ekitaldira bildutakoek gogoan izan dutenez, auzia ez da amaitu. Epaiketa egin berri da eta epaiaren zain dira bost auzipetuak. Hain zuzen ere, absoluzioa dela epai onargarri bakarra nabarmendu duteekitaldian zehar hitza hartu duten hainbat lagunek, eta hori ere ez dela aski, Pedro Miguel Etxenike zientzilari entzutetsuak adierazi duenez, ez delako nahikoa “egindako min ikaragarria” ordaintzeko.
Euskal gizarteko hainbat arlotan ezagun diren lagunek parte hartu dute ekitaldian: Igor Zalakain Arzak jatetxeko ikerketa arloko kidea sukaldarien izenean mintzatu da; Ramon Labaien Donostiako alkate eta Jaurlaritzako sailburu ohi eta euskaltzaleak ere hartu du hitza. Haren ondotik, Maialen Lujanbio txapeldunak bota du bertsoa bertsolarien izenean. Mikel Astarloza txirrindularia mintzatu da kirolarien ordezkari gisa; Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia aritu da euskalgintzaren eledun; Maddalen Iriarte kazetarien izenean; Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori kantatu du musikarien ordezkaritzan; Pedro Miguel Etxenike zientzialariak Egunkaria-ren babes taldekoen izenean jardun du, Aizpea Goenagak aktoreen ordezkari eta Uxue Alberdik idazleen izenean.
Alderdi politikoetako zenbait ordezkari ere izan dira ekitaldian: ezker abertzaleko Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta Iñigo Olabarri, EAko Oskar Usetxi eta Maider Karrere, Ezker Batuko Mikel Arana eta Antton Karrera, Hamaikabateko Xabier Huizi eta Alternatibako Ander Rodriguez. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere han izan dira.
Torrealdai: “Amets historikoa birrindu nahi izan dute, amets historikoa baitzen ‘Egunkaria’-k gauzatu zuena”
Ondoren, Joan Mari Torrealdaik hartu du hitza auzipetuen izenean, eta epaiaren zain daudela gogoratu du lehenik eta behin. Areago, esan du bazutela itxaropena absoluzioa zazpigarren urteurrena baino lehen jasotzeko, eta, ondorioz, itxiera data errugabetzearen ospakizun bihurtzeko.
Baina ez da halakorik gertatu, eta horrenbestez, itxieraren urteurrenaren data hain justu horixe gogoratzeko erabili du Torrealdaik: duela zazpi urte Euskaldunon Egunkaria itxi egin zutela. “Itxi egin zuten kazeta. Itxi eta likidarazi egin zituzten Egunkaria-ren enpresak, hauetako ondasun guztiak. 150 lagun kalera bota zituzten, milaka irakurle euskarazko egunkaririk gabe utzi zituzten, hornitzaile eta bezero andana kaltetu zuten.”, agertu du. “Egunkaria ixtea instrukzio fasean harturiko erabakia da. Ulertezina. Susmo eta delitu aztarnengatik, omen. Frogarik gabe, eta epaiketarik gabe, ziur”.
Gainera, Torrealdairen arabera, Egunkaria ez zen egunkari hutsa, “euskaltzaleen amets historiko bat baizik”, eta horrenbestez, Egunkaria-ren itxierak amets eta nahi horien kontra egin zuen zuzenean, gizarte ekimenean oinarritutako euskararen sustapenaren aurka. “Egunkaria-ren aurka ez dute jo ETArekin harremana zuelako. Aurretik landuta zeukaten tesi poliziala egokitu diote Egunkaria-ri. Euskararen promozioa jasangarria da instituzioetatik egiten denean, baina iniziatiba sozialeko denean, orduan ETAren manupekoa da. Egunkaria-n polizia sartu aurrekoa da tesi hau, eta Egunkaria-rentzat bezala beste askorentzat berdin balio duena, giro politiko egokia lagun”, esan du. Kazeta hura itxita, “amets historikoa birrindu” nahi izan zutela uste du, baina argi dauka hori ez zutela lortu. “Amets historikoa aurrera doa”.
Horregatik, absoluzioa guztiz garrantzitsua dela azpimarratu du Torrealdaik, auzipetuen ikuspuntutik espetxetik libratuko lituzkeelako, baina, bereziki, euskalgintzaren ikuspuntutik “tesi polizialaren aurka euskalgintzako proiektuei legitimitatea aitortu eta bermatzea” litzatekeelako.
Gogoan izan ditu Guardia Zibilak auzian nahaspilatu zituen eta gaur egun hilda dauden Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta Luis Goia ere. Polizia operazioarekin euskarazko egunerokoa sortzeak eragindako “ilusio, neke eta ahaleginak kolpe batean desegin” nahi izan zituztela salatu du, eta ez lau lagun horiek eta ez beste inork ez zutela horrelakorik merezi.